Hasiera » Zehaztu gabe » ‘Ongi etorri euskararen herrira!’ kanpaina abiarazi dute Urola Kostan, uda garaiko turismo eskaintzan euskara eta euskal nortasuna aintzat hartzeko

‘Ongi etorri euskararen herrira!’ kanpaina abiarazi dute Urola Kostan, uda garaiko turismo eskaintzan euskara eta euskal nortasuna aintzat hartzeko

Aia, Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaiako udaletako turismo eta euskara zerbitzuek sustatu dute kanpaina, Urola Kostako Udal Elkartearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. UEMArekin lankidetzan garatu dute edukia, eta UEMAren Bertatik Bertara kanpainarekin bat eginez, eskualdeko tabernetan eta jatetxeetan zabaltzeko 150.000 mahai-gaineko gehiago banatuko dituzte, edukia eta irudia apur bat moldatuta (UEMAk beste 300.000 banatuko ditu, kanpainarekin bat egin duten udaletan).

[Atzo aurkeztu zuten kanpaina, Zarautzen egindako agerraldian].

Iturria: Urola Kostako Udal Elkartea.

Atzo goizean Zarautzen aurkeztu zuten “Ongi Etorri Euskararen Herrira!” udari begirako kanpaina berritzailea. Eskualdeko bost udalerrietako turismo eta euskara zerbitzuek sustatuta, Urola Kostako Udal Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean sortutako ekimena da. UEMArekin lankidetzan garatu da.

Aurkezpenean izan ziren Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria, Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaria eta Xabier Euzkitze eta Pili Manterola eskualdeko herritarrak, udaletako eta UEMAko ordezkariekin batera.

“Ongi Etorri Euskararen Herrira!” lelo hartuta, euskara eta euskal nortasuna izango ditu ardatz Urola Kosta eskualdeko aurtengo uda garaiko turismo-eskaintzak. Euskara partekatu nahi da bisitariekin, herri euskaldun batean egotearen esperientziaz goza dezaten.

Lankidetzan, ibilbide oparoa aurretik

Ibilbidea luzea egin da ekimena gizarteratu aurretik. Egitasmoa iazko nazioarteko Fitur azokan aurkeztu bazen ere, ziurgabetasun egoera zela eta, aurtengo uda denboraldiarekin batera abiatuko da kanpaina. Urteetan, erakundeen eta euskara eta turismo sailen arteko elkarlanaren bidetik, Urola Kosta eskualdea bezalako gune turistiko euskaldunek euskararen biziraupenean duten garrantziaz jabetuta landu da kanpaina.

Hiru helburu nagusi izango ditu ekimenak:

  • Gure kultura-ondarearen elementu bereizgarri gisa, bisitariei euskara ezagutaraztea.
  • Sormen eta esperientzia-kanpainaren bidez, bisitariarekin euskaraz elkarreraginean aritzea.
  • Turismo sektoreko eragileen (kanpotarrekin harreman zuzena dutelako) eta herritarren inplikazioaren bidez, euskarazko harremanak areagotzea.

Turismoan euskarari dagokion balioa emanez

Europako hizkuntza bizi zaharrena da euskara. Zalantzarik gabe, eskualdeko harribitxietako bat. Eta, aldi berean, Urola Kosta eskualdea helmuga turistiko erakargarria da bisitari eta turistentzat.

Horrela, turismoan euskarari dagokion balioa emanez, turismo eskaintzari balio erantsia eman nahi izan zaio. Horrelaxe adierazi zuen Salsamendik: “Sinesten dugu gurera datozenei gure izaera eta nortasuna bera ikusaraztea dela eskaintzeko dugun balio-erantsirik benetakoena. Bisitariei herri euskalduna garela erakutsi eta euskara ezagutzeko aukera emango zaie; euskara partekatu nahi da bisitariekin. Eskualde euskaldun batean egotearen esperientziaz goza dezaten. Horretarako, euskara dugu gure harremanen ardatz; euskaraz biziz, eta euskara biziz”.

Izan ere, bisitariei euskara ezagutarazteaz gain, eskualdeko herritarrei begira ere egingo da lan. Euskaldun gisara ahaldundu eta euskarazko harremanak areagotzeko abagune bikaina ere izango da proiektua bertakoentzat. 

