UEMAk bat egingo du Kontseiluak larunbat honetan Bilbon deitutako elkarreteratzearekin, eta bertaratzeko deia egiten die UEMAko kide diren 88 udaletako ordezkariei eta herritarrei, udalek eta batez ere udalerri euskaldunek urte askoan hizkuntza politikan hartutako erabakien aurkako eraso argia eta larria delakoan epaia.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak epai larria argitaratu zuen pasa den astean, lanpostu guztietan derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna jasota zuen Irungo udaltzainen lan-deialdia baliogabetzeko, euskara beharrezkoa izatea “diskriminatzailea” dela ebatzita.
UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok adierazi duenez, “udalek eta batez ere udalerri euskaldunek urte askoan hizkuntza politikan hartutako erabakien aurkako eraso argia eta larria da epaia, ia 40 urtez atzera itzularazi nahi gaituena. Horregatik, pasa den astean iragarri genuen UEMAk bat egingo duela epaiari aurre egiteko ekimenekin, eta Kontseiluak antolatutako erantzun bateratua horien baitan kokatzen denez, irmotasun osoz salatuko dugu epaia, auzitegiaren aurrean”. Lazkanoren hitzetan, “zoritxarrez, UEMAk zein UEMAko kide diren udalek ederki ezagutzen dute askotan epaitegietatik ezarri nahi izan den hizkuntza politika, legeak eskubideen gainetik bihurrituz eta erakunde publikoen jarduna mugatuz. Horren aurrean, zalantzarik gabe, udalen eta euskaraz bizitzeko dugun eskubidearen alde bat egingo dugu larunbatean Bilbon, Kontseiluak deitutako elkarretaratzean”. Epaiaren larritasuna ikusita, UEMAko kide diren 88 udaletako ordezkariei eta udalerri horietako herritarrei ere ekimenarekin bat egiteko deia egin die Lazkanok.
Irungo Udalaren aurkako epaiaren larritasunaz ohartuta, euskalgintzaren eta erakunde publikoen erantzun bateratua ezinbestekoa iritzi zion Kontseiluak pasa den astean, eta astelehenean agerraldia egin zuen Bilbon, larunbateko elkarretaratzea eta hurrengo ekimenak iragartzeko. UEMAk ere bat egin zuen asteleheneko agerraldiarekin, eta bertan izan ziren Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria eta Miren Segurola UEMAko koordinatzailea ere.