Iazko etenaren ostean, Zumaiatik Lekeitiorako bidea egingo dute aurten parte hartzaileek, ekainaren 28tik uztailaren 4ra. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da topaketen helburua. Horretarako, besteak beste, euskarari buruzko tailerrak emango dizkiete gazteei UEMAk eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak.
Udalerri euskaldunetako 15 eta 18 urte arteko gazteentzat dira topaketa hauek, eta sekula baino gazte gehiagok eman du izena aurten. Zehazki, 54 herritako 164 lagunek. Plaza kopurua mugatua zenez, ordea, lurraldetasuna, generoa, herri kopurua eta gainerakoak kontuan hartuta zozketa egin behar izan da, eta lekua lortu duten 50 gazteek Zumaiatik Lekeitiorako bidea egingo dute astelehenetik aurrera, aste osoan zehar. Begirale izateko, berriz, 132 lagunek eman dute izena. Kasu horretan, sei begirale aukeratu dira, bi sukaldarirekin eta praktiketako beste bi begiralerekin batera.
Hizkuntza ekologia eta gazteen kontzientziazioa, eremu ez-formalean
Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko helburuarekin sortu zituen UEMAk udalerri euskaldunetako gazteen topaketak, duela bost urte. Izan ere, herritarrak kontzientziatzeko ildoaren baitan, eskoletarako Hedatu hezkuntza proiektua abian du UEMAk, baina hezkuntza araututik kanpo aisialdian eragitea ere garrantzitsua dela iritzita, udalerri euskaldunetako gazteak elkartzeko eta sentsibilizatzeko ekimena antolatzea ere erabaki zuen.
Horren baitan, aurtengo ekimen ibiltarian, egunez egun eta herriz herri udalerri euskaldunei, euskararen arnasguneei eta hizkuntza ekologiari buruzko hainbat tailer izango dituzte gazteek, zeharkatuko dituzten herrietako kultura eta nortasuna ezagutzeko saioekin batera.
UEMAko teknikari Jokin Uranga da topaketen arduraduna, eta iaz Covid-19ak eragindako etenaren ondoren, ilusio handiz aritu da azken hilabeteotan topaketen inguruko guztia prestatzen. Urangaren hitzetan, “ohi bezala, euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko”. Horretarako, aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitaraua osatu dute, eta gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatzeko saioak ere izango dituzte, UEMAren eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren eskutik.
Egitarau erakargarria, aisialdia, natura, kultura eta kontzientziazio saioak uztartuta
Udalerri Euskaldunetako Gazteen Topaketan parte hartuko duten gazteek “esperientzia ahaztezina izan dezaten”, hurrengo egunotarako ekitaldi oparoa prestatu du UEMAk. Astelehenean 08:30ean egingo zaie harrera gazteei, Zumaiako Amaia plazan, eta ezagutza jolasen ondoren, batetik besterako bideari, bisitei eta ibilaldiei ekingo diote. Zehazki, aste osoan zehar hamaika ibilbide eta ekimen ezagutuko dituzte, Jokin Urangaren hitzetan: “Gure herrietako ibilbideak eta kultura ezagutzeko irteerak, auzolanari buruzko saioak, afalosteko gaubelak, jolasak eta kontzertuak, bertso-afariak, balore zehatzak lantzeko tailerrak, eta ondo pasatzeko hainbat ekimen prestatu ditugu, aurreko urteetan bezala gazteek ahalik eta ondoen pasatu dezaten, eta euskararen inguruan kontzientziatu daitezen”.
Hizkuntza ekologia, arnasguneen egoera, hizkuntza eskubideak eta euskararen egoera soziolinguistikoa zer den ere azalduko zaie gazteei, horretarako propio prestatutako saioen bidez. Astelehenean bertan, esaterako, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekarekin tailerra izango dute, 19:00etan, Itziarren. Asteartean, berriz, Ondarroara helduko dira gazteak, eta UEMAko Goizane Arana teknikariarekin euskararen arnasguneei buruzko saioa izango dute, 19:00etan. Aranaren hitzetan, “jolas moduan, udalerri euskaldunei, arnasguneei, euskalkiei edota egoera soziolinguistikoari buruzko galderak erantzunaraziko dizkiegu gazteei. Saioaren helburua, azken batean, udalerri euskaldunen garrantzia ikusaraztea eta euskararen erabileran zer-nolako faktoreek eragiten duten erakustea da, horren inguruan hausnartu dezaten eta kontzientzia har dezaten”.
Erakundeen arteko lankidetza
Topaketak UEMAk antolatzen baditu ere, beste zenbait erakunde publikoaren lankidetza eta laguntza ere badu. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, urteak daramatza topaketa hauek babesten. Aurreko urteetan topaketen aurkezpenean Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak nabarmendu izan duenez, “udalerri euskaldunek eta euskararen arnasguneek normalizazio prozesuan berebiziko garrantzia dute, eta baita udalerri hauek zaintzeko berariazko hizkuntza politikak ere. Ildo horretan UEMAk egiten duen lana eta soziolinguistika edukiak gazteen artean zabaltzea giltzarria da”, eta hor kokatu izan du Eusko Jaurlaritzaren eta UEMAren arteko lankidetza.
Lankidetza horren baitan, udaleku hauek duten garrantzia ere nabarmenduizan du, batez ere gazteen ahalduntzean eta kontzientziazioan eragiteko, hizkuntza ohituretan ere eragin nahian. “Etorkizuna iraunkorra izateko ezinbestekoa da erabilera trinkotzea. Udalerri euskaldunek eta arnasguneek berezibiko garrantzia dute horretan. Eta zer esanik ez bertan bizi diren gazteek. Horiek eragile aktibo bihurtzea oso garrantzitsua da erabilerari eusteko, eta hori da udaleku hauekin lortu nahi dena”.
Eusko Jaurlaritzaren babesaz gain, Zumaia, Itziar, Deba, Ondarroa eta Lekeition udaletatik eta bateko eta besteko eragileen aldetik jasotako laguntza ere gogoratu nahi izan du Jokin Urangak: “Ezagutzaren eta erabileraren arteko koska leuntzeko, ezinbestekoa da kontzientziazioa. Argi ikusten dute hori guztiek eta, beraz, baita topaketak hauek antolatzeko behar dugun laguntza eskaini ere. Topaketak zeharkatzen dituen herrietan batez ere, baina baita gazteak parte hartzera animatu daitezen udalen baliabideak erabiliz laguntza eman duten beste udal askotan ere. Aurten, zehazki, 54 herritako gazteek eman dute izena, eta hori udal askok eta eskola askok egindako lanaren emaitza da, dudarik gabe”.
Bideoa: orain arteko topaketen irudiekin eta parte hartzaileetako batzuen laguntzarekin egindako bideoa, aurtengo topaketetarako deialdia eginez.