Hasiera » Zehaztu gabe » Ander Lipus: “Gure hizkuntza galtzen badugu, beste zerbait izango gara, baina ez euskaldunak”.

Ander Lipus: “Gure hizkuntza galtzen badugu, beste zerbait izango gara, baina ez euskaldunak”.

Arnasa gara kanpainaren baitako Mediku bakoitzak bere orrika bideoari buruz aritu zen atzo solasean Ander Lipus (Markina-Xemein, 1971) aktorea, Nagore Arin kazetariarekin, zuzenean, Berria egunkariaren Instagram kontuan.

Aste honetan zabaldutako Mediku bakoitzak bere orrika bideoan, Sambou Diaby, Ainhoa Etxebarria, Mikel Irazusta, Erika Olaizola eta Juanen Saralegi aktoreak dira protagonista. Medikuak eta erizainak dira, eta kirofanoan lanean ageri dira. Orrikak pasatzeko eskatzen du ebakuntza egin behar duenak, eta solasaldi surrealista samarra sortzen da: orrikak zer diren, euskara batuko ala euskalkiren bateko hitza den, eta abar. Umoretik, euskalki bakoitzak bere ekarpena egiten duela eta euskara denen artean osatzen dela adierazten du nolabait Hiru Damatxok ekoitzitako esketxak.

Bideoarekin zabaldu nahi den mezuarekin bat dator Ander Lipus aktorea. Atzo Berria egunkariaren Instagram kanalean egindako zuzeneko elkarrizketan adierazi zuenez, “euskararen aberastasuna erakusten dute euskalkiek; baita eremu zehatz batzuetan soilik errotuta dagoen lexikoa ere. Horiek hizpidera ekartzen ditugun bakoitzean, modu naturalean biziberritzen dugu euskara, eta ingurukoak ere aberasten ditugu, hitz eta esamolde berriekin”.

Euskara bezala, euskalkiak ere arnasguneetan entzuten eta zabaltzen dira modu naturalean, eta horien beharra ere nabarmendu zuen Lipusek. Markina-Xemeinen bizi da, eta kontziente da herriaren egoera soziolinguistikoaz: “Dena euskaraz bizi izan nuen hemen, eta Madrilera joan nintzenean ia ez nekien gazteleraz hitz egiten. Madriletik Bilbora itzultzean, gaztelera dezente entzuten nuen; euskara entzuten nuen bakoitzean, arnas txiki bat bezala zen niretzat». Gaur egun ere antzeko sentsazioa izaten du sorlekuan: “Markina-Xemeinera etortzen naizenean, arnasa hartzen dut; badakit euskaraz erantzungo didatela beti, eta arnasgune horretan bizi naiz”. Gainerakoan, euskaldunok geure herrian bertan batzuetan atzerritar sentitzen garela adierazi zuen.

Arnasa gara kanpainak egin nahi duen bezala, hizkuntzaren inguruko kontzientzia zabaltzearen garrantziaz ere aritu zen Lipus: “Hizkuntzaren inguruko kontzientzia zabaldu behar diegu bai gazteei eta bai umeei. Azkenean, herri moduan bizirauteko dugun tresnarik ederrena baita gure hizkuntza. Hor daude gure berezitasunak, gure imaginarioa, gure ametsak, gure sinboloak, gure ikurrak, gure emozioak. Gure hizkuntzan daude horiek, eta hori galtzen badugu, beste zerbait izango gara, baina ez euskaldunak”.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Ander Lipus antzezleari egingo diote Arnasa Gara kanpainaren seigarren elkarrizketa (berria.eus, 2021-04-27).
· Ander Lipus: «Euskaldunok batzuetan atzerritar sentitzen gara geure herrian» (berria.eus, 2021-04-28).
· Orain arteko bideo eta elkarrizketa guztiak: arnasagara.eus

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.