Hasiera » Zehaztu gabe » UEMAko kide izatea erabaki du Amasa-Villabonako Udalak

UEMAko kide izatea erabaki du Amasa-Villabonako Udalak

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea onartu du gaur Amasa-Villabonako Udalak, udal osoko bilkuran. Gaur egun, 88 udalek osatzen dute UEMA, eta 89. udala izango da Amasa-Villabona, UEMAren batzar nagusiak udalen eskaera berriak onartzen dituenean.

Gaur arratsaldean egin du hilabete honetako udal osoko bilkura Amasa-Villabonako udalbatzak, eta hartu dituen erabakien artean dago UEMAko kide izatea. EH Bilduren zazpi zinegotziek erabakiaren alde bozkatu dute, EAJko bost zinegotziak abstenitu egin dira, eta PSE-EEko zinegotziak aurkako botoa eman du.

[Amasa-Villabonako udal osoko bilkuran UEMAko kide izatea bozkatu eta erabaki duten unea, gaur arratsaldean. Argazkia: Amasa-Villabonako Udala].

Beatriz Unzue alkatearen hitzetan, “erabakia hamarkada askotan jende askok euskararen alde egindako lanaren emaitza da”. Udalaren erabakiaren berri emateko eta UEMAren nondik norakoak ezagutarazteko herritarren artean banatu duten AMAVI aldizkariaren zenbaki berezian Unzuek zehaztu duenez, “UEMAn sartzea beste mugarri garrantzitsu gisa ikusten dugu, eta jende askok euskararen alde egindako lan guztiaren aitortza egiteko baliatu nahi dugu. Pozik eta harro egotekoa da urte luzez herri erdaldundua izan ondoren (batez ere frankismo garaian), Amasa-Villabona berriro ere herri euskaldunen klubean egotea”.

Amasa-Villabona Gipuzkoako udalerria da. Tolosaldea eskualdean dago, eta 5.881 biztanle ditu erroldan. Azken datu soziolinguistikoen arabera herritarren %67k daki euskaraz, eta %36 ingurukoa da euskararen erabilera kalean. Etxean, berriz, herritarren %42 inguruk dute euskara ohiko hizkuntza. Horren aurrean, hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskara biziberritzeko, Amasa-Villabonak “hizkuntza politika eraginkor eta ausartak” behar dituelakoan dago alkatea. UEMAko kide izateak horretan lagunduko die: “UEMAk zerbitzu ugari eskaintzen dizkie udalei, eta guk zerbitzu horiek baliatu nahi ditugu, euskaraz lasai bizi ahal izango den herri bat izatea lortzeko. Bide horretan, Udaleko euskara zerbitzuak eta UEMAko teknikariek elkarlanean jardungo dute”.

UEMAk maiatzaren 29an egingo du du hurrengo batzar nagusia, Amasa-Villabonan bertan, Gurea antzokian, eta batzarkideek egun horretan onartuko dituzte udalen eskaera berriak. Batzar nagusiak Amasa-Villabona UEMAko kide izatea onartzen duenean, Tolosaldeko 28 herrietatik 17 izango dira UEMAko kideak.

AMAVI aldizkariaren zenbaki berezia. Hemen osorik irakurgai:
Amasa-Villabona Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izango da.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· UEMAko kide izatea erabaki du Amasa-Villabonako Udalak (berria.eus, 2021-03-30).
· Amasa-Villabona Uemako kide izango da (ataria.eus, 2021-03-24).
· Amasa-Villabona Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izango da (villabona.eus, 2021-03-23).
· Villabona-Amasa Uemako 89. udalerria izango da (berria.eus, 2021-03-23).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.