Hasiera » Zehaztu gabe » ‘Bertatik bertara’ kanpaina abiaraziko du aurten ere UEMAk udan, zerbitzu sektorean euskara areagotzeko

‘Bertatik bertara’ kanpaina abiaraziko du aurten ere UEMAk udan, zerbitzu sektorean euskara areagotzeko

Ekainaren erdialdetik irailaren erdialdera izango da kanpaina, bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko. Horretarako hainbat baliabide eskainiko ditu UEMAk, eta iaz bezala 300.000 mahai-gaineko inguru banatuko ditu ostalarien artean. Dozenaka udalek eta hainbat garapen agentziak egingo dute bat kanpainarekin, iaz bezala.

Bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi du aurten ere UEMAk Bertatik Bertara kanpainarekin, ekimenean parte hartuko duten udalekin eta garapen agentziekin batera.

Horretarako, bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat baliabide prestatu ditu, eta ekainaren erdialdetik aurrera erabilgarri izango dira guztiak: udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak, sentsibilizazio bideoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia, besteak beste.

Kanpaina benetan eraginkorra izan dadin, dagozkien sektoreetako arduradunak eta langileak trebatzea giltzarria da, eta horretarako ere online saioak prestatu dituzte udaren atarian UEMAk eta udalek.

Azken batean, bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei. Izan ere, jakinarazi zaien moduan, “askotan bertako hizkuntza alde batera uzten dugu, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Ez du zentzurik, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten baitute bisitari asko berariaz etortzen dela udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta entzutea gustukoa dutela”.

Merkatariak eta ostalariak sentsibilizatzeko sortutako bideoan, zehazki, UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak udaberrian landu duten Arnasa Gara kanpainaren baitako Euskara da gure postalik ederrena bideoa erabili dute. Izan ere, gure herriak, gure bazterrak eta gure produktuak nabarmentzen ditugu bisitariak erakartzeko, bertako elikagaiekin eta kulturarekin batera. Askotan, ordea, bertako hizkuntza alde batera uzten dute zerbitzu sektoreko hainbat profesionalek, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Horrek ez duela zentzurik jakinarazten zaie sentsibilizazio saioetan merkatariei eta ostalariei, bisitariek erantzundako galdetegien emaitzak gogoraraziz.

Kanpainaren berri emateko, UEMAko kide diren herrietako merkatariei eta ostalariei helarazi zaie ekimenaren berri. Merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen duen herrietan, posta arruntez jaso dute informazioa 2.000 biztanletik beherako herrietan. 2.000 biztanle baino gehiagoko herrietan, berriz, udalak arduratu dira informazio orriak banatzeaz. Azkenik, merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen ez duen herrietan, informazio orria PDF formatuan jaso dute udalek, egokien ikusten duten moduan zabaltzeko zerbitzu sektorean zein udalen webguneetan eta sare sozialetan.

Eskuorria, gainera, denda, taberna eta jatetxeen ate edo erakusleihoetan itsasteko moduan diseinatu dute, eta euskaraz aritzeko oinarrizko hiztegira ere bideratzen ditu bisitariak, QR kodearekin.

· Bertatik Bertara: zerbitzu sektorera banatutako eskuorria, euskaraz (PDFa).
· Bertatik Bertara: eskuorriaren gaztelerazko bertsioa, online (PDFa).

Era berean, kanpainaren berri emateko spota ere prestatu du UEMAk, bisitariek taberna eta jatetxeetan aurkituko duten mahai-gainekoaren testuarekin.

Espotarekin batera, merkatariei, ostalariei eta zerbitzu sektoreko profesionalei kanpainaren berri emateko sentsibilizazio bideoa ere prestatu dute, Euskara da gure postalik ederrena esketxean oinarrituta.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Euskararen herriaren isla (berria.eus, 2021-09-04).
· Esti Aranburu: “Kartelak euskaraz ikusita, errazagoa da euskarara jotzea” (Bizkaiko Hitza, 2021-09-03).
· Euskararen herriaren isla (Bizkaiko Hitza, 2021-09-03).
· Euskararen herriaren isla (azala eta bi orrialdeko erreportajea, PDFan. Bizkaiko Hitza, 2021-09-03).
· ‘Bertatik bertara’ kanpaina abiatuko du aurtengo udan ere UEMAk, zerbitzu sektorean euskara areagotzeko (Europa Press, 2021-06-16).
· Udan euskerea erabiltearen alde egingo dau ‘Bertatik bertara’ kanpaineak (bizkaie.biz, 2021-06-16).
· Bertatik Bertara kanpaina hasi du UEMAk, turismoan euskara nabarmentzeko (naiz.eus, 2021-06-16).
· Udan euskararen garrantzia ikusarazteko ‘Bertatik Bertara’ kanpaina abiatu du UEMAk (uztarria.eus, 2021-06-16).
· ‘Bertatik bertara’ kanpaina abiatuko du aurtengo udan ere UEMAk
(El Diario Vasco, 2021-06-17).
· “Bertatik bertara”, UEMAren kanpaina turismoan euskara nabarmentzeko (Gara, 2021-06-17).
· ‘Bertatik bertara’ kanpaina jarriko du martxan UEMAk udan
(Noticias de Gipuzkoa, 2021-06-17).
· UEMAren “Bertatik bertara” kanpainaren mahaigainekoak banatuko dira ostalaritza establezimenduetan (villabona.eus, 2021-06-17).
· Udaren atarian, «Bertatik bertara» kanpaina jarri da martxan (aramaio.eus, 2021-06-17).
· Usurbilgo Udalak UEMAren ‘Bertatik Bertara’ kanpainarekin bat egin du (usurbil.eus, 2021-06-17).
· Mahai-gainekoak banatuko dira herriko ostalaritza establezimenduetan (ataria.eus, 2021-06-18).
· Abian da zerbitzuen sektorean euskararen erabilera bultzatzeko kanpaina (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, 2021-06-21).
· Bisitariek gure hizkuntzaz gozatzeko gonbidapena (guaixe.eus, 2021-06-23).
· Turismoa eta euskara eskutik datoz aurten ere Oñatin (oñati.eus, 2021-06-23).
· Bergarako 27 establezimenduk hartuko dute parte UEMAren ‘Bertatik bertara’ kanpainan (bergara.eus, 2021-06-23).
· Bertatik Bertara kanpaina, zerbitzuetan euskara areagotzeko (ataria.eus, 2021-06-24).
· UEMAren ‘Bertatik bertara’ kanpainarekin bat egin du Aramaioko Udalak (goiena.eus, 2021-06-24).
· UEMAren ‘Bertatik Bertara’ kanpaina izan dute hizpide ETBko ‘Eztabaidan’ saioan (ETB, 2021-06-24).
· “Bisitariei gure altxorra den euskara gerturatu nahi diegu” (ataria.eus, 2021-07-02).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.