Iturria: Legorretako Udala.
Euskararen presentzia, erabilera eta hizkuntza kudeaketa egokia aitortzeko Eusko Jaurlaritzak banatzen duen Bikain ziurtagiria lortu dute Legorretako eta Amezketako udalek. Ziurtagirien banaketa ekitaldia udazkenean egin ohi den arren, Eusko Jaurlaritzak udalei egun hauetan jakinarazi die ziurtagiria lortu dutela. Hiru maila ditu Bikain ziurtagiriak, eta maila gorenekoa eskuratu dute Legorretako eta Amezketako udalek: urrezkoa.
Ziurtagiria lortu duten bi udalak, Legorretakoa eta Amezketakoa, UEMAko kideak dira. Legorretako Udalak zabaldu duenez, gainera, UEMAko kide izatea giltzarria izan da ziurtagiria eskuratzeko: “Legorretako Udala 2016an sartu zen UEMAn, eta pauso hori giltzarria izan da Bikain ziurtagiria lortzeko, haren bidez euskara normalizatzeko plana eta bestelako neurriak hartu baititu udalak. Horrekin batera, nabarmentzekoa da udal langileek urteetan egin duten ahalegina euskararen erabilera normalizatzeko. Horren guztiaren aitortza da urrezko Bikain ziurtagiria”.
Ohi bezala, ebaluatzaileek bi esparru hartu dituzte kontuan: zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza. Herritarrei ematen zaien zerbitzuak euskaraz aritzeko aukera zer neurritan bermatzen duen aztertu dute lehenengoan, erakundearen irudian euskarak duen lekuarekin batera. Bigarrenean, berriz, udal barneko jardueretan eta kudeaketan nolako lekua daukan euskarak.
Legorretako Udalak zabaldu duenez, “ebaluatzaileek nabarmendu dute Legorretako Udala herriko eragileekin batera lanean ari dela euskara normalizatzeko, eta udalaren beraren jarduna eredugarri dela bide horretan”.
UEMAko kide diren udalak, urtez urte Bikain ziurtagiria lortzen
Iaz bi udalek udalek jaso zuten ziurtagiria, Bergarak eta Markina-Xemeinek eta biak ziren UEMAko kideak. Duela bi urte, berriz, bost udalek jaso zuten Urrezko Bikain ziurtagiria, eta orduan ere bostak ziren UEMAko kideak: Aizarnazabal, Aduna, Dima, Mutriku eta Segura. Duela hiru urte ere, UEMAko beste 9 udalek jaso zuten ziurtagiria: Ajangiz, Anoeta, Aulesti, Ikaztegieta, Itsasondo, Irura, Tolosa, Otxandio eta Zestoako udalek.
Ziurtagiria eskuratu ahal izateko, erakundeak ebaluazioa egin eta gainditu behar izaten du. Ebaluazioak egiten Bikain Ebaluatzaileen Klubeko ehun lagunetik gora aritu izan dira (2-4 ebaluazio-talde bakoitzeko), “bakoitzak duen onena erakundearen esku utziz, euskararen kudeaketa, presentzia eta erabileran hobetzen laguntzeko”. Guztira, Bikain ebaluazio klubean 750 pertsona daude, sektore eta lan alor askotarikoak. UEMAko kide diren eta ziurtagiria jaso zuten bi udalek, zehazki, prozesu horretan eta egin beharreko lanetan UEMAren laguntza izan dute aurten ere.
UEMAko gainerako udalei dagokienez, horietako askok betetzen dituzte Bikain ziurtagiria lortzeko zehazten diren baldintzak, baina horiek denak batera ebaluatzeko eta bideratzeko zailtasunengatik, urtero batzuk soilik hautatzen dira ziurtagiria jasotzeko, beti ere udalerri euskaldunetako udalen aitzindaritza erakusteko asmoz.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Urrezko Bikain ziurtagiria lortu du Legorretako Udalak (legorreta.eus, 2021-06-18).