Hasiera » Zehaztu gabe » Erika Olaizola: “Garrantzitsua da zer elikatzen dugun eta zer-nolako erreferenteak sortzen ditugun, horrek eragin handia baitu gero hizkuntza ohituretan”.

Erika Olaizola: “Garrantzitsua da zer elikatzen dugun eta zer-nolako erreferenteak sortzen ditugun, horrek eragin handia baitu gero hizkuntza ohituretan”.

Arnasa gara kanpainaren baitako Euskararekin ezin galdu bideoari buruz aritu zen atzo solasean Erika Olaizola (Azpeitia, 1989) aktorea, Nagore Arin kazetariarekin, zuzenean, Berria egunkariaren Instagram kontuan.

Aste honetan zabaldutako bideoak, zehazki, udalerri euskaldunenetako zenbait gurasoren kezkak islatzen ditu. Iban Garro eta Juanen Saralegi aktoreak dira protagonista. Parkeko banku batean eserita dauden bi aita dira, eta haurrez ari dira solasean. Zehazki, kezka agertzen dute, haurrak erdaraz nola moldatuko ote diren. Beldur horrek, ordea, ez duela funtsik diote, beraiek ere erdaraz oharkabean ikasi zutela eta haurrek ere ikasiko dutela esanez.

Udalerririk euskaldunenetan, guraso askoren ohiko kezka izaten da haurrak erdaraz nola moldatuko ote diren. Horren beldurrez batzuek gaztelerara ere jotzen dute, haurrak hizkuntza horretan ere trebatu daitezen. Bideoaren mezua da beldur horrek ez duela funtsik, hizkuntza hegemonikoaren erauntsia etenik gabea baita hedabideetan, sare sozialetan eta aisialdiko eskaintzan. Euskararekin ez direla galduko, eta haurrei lasai egiteko euskaraz.

Azpeitian bizi den heinean, antzeko kezkarik ez duela sumatzen aipatu du Olaizolak, baina erdaren erauntsia nabarmena dela sare sozialetan, hedabideetan, ikus-entzunezkoetan eta abar, eta horrek hizkuntza ohituretan eragin handia duela. Beraz, horietan eragin nahi badugu, ezinbestekoa dela katearen osotasuna kontuan hartzea, garrantzitsua dela zer elikatzen dugun ohartzea, eta “engranaje horretan eragitea ezinbestekoa” dela: “Garrantzitsua da zer elikatzen dugun eta zer-nolako erreferenteak sortzen ditugun. Ikusten dugunak eta kontsumitzen dugunak eragin handia baitu hizkuntza ohituretan eta, horregatik, katearen osotasunean eragin behar da. Ez da, zehazki, euskarazko talentudun erreferenterik ez dagoelako”.

Solasaldiaren oinarria: ‘Euskararekin ezin galdu’ bideoa.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Erika Olaizola antzezleari egingo diote ‘Arnasa Gara’ kanpainaren bosgarren elkarrizketa (berria.eus, 2021-04-20).
· Erika Olaizola: “Hizkuntza ohituretan eragin nahi badugu, katearen osotasunean sakondu behar da” (berria.eus, 2021-04-21).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.