Hasiera » Zehaztu gabe » Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdia zabaldu du UEMAk, eta irekita dago lanak aurkezteko epea

Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdia zabaldu du UEMAk, eta irekita dago lanak aurkezteko epea

Iñaki Arregi ikerketa beka sortu zuen UEMAk 2019an, udalerri euskaldunen garapena aztertzeko, ikerketa sustatzeko eta euskal soziolinguistikaren inguruko ezagutza areagotzeko. Orain bigarren deialdiaren oinarriak zabaldu ditu, eta laguntza jaso nahi duten egitasmoek maiatzaren 28ra arteko epea izango dute laginak aurkezteko. Eusko Jaurlaritzaren babesa du bigarren deialdi honek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Kontseiluaren eta UEUren laguntzarekin batera. Bi lan sarituko dira, bakoitza 6.000 eurorekin.

Hainbat eragileren artean azken urteotan egindako jardunaldietan nabarmendu izan den moduan, udalerri euskaldunak garatzea da arnasguneei eusteko modurik eraginkorrena. Ondorio horri tiraka, udalerri euskaldunak garatzeko askotariko moduak ikertu eta landu nahi ditu bigarren deialdi honek, horretarako oinarri izan daitekeen esparruetako batetik abiatuta: demografikoa, sozioekonomikoa, soziokulturala edo sozioekologikoa, besteak beste. Horrerarako, UEMAk, Kontseiluak, Udako Euskal Unibertsitateak, eta Gaindegiak 2018an aurkeztutako Udalerri euskaldunak: prebentziotik garapenera txostena erabiliko dezakete ikertzaileek oinarritzat (hemen eskuragai: labur.eus/txostena).

6.000 euroko bi lan sarituko dira

Bigarren deialdi honetan, 6.000 euroko bi lan sarituko dira. Proposamenak eta lehen laginak aurkezteko epea maiatzaren 28an amaituko da, eta epaimahaiak ekainaren 30ean jakinaraziko du diruz lagundutako ikerlanak zein izango diren. Egun horretatik aurrera, saridunek hamar hilabeteko epea izango dute laginak garatzeko eta ikerlanak aurkezteko. Amaitzean, gutxienez 75 eta gehienez 200 orrialde izan beharko dituzte saritutako lanek.

Beka norbanakoek edota ikerketa egiteko berariaz sortutako lantaldeek jaso ahal izango dute.

Udalerri euskaldunen garapenarekin ez ezik, soziolinguistika edukiak zabaltzearekin eta udalerri euskaldunei buruzko ikerketarekin lotura estua izango du bekak, eta UEMAk antolatuko dituen jardunaldietan ezagutaraziko dira lan saridunen edukiak.

Iñaki Arregiren oroimenezko beka

Iñaki Arregi Ihartza (1953-2010) izan zen UEMAren koordinatzailea, hil zen arte. Euskaltzale sutsua izan zen Arregi, eta Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean ezinbestekoa iruditzen zitzaion UEMAren lana eta lurgunea zabaltzea. UEMAren arima izan zen, sorreratik. UEMAk 2019an erabaki zuen ikerketa beka sortzea eta bekari Arregiren izena ematea, egindako lana eta ekarpena aitortu nahian.

2019ko deialdiaren irabazleak

Lehen deialdian, bi lan saritu zituen epaimahaiak. Batetik, Joseba Garmendiaren lan teorikoa, udalerriak garatzeko estrategien ingurukoa. Bestetik, Enara Eizagirrek, Edurne Urrestarazuk eta Ekhi Zubiriak elkarlanean egindakoa, udalerri euskaldunetara heldutako erdaldunek euskararen inguruan dituzten iritziak eta bizipenak aztertuz.
Hemen bi lanak eskuragai.

· Joseba Garmendia: Tokiko garapen ekonomikorako estrategiak eraikitzeko marko kontzeptuala, arkitektura eta metodologia (PDFan).
· Enara Eizagirre, Edurne Urrestarazu eta Ekhi Zubiria: Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararen inguruko bizipenak eta iritziak (PDFan).


· IÑAKI ARREGI IKERKETA BEKA: Bigarren deialdia. 2021. Oinarriak.

Iñaki Arregi beka, 2021. Oinarriak (PDF).

LANAK AURKEZTEKO ESKAERA ORRIA:
Eskaera-orria (PDF).
Eskaera-orria (doc).

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdia egin du UEMAk, eta laginak maiatzaren 28a arte aurkez daitezke (Europa Press, 2021-04-21).
· Ikerlan bi sarituko ditue II. Iñaki Arregi bekan (bizkaie.biz, 2021-04-22).
· UEMAk Iñaki Arregi bekaren bigarren deialdiaren oinarriak zabaldu ditu (El Correo, 2021-04-22).
· Iñaki Arregi ikerketa bekaren 2. deialdia deitu du UEMAk (unibertsitatea.net, 2021-04-22).
· Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdia zabaldu du UEMAk (anoeta.eus, 2021-04-26).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.