Hasiera » Zehaztu gabe » Amasa-Villabona eta Zizurkil mankomunitatera gehituta gogoratu du UEMAk 30 urteko ibilbidea

Amasa-Villabona eta Zizurkil mankomunitatera gehituta gogoratu du UEMAk 30 urteko ibilbidea

· Gaur goizean batzar nagusia egin dute udalerri euskaldunetako ehun bat alkatek eta zinegotzik Amasa-Villabonan, eta bi udal berri onartu dituzte UEMAn: Amasa-Villabona eta Zizurkil. UEMAko kide dira gaurtik aurrera.

· UEMAren 30 urteko ibilbidea eta lana gogoratzeko ekitaldi instituzionala egin dute ondoren, eta bertan izan dira euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkari ugari.

· UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok nabarmendu duenez, “erdaren erauntsiari aurre egiteko, euskararen ekosistema osoa elikatuko duen egiturazko neurri sendoak behar ditu euskarak, urte askoan egin dugun bidea eta lana benetan loratu dadin”.

Argazkia: Zizurkilgo Udala.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ohiko batzar nagusia egin du gaur Amasa-Villabonan, eta bertako udalak eta Zizurkilgoak mankomunitatera gehitzeko egindako eskaerak onartu dituzte batzarkideek. Horrela, 90 udal izatera heldu da UEMA. Inoiz baino udal gehiago dira UEMAko kide, eta guztien artean 266.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.

UEMAko kide diren bi udal berrietako alkateek hitza hartu dute batzarraren amaieran, eta hitzekin jolasean, herritarren eta UEMAren ekarpena eskertu ostean, Amasa-Villabona eta Zizurkil euskarak batzen dituela nabarmendu dute. Horrela, urrats berriarekin “gure ametsak egi bilakatzeko bidean jarriko gara. Arnasgune izaten jarraitu nahi dugu”, adierazi dute, Pedro Mari Otañoren Amets bat bertso sortako bertso batekin amaituz.

[Beatriz Unzue eta Iker Urruzola alkateen hitzartzea, osorik, PDFan].

Iker Urruzola eta Beatriz Unzue, Zizurkilgo eta Amasa-Villabonako alkateak, UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanoren alde banatan. Argazkia: Egoitz Bengoetxea.

1991ko maiatzean sortu zen UEMA, hainbat udalek Aizarnazabalgo Udalerri Euskaldunen Egunaren baitan egindako batzarraren ostean. Gaur, 30 urte geroago, batzar nagusia amaitu ondoren, Amasa-Villabonako Gurea antzokian gogoratu dute ordudanik egindako bidea, eta UEMA bide urratzaile eta aitzindari izan dela nabarmendu dute ekitaldian parte hartu duten euskalgintzako zein erakunde publikoetako ordezkariek.

UEMAren lana eskertu dute euskalgintzak eta erakunde publikoek

Kontseilua osatzen duten euskararen gizarte erakundeen izenean, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok zorionak eta eskerrak eman dizkio UEMAri: “Eskerrik asko euskararen normalizazio-prozesuaren bihotza diren hizkuntza-arnasguneak bizirik mantentzeagatik; eskerrik asko arnasgune diren udalerri horietan politika aurrerakoiak sustatzeagatik; eskerrik asko euskaraz biziko den herrian bidea irekitzeagatik. Finean, arnasguneetan bizi ez garen euskaldunontzat, ikusgarri egiten duzue euskaraz normaltasunez bizitzerik badagoela”.

Era berean, “azken egunotan salatzen ari garen bidegabekeria judizialak gogoan”, UEMAk urte askoan pairatutakoak izan ditu gogoan Bilbaok: “UEMArentzat oso ezaguna izan baita azken hamarkadotan botere judizialen eskuhartzea. Hor ere, eskerrik asko tinko eusteagatik, baina batez ere bide berriak irekitzeagatik”.

[Paul Bilbaoren hitzartzea, osorik, PDFan].

Paul Bilbaoren ostean, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendariak hartu dute hitza. Biek ala biek udalerri euskaldunen eta arnasguneen garrantzia, UEMAk egindako ibilbidea eta erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu dute.

Mikel Arregik Nafarroako Gobernuak 2016an UEMArekiko izandako jarrera aldaketa aipatu du: “Aldaketa instituzionala gertatzearekin batera konfluentzia bide batera iritsi ginen, eta hori garrantzitsua da”. Udalerri euskaldunek Nafarroaren euskal komunitateari egiten dioten ekarpena aipatu du bigarrenik: “Euskal komunitatearentzat erreferentziazko herriguneak dira, gure arnasguneak direlako. Horrek ardura berezia eskatzen du instituzioen aldetik”. Azkenik, etorkizunari begirako erronkak aipatu ditu, UEMArekoko elkarlanean sakontzeko beharra nabarmenduz.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendariak UEMArekin elkarlanean egindako lana nabarmendu dute.

