Hasiera » Zehaztu gabe » UEMAko kide izatea erabaki du Zizurkilgo Udalak

UEMAko kide izatea erabaki du Zizurkilgo Udalak

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea onartu du gaur Zizurkilgo Udalak, udal osoko bilkuran. Gaur egun, 88 udalek osatzen dute UEMA, eta 90. udala izango da Zizurkil, UEMAren batzar nagusiak udalen eskaera berriak onartzen dituenean, Amasa-Villabonak ere UEMAko kide izatea onartu baitzuen martxoko udal osoko bilkuran.

[Zizurkilgo Udalak gaur arratsaldean egin du udal osoko bilkura eta, besteak beste, UEMAko kide izatea onartu du].

Zizurkilgo Udalak gaur arratsaldean egin du apirileko udal osoko bilkura, eta hartu dituen erabakien artean dago UEMAko kide izateko eskaera egitea. EH Bilduren aldeko 5 botorekin, EAJren bi abstentziorekin eta PSE-EEren aurkako botoarekin egin du aurrera erabakiak.

2016an argitaratutako datuen arabera, euskaldunak %72,6 dira Zizurkilen. Oro har euskaraz bizi dira bertan, baina udalerri euskaldun gehienetan bezala beheranzko joera islatzen dute azken urteotako datuek: 2011tik (%76) 2016ra (%72,6), esaterako, 3,4 puntu egin zuen behera euskaldunen indizeak. UEMAko kide izanda, egoera iraultzeko eta euskararen biziberritzeari hizkuntza politika sendo eta bateratuekin ekiteko asmoa adierazi du Zizurkilgo Udalak.

Zizurkil Gipuzkoako udalerria da. Tolosaldea eskualdean dago, eta iaz 3.025 biztanle zituen erroldan. UEMAk maiatzaren 29an egingo du hurrengo batzar nagusia eta, besteak beste, orduan onartuko ditu udal berrien eskaerak. Orduan aztertuko ditu martxoan erabaki bera hartu zuen Amasa-Villabonako Udalaren eskaera eta Zizurkilgo Udalarena. Batzar nagusiak Amasa-Villabona eta Zizurkil UEMAko kide izatea onartzen duenean, Tolosaldeko 28 herrietatik 18 izango dira UEMAko kideak.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Zizurkilgo Udalak UEMAko kide izatea erabaki du (zizurkil.eus, 2021-04-26).
· UEMAko 90. udalerria izango da Zizurkil (naiz.eus, 2021-04-26).
· UEMAko kide izatea erabaki du Zizurkilgo Udalak (ataria.eus, 2021-04-27).

Bideoa: Zizurkil ere UEMAko kide izango da (28kanala, 2021-04-28).



Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.