UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako Arnasa gara kanpainaren harira, Antton Telleria kazetaria elkarrizketatu zuen atzo Berria egunkariak, zuzenean, Instagram bidez. Kanpainaren lehen bideoa oinarritzat hartuta, bisitarien aitzakian zerbitzu sektorean euskara bigarren mailan uztearen inguruan aritu ziren. Nagore Arin kazetariak gidatu zuen solasaldia, eta hausnarketarako hainbat kontu gai aletu zituen Telleriak.
Besteak beste, bertako produktuak nabarmendu ostean euskara alde batera uztearen kontraesana nabarmendu zuen: «Asko famatzen da Euskal Herriko gastronomia; etengabe azpimarratzen dute bertakotasun hori, lurra bera dastatuko duzula, baina, aldi berean, maila linguistikoan, urdaiazpikoa saltzen ari dira: gaztelera bera, euskal produktuekin batera»
UEMAk udalerri euskaldunetako herri turistikoenetan egindako inkesten emaitzak ere izan zituzten hizpide, bisitarientzat euskara amu erakargarria dela nabarmenduz.
Hemen Telleriarekin izandako solasaldia, osorik, aurretik hizpiderako gaia izan zen ‘Euskara da gure postalik ederrena’ bideo laburrarekin gehituta.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Telleria: «Bertako gastronomia famatzen dute, eta gaztelera saltzen dute euskal produktuekin batera» (berria.eus, 2021-03-24).