Eusko Jaurlaritzaren izenean, Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordea, pozik agertu da ekitaldiarekin: “Benetan pozgarria da gaur hemen ospatzen ari garena. UEMAk 30 urte bete ditu, 90 arnasgune ditugu euskararen normalizazioari ezinbesteko ekarpena egiten, eta erakundeak eta UEMA denak hemen elkarlanean ari gara eraginkorragoak izateko. Beraz, zorionak UEMA osatzen duzuen guztioi”. Udalerrien, teknikarien, arduradun politikoen eta batez ere euskaraz bizitzea posible dela erakusten duten herritarren ekarpena gogoratu du ondoren.

Dobaranen hitzetan, “arnasguneak zaintzea, sendotzea eta zabaltzea da Eusko Jaurlaritzaren helburua, eta hori posible egiteko badaukagu azpiegitura eraginkorra: UEMA. Eta badaukagu lankidetza leial eta sendo bat eraikia Eusko Jaurlaritzaren eta UEMAren artean. Eta hori guztia beharko da arnasguneak sendotzeko eta atzerapausorik ez emateko”.

Euskararen arnasguneek hizkuntzaren biziberritzeari egiten dioten ekarpena aipatu du, hainbat adibide eta erronkarekin osatuta. “Gazteak eleanitzak dira arnasguneetan ere, eta ez dira kontziente, askotan, gure hizkuntzaren normalizazio prozesuan aktibo garrantzitsua direla. Arnasguneetako gazteei eskerrak, hiztun asko eta asko unibertsitateetan euskara erabiltzen hasi eta lehenengo aldiz hasten dira euskaraz bizitzen eskolatik kanpoko esparruetan. Horrexegatik dira ezinbestekoak UEMAk haur eta gazteentzako dituen ekimenak”.

UEMA, “bide-urratzailea eta eredugarria”

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok adierazi duenez, berriz, “udalak euskalduntzen aitzindaria, bide-urratzailea eta eredugarria izan da UEMAren lana eta, zalantzarik gabe, aurrera goaz horretan. Udalak euskalduntzeaz gain, ordea, udalerriak euskalduntzea ere ezinbestekoa denez, horretan ere urrats handiak egin ditugu azken hamar urte hauetan. Herritarren kontzientziazioan eta ahalduntzea oinarrizko zeregina bihurtu dira UEMArentzat. Eskola guztietara heltzen den UEMAren hezkuntza proiektua garatu dugu, edota euskararen arnasguneen garrantzia nabarmentzeko ARNASA GARA kanpaina, bi adibide soilik aipatzearren”.

Lazkanoren hitzetan, “dena, ordea, ez da ospatzeko modukoa. Orain ere ez dira garai onenak euskaraz bizi nahi dugunontzat. UEMA eta UEMAko kide diren udalak eredugarriak eta bide-urratzaileak izan dira euskararen biziberritzean eta herritarren eskubideen defentsan. Baita euskararen inguruan lanean ari diren hainbat gizarte eragile eta erakunde publiko ere.Baina azken asteotan ikusi dugun bezala, baditugu oso kezkatuta egoteko arrazoiak ere. Erdaren erauntsia etenik gabea, sendoa eta egiturazkoa da, aisialdiko eta kultur kontsumoko ohituretan nabaritzen dugun bezala”.

Horrez gain, “UEMAren hastapenetan bezala, gaur egun ere, epaitegietatik ezarri nahi zaigu hizkuntza politika. Gaur hemen gauden asko eta asko, gaur astebete Bilbon ginen, Irungo udaltzainen kasuaren harira epaitegietatik iritsi den sententzia salatzeko. Eta gaur arratsaldean ere Baionan izanen gara, euskarak murgiltzea behar duela eta euskaren alde herri bat dagoela gogorarazteko. Baditugu kezkatuta egoteko arrazoiak”, adierazi du Lazkanok.

Izan ere, “udalerri euskaldunetatik, euskararen lurgunea sendotzea eta UEMA sendotzea dagokigu. Baina gure udalerriei aitortza egiteko eta babesteko neurriak eta legeak behar ditugu. 30 urte eta gero, inguruko erdara nagusiek, epaileen eta botere faktikoen indarrarekin, apal eta bigarren mailako herritar nahi gaituztela kontziente baikara oraindik”.

Amaitzeko, erdaren erauntsia egiturazkoa dela eta horri aurre egiteko euskarak egiturazko erabaki eta neurri sendoak behar dituela adierazi du Iraitz Lazkanok: “Bidegurutzeetan, beti, erabakiak hartzeko garaia da, eta euskararen ekosistema osoa elikatuko duen egiturazko erabakiak behar ditugu orain, urte askoan egin dugun bidea eta lana benetan loratu dadin”.

Euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkaritza

Ekitaldira bildutako euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkari ugari ondoan dituela egin ditu adierazpenok UEMAko lehendakariak. Ondoan izan ditu, besteak beste, udalerri euskaldunetako dozenaka alkate eta zinegotzi, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria, Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakaria, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Berdintasunerako zuzendaria, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusia, Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendaria, Joanmari Larrarte Elkar Fundazioko komunikazio eta kultur arloko arduraduna, Jon Abril Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea, Andone Salbarredi, Eusko Alkartasuneko euskara arduraduna eta Igor Agirre Galtzaundi Euskara Taldeko koordinatzailea, besteak beste.

Bateko eta besteko ordezkariez gain, UEMAren 30 urteko ibilbidean UEMAren lehendakari kargua izan duten gehienak ere izan dira Gurea antzokian: Antton Iztueta, Kontxi Gabantxo, Mikel Illarregi, Jon Bollar eta Maren Belastegi. Gaur egun UEMAren Zuzendaritza Batzordea osatzen duten ordezkari gehienak ere lagun izan ditu Lazkanok oholtzan: Aritz Abaroa (Bermeoko alkatea), Lierni Altuna (Aramaioko alkatea), Aitor Elexpuru (Berako alkatea), Nerea Odriozola (Zestoako zinegotzia) eta Joseba Palenzuela (Mutrikuko alkatea).

Iñaki Arregi eta Karmele Aierbe gogoan

Ekitaldian, UEMAri ekarpen handia egin dioten bi lagun ere gogoan izan dituzte, eta hunkigarria izan da txalo artean haien hurbilekoei lore sortak eman dizkioten unea. “UEMAren sortzaile, bide-urratzaile, koordinatzaile eta arima izan zen Iñaki Arregi” gogoratu du lehenik Lazkanok, UEMAk egindako bidea eta gaur egun duen babesa ikusita, gustura legokeela aipatuz, eta Arregiren alabari lore sorta emanez.

Bestetik, osasun arazoengatik gaur ekitaldian egon ezin izan duen Karmele Aierbe ere gogoan izan du Lazkanok, “UEMAren alde egindako lanagatik, eta Iñaki Arregik bezala Euskal Herri euskaldun baten alde dena emateagatik”. UEMA osatzen duten guztien izenean, “besarkadarik eta muxurik handiena” bidali dio Aierberi, eta hari helarazteko lore sorta jaso du Ataungo alkate Martin Aramendik.

Ekitaldia, osorik, bideoan:

Ekitaldia, argazkitan:

‘UEMA: 30 urte, 90 herri, bidea zabaltzen’ argazki bilduma. Argazkiak: Egoitz Bengoetxea.
Argazkia: Maribi Ugarteburu.
Argazkia: Ataungo Udala.
Argazkia: Egoitz Bengoetxea.

Ekitaldian, UEMAren hastapenak eta 30 urteko ibilbidea laburtzen duen bideoa ere ikusi ahal izan da. Honakoa:
BIDEOA: UEMA, 30 urte eta 90 herri, bidea zabaltzen.

Bideoa: ekitaldiaren inguruko albistea, Tolosaldeko 28 Kanalaren eskutik.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Orotara 90 udalerri batuta, Uemak 30. urteurrena ospatu du (Berria, 2021-05-29).
· «266.000 biztanleko lurgune euskalduna» izatera heldu da UEMA (El Diario Vasco, 2021-05-29).
· Uemako kide berriak dira Amasa-Villabona eta Zizurkil (ataria.eus, 2021-05-29).
· 30 urte lurgune euskalduna osatzen (Noticias de Gipuzkoa, 2021-05-30).
· Euskarak babes juridikoa behar duela azaldu du Uemak (Berria, 2021-05-30).
· 266.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuta gogoratu du UEMAk mankomunitatearen 30 urteko ibilbidea (zuzeu.eus, 2021-05-31).
· 90 udal eta 30 urteko ibilbidea (El Diario Vasco, 2021-05-27).
· UEMA 90 udal izatera helduko da larunbatean eta 30 urteko ibilbidea gogoratuko du Amasa-Villabonan (Europa Press, 2021-05-26).
· UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanori elkarrizketa, UEMAren 30. urteurrenaren eta larunbateko ekitaldiaren harira (Goiena TB, 2021-05-25).
· ‘Gure hizkuntzak har dezan arnas’ (Tolosaldeko Ataria, 2021-05-28).
· Maier Ugartemendia: «Tolosaldea altxor oso garrantzitsua da Uemarentzat» (Tolosaldeko Ataria, 2021-05-28).
· Antton Iztueta: “Euskararen suaren txinparta” (Tolosaldeko Ataria, 2021-05-28).
· UEMA 90 udal izatera helduko da larunbatean eta 30 urteko ibilbidea gogoratuko du Amasa-Villabonan (El Correo, 2021-05-28).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.