Sentsibilizazioa, proiektuaren oinarri

Bereziki jorratu nahi izan da turismo sektoreko eragileekiko sentsibilizazioa lana. Iaz herriz herri, 11 formazio saio antolatu ziren; kanpaina aurkeztearekin batera, udalerri euskaldunen garrantzia azpimarratzeko eta  zerbitzua euskaraz eskaintzearen garrantziaz ohartarazteko. Baita kanpainarekin bat egiteko gomendioak luzatzeko ere.

Egoerak egoera, ordea, aurrez aurreko formazio saioen ordez udan zehar tantaz tanta zabalduko diren 8 bideo-pilula osatu dira. Bideoen bitartez, kanpotarrekin bizi ohi diren egoera errealak errepresentatuko dira. Eta modu didaktiko batean, egoera horietan euskarak presentzia gehiago izan dezan, zenbait adituren eta eskualdeko herritar ezagunen hitzak ere tartekatuko dira. “Funtsean, kortesiaren bidetik, kanpotarrak guregana erakarri eta euskara zabaltzeko erremintak eskainiko dira” azaldu du Salsamendik.

Udazkenera arte, Urola Kosta euskararen herri

Euskarri guztietan, 5 hizkuntzetan garatu da ONGI ETORRI EUSKARAREN HERRIRA! leloa: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta katalanez. Eta euskarri guztietan, hitz edota esapide laburrak ageri dira hizkuntza guztietan, kanpotarrak zuzen-zuzenean euskararekin hartu-emanetan jar daitezen; modu arin, ludiko eta pedagogiko batean, beti ere.

Eskualdeko bost herrietan zabalduko dira euskarriak: euskararekin batera, eskualdeko turismo-eskaintza oparoaren berri emanez; gastronomia, natura, museo, kirol eta aisialdi eskaintza… Eta herri bakoitzean formatu ezberdinean aurkeztuko dira irudiak: markesinetan, faroletan, hainbat eraikinetan olana forman… Baina denetan eskualdeko gainontzeko herrietako irudiak ere erakutsiko dira. Eskualde mailako proposamena baita egitasmoa; “Urola Kosta euskararen herri egiten duena”.

Asmoa da, kanpainaren bitartez uda osoan zehar euskara lehen lerrora ekartzea. Horretarako, eta UEMAren Bertatik Bertara kanpainarekin bat eginaz, eskualde osorako 150.000 mahai-gaineko aterako dira. Asteburutik aurrera, taberna eta jatetxeetan banatu eta erabiltzeko. Mahai-gainekoan ere, euskarazko agur eta zenbait esapide labur ageri dira beste hizkuntzetara itzulita. Bide batez, duela 3 urte UEMAk eta Urola Kostako Udal Elkarteak argitaratutako poltsiko-hiztegia ere kanpainara egokitu da.

Aldi berean, ostatu-establezimenduetarako propio sortu dira zenbait euskarri; ostatu hartzen dutenek ohiko zerbitzuetarako harremana euskaraz egin dezaten (gosariak, wifi zerbitzuak eta antzerakoak euskaraz nola eskatu erakutsiz). Eta, gainera, neurri ezberdinetako ia 600 pegatina edo binilo prestatu dira: ahalik eta establezimendu gehienek kanpainarekin bat eginez, atxikimendua adierazi eta denen bistara zerbitzua euskaraz eskainiko dela adierazteko.

Datozen egunetan egingo da euskarri guztien hedapena, herriz herri. Hurrengo astean zabalduko dira egitasmoaren spot nagusiak eta uda osoan zehar, udazkenera arte, une oro Urola Kosta euskararen herria dela erakustea izango du xede kanpainak.

Amaitzeko, Iker Goiriak kanpainaren egokitasuna eta garrantzia azpimarratu nahi izan zituen: “Berebizikoa da gure herrira datozen bisitariei euskararen gaineko ikuspegi erakargarri, moderno eta bizia helarazteko” eta Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo-estrategiarekin “erabat lerrokatutako” egitasmoa dela adierazi zuen.

Lourdes Salsamendik dei egin zien “eskualdeko herritar eta merkataritza, ostalaritza nahiz ostatu-establezimendu guztiei kanpainarekin bat egin dezaten, udalerriei eta euskarari arnas emanaz, gurera datozen bisitariei esperientzia bakar, paregabe eta gogoangarri bat eskaintzeko”. Eta argibide gehiagorako, Aiako Kultur Etxea eta Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako turismo bulegoak zabalik daudela gogorarazi zuen.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· ‘Ongi etorri euskararen herrira!’ kanpaina izango da martxan uda honetan (Urola Kostako Hitza, 2021-06-18).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.