Hasiera » Zehaztu gabe » Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute aurten ere udalek eta hainbat erakunde publikok, UEMArekin elkarlanean

Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute aurten ere udalek eta hainbat erakunde publikok, UEMArekin elkarlanean

Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiaraziko dute gaurtik aurrera UEMAk eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean. Izan ere, lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera webguneak, telefonoak eta gainerakoak aldatzen diren arren, moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da kanpaina honekin UEMAk lortu nahi duena.

2020ko errenta eta ondarea aitortzeko garaia heldu denez, ohi bezala, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bertako kide diren udalekin eta foru ogasunekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du aurten ere, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian. Izan ere,
errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua urtez urte gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik.

Horregatik, eta administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea garrantzitsua da UEMArentzat, euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat baita. Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea ere beharrezkoa da, eta hautu horretan eragin nahi du aurten ere UEMAk, udalekin eta beste hainbat erakunde publikorekin elkarlanean abiarazitako kanpainarekin, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere.

Lurralde, foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoaren arabera moldatzen du kanpaina eta mezua, eta UEMA ere horren arabera ari da elkarlanean bateko eta besteko erakundeekin.

Gaur egun, errenta aitorpen gehienak mekanizatuak dira lurralde gehienetan, baina Nafarroan, esaterako, ondasunetan aldaketak izanez gero banketxeetan eta aholkularitzetan zuzentzen dituzte. Beraz, horietarako Hemen errenta aitorpena euskaraz egin dezakezu mezuarekin kartelak zabalduko dituzte leku horietan. Era berean, UEMAko kide diren Nafarroako herrien zerrendarekin ere kartela zabalduko dute, herritarrei datuak hobetzeko gonbidapena eginez. Nafarroan apirilaren 12an hasiko da kanpaina telematikoa, eta apirilaren 19an aurrez aurrekoa.

Bizkaian, errenta aitorpena egiteko modu erabilienetakoa finantza erakundeen bulegoetara jotzea da. Horregatik, UEMAk zenbait finantza erakunderekin duen hitzarmenaren baitan, herritarrei errenta euskaraz egin dezaketela gogorarazteko berariazko neurriak landu dituzte aurten ere. Zenbait udalek eta amankomunazgok ere finantza erakundeekin elkarlanean egingo dute aurten ere kanpaina, herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatuz.

Gipuzkoan, berriz, iaz abiarazi zuen 100.000 zergadun ogasunarekin euskaraz egitasmoari helduko dio aurten ere Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lau urterako egitasmoa aurkeztu zuen iaz eta, horren baitan, Ogasunarekin euskaraz leloa gehituko dute aurtengo kanpainari lotutako euskarri guztietan. UEMAk ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bat eginez, lelo hori gehitu du Gipuzkoako udaletarako prestatutako euskarri denetan. Euskarri horiek egokitu dituzte gero tokian tokiko erakundeek, dagozkien mezuak eta datuak sartzeko. Oarsoaldean, esaterako, eskualdeko udal guztiek egin dute bat kanpainarekin, azken urteotan bezala, eta errenta euskaraz egiten duten herritarren artean otorduak ere zozkatuko dituzte.

Oarsoaldeko udal guztiek bat egin dute aurten ere errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainarekin.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Oarsoaldeko udalek errenta aitorpena euskaraz egitera deitu dituzte zergadunak (oarsoaldea.eus, 2021-03-24).
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute aurten ere (Europa Press, 2021-03-25).
· Aurten ere egin errenta aitorpena euskaraz (zumaia.eus, 2021-03-25).
· Errenta aitorpena euskaraz (anoeta.eus, 2021-04-07).
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute aurten ere udalek eta hainbat erakunde publikok (alegia.eus, 2021-04-07).
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute aurten ere udalek eta mankomunitateek, UEMArekin elkarlanean (erran.eus, 2021-04-06).
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu dute aurten ere UEMAk eta Zarauzko Udalak (zarautz.eus, 2021-03-09).
· Errenta aitorpena euskaraz gauzatzeko deia egin dute Uemak eta Azpeitiko Udalak (uztarria.eus, 2021-04-12).
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin du aurten ere Udalak (villabona.eus, 2021-04-12).
· Egin errenta aitorpena euskaraz! (azpeitia.eus, 2021-04-12).
· Iaz %28,19ra igo zen Zumaian errenta aitorpena euskaraz egitea eskatu zutenen ehunekoa (baleike.eus, 2021-04-14).
· UEMAk eta Usurbilgo Udalak, elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu dute (usurbildarrakaurrera.com, 2021-04-23).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.