Hasiera » Zehaztu gabe » Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa ez aurreikustea, Getariako Portuko plan bereziari jarritako alegazioen artean

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa ez aurreikustea, Getariako Portuko plan bereziari jarritako alegazioen artean

Getariako Udalak pasa den ostegunean aurkeztu zituen Getariako Portuko plan bereziari jarritako alegazioak, herritarrekin egindako Udala informatzen saioan. Eusko Jaurlaritzak abenduaren 10ean argitaratu zuen Getariako Portuko plan bereziaren hasierako onespena, eta egitasmoa zeresana sortzen ari da Getarian. Izan ere, Euskal Kirol Portuen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzak eta Portu Agintaritzak kirol portua handitzeko asmoa bildu dute proiektuan, eta horretarako “Malkorbe hondartzako mendebaldeari 1.500 metro karratu kenduko zaizkio”, 555 aparkaleku berri gehitzearekin batera, Herriaren Moila herri ekimenak jakinarazi duenez, .

Herrian gaiak sortu duen zeresanari erantzunez, Haritz Alberdi alkateak osteguneko saioan aletu zuen Getariako Udalak egitasmoarekiko duen jarrera, planari helegiteak jartzeko izan dituzten 13 arrazoiekin batera.

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa, UEMAren aholkularitzarekin

Horietako bat UEMAren aholkularitzarekin landu du. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2/2016 Toki Erakundeen legeak zein hura garatzeko dekretuak derrigorrez zehaztu zuten plan eta proiektuek hizkuntzan izango duten eragina aztertu beharra, eta baita balizko kalteak zuzentzeko neurri egokiak zehaztea ere. Harrezkero, edozein plan eta proiektuk ezinbestekoa du Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa, legeak dioen bezala. Soziolinguistikoki Getaria euskararen arnasgunea da, eta legea berariaz eremu horiek babesteko sortu zen, euskararen biziberritzean duten garrantziagatik. Beraz, horrelako plan batek ezinbestean egin behar du Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa. Hori da Getariako Udalak UEMAren aholkularitzarekin landu duten alegazioaren oinarria.

Izan ere, Getariako portuko Plan Bereziaren hasierako onespenak ez du proiektuak hizkuntzan izango lukeen eragina aurreikusi. Ez du Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa kontuan hartu, eta hori bere horretan bada egistamoari alegazioa jartzeko legezko arrazoia.

Legea eta hura garatzeko dekretua argitaratu zirenetik, Eusko Jaurlaritzak eta UEMAk elkarrekin landu dituzte ELE egin ahal izateko jarraibideak, eta horiek plan eta proiektuetan sartzeko formazio saioak ere eman dituzte. Erakunde publikoetako eta dozenaka udaletako teknikariek hartu dute parte azken urteotako saio horietan, eta gaiak duen garrantzia ikusita, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioari buruzko unibertsitate aditu titulua ere sortu du EHUk, UEMAren, UEUren eta Kontseiluaren laguntzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Getariako portuko Plan Bereziaren hasierako onespena (Eusko Jaurlaritza. irekia.eus, 2020-12-10).
· Herriaren moila (Artzape, 2021-02-11).
· Moila zaharreko kaien erabilera baxurako eta artisau arrantzarako mantentzea nahitaezko deritzo Udalak (Artzape 2021-02-19).
· Eragin linguistikoaren ebaluazioa egiteko jarraibideak ematen hasi da UEMA udaletako teknikariei, Eusko Jaurlaritzarekin batera (uema.eus, 2019-10-10).
· Hirigintza planen hizkuntza eragina aztertu beharko dute EAEko herriek (Berria, 2016-04-14).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.