Netflix Euskaraz ekimenak agerraldia egin du gaur eguerdian Durangon, milaka sinadura aurkeztu eta euskarak ikus-entzunezkoetan duen presentziaren inguruko kezka agertzeko, egoera iraultzeko urratsak eskatzearekin batera. Euskalgintzako eta ikus-entzunezko sektoreko hainbat eragileren babesa izan dute ekimenaren sustatzaileek, eta tartean izan da UEMA ere, Iraitz Lazkano lehendakariak eta Miren Segurola kooordinatzaileak ordezkatuta. Beste askoren artean, Kontseiluak, Topaguneak, Euskal Hedabideen Behategiak, HEKIMENek, UEUk edota EHEk ere bat egin dute gaurko agerraldiarekin eta aldarriekin.
“Euskarak bizi gura badu, ikus-entzunezkoen alorrean ere egun daukan baino presentzia handiagoa izan behar du. Gaur egun, bataz beste, hiru-lau ordu ematen ditugu pantailen aurreran; horrek gure hizkuntza ohituretan eta errealitatea ulertzeko moduan eragin zuzena dauka. Ikus-entzunezkoen gaia estrategikoa da herri gisa euskarari bide eman nahi badiogu, eta eztabaidaren erdigunera ekartzea izan da gure asmoa. Kanpotik datorkigun kultura uholde honen aurrean, euskaldunon kontzientziak astintzeko eta ahalduntzeko momentua dela deritzogu”.
Hitz horiekin laburtu dute Netflix Euskaraz ekimeneko ordezkariek gaurko agerraldiaren nondik norakoa eta ekimena abiarazteko, sinadurak biltzeko eta plazara ateratzeko beharra. Orain, “plataformek indar handia hartu dutelako, eta itsaso gero eta zabalago horretan euskararen presentzia gero eta txikiagoa delako”.
Horrela, egoeraren larriaz ohartuta, Netflixi eskaera zehatza egin diote: “Plataforma honen kontsumitzaile potentzial garen hemengo eta hango 800.000 euskal hiztunen beharrizanak ase ditzala. Euskal hiztunok plataformaren ikus-entzunezko eduki guztiak euskaraz jaso nahi ditugu”.
Gaiaren haria gorago heltzen dela ohartuta, ordea, onartzear dagoen Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokor berria ere hizpide izan dute, eta bi eskaera egin dituzte: “Batetik, lege horretan hizkuntza aniztasuna jasota gera dadila. Bestetik, streaming plataformetan Estatuko hizkuntza ofizial guztietan izan beharreko eduki kuotak zehaztu eta bermatu ditzala”.
Horretarako, Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdientzat ere eskaera zehatzak aurkeztu dituzte: “Hori horrela izan dadin alderdiek bere gain har dezatela dagokien erantzukizuna. Lege horrek gure eskubideak jaso behar ditu, eta euskarak gaur egun ez duen lekua izan behar du. Datozen asteetan, Espainiako Kongresuan, alderdi politikoek euskal hiztunen eskubideen defentsan bat egin dezatela eta Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak Lege Orokorrari jarritako alegazioak babestu ditzatela”.
“Ikus-entzunezkoen Euskal Kontseilua behar dugu”.
Amaitzeko, eta egoeraren larriak pauso sendoak ematea eskatzen duela iritzita, Euskal Herriko erakunde publikoen ardura ere izan dute hizpide: “Euskal Herriko erakundeei dagokie gure eskubideak bermatzea eta horretarako tresna egokiak beharko genituzke. Batetik, Euskal Herriko Parlamentuek eskumena daukaten esparruetan, ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia legez arautzea eskatzen dugu. Beste alde batetik, ez daukagu benetako egitura sendorik. Ikus-entzunezkoen Euskal Kontseilua behar dugu, ikus-entzunezkoetan euskal hiztunen eskubideak betetzen direla ziurtatzen duen egiturazko tresna publikoa”.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Euskalgintzako eragileen babesa jaso du Netflix Euskaraz taldeak (berria.eus, 2021-04-17).