Zumaiako Udalak antolatu ohi duen Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloak hamargarren urtea du aurten, eta urteurrena biribiltzeko herriko hainbat eragilerekin elkarlanean osatu du aurtengo egitaraua: zehazki, antolaketaren lekukoa Larraina Zumaiako Euskara Taldeak hartu du aurten. Gaur hasiko da hitzaldi zikloa: Goizane Arana UEMAko teknikariak eta Asier Basurto Donostiako BizilagunEkin plataformako kideak Euskara turismoaren olatuan gaia izango dute hizpide, Gorka Zabaleta kazetariaren gidaritzapean.
UEMAk 2017an ekin zion udalerri euskaldunetako turismo eskaintzan euskarak izan beharreko lekuari buruzko hausnarketari, horretarako lantaldea sortuta. Hasieran, bisitariak jaso ohi dituzten hainbat udalerri euskaldunen kezkak bi norabide zituen: batetik, turismo guneetako merkatari eta ostalari askok euskara ezkutatzeko duten joera; bestetik, bisitariek zenbaterainoko pisua duten herrietako egoera soziolinguistikoan, hizkuntza ohituretan eraginez.
Gai horien inguruko pertzepzioak datuetara ekarri nahian, bisitariek euskararekiko duten ikuspegia aztertu zuen 2018an UEMAk, inkesten bidez, eta jasotako erantzunetan joera argia ikusten zen: bisitari ia guztiek eskertu egiten dute euskara ikustea edo entzutea, eta askok berariaz hautatzen du udalerri euskaldunetara etortzea, euskararekin topo egiteko.
Gaiari hainbat ertzetatik heltzeko eta askotariko eragileekin hausnarketa partekatzeko, 2019an Euskara eta turismoa: aukerak eta arretaguneak jardunaldia antolatu zuten UEMAk eta Udako Euskal Unibertsitateak, Orioko Udalaren babesarekin. Iaz, berriz, Bertatik Bertara kanpaina abiarazi zuen UEMAk, 61 udalekin eta zenbait garapen agentziekin elkarlanean. Udalekin eta zerbitzu sektoreko eragileekin batera, herritarrak zein bisitariak sentsibilizatzeko ahalegina izan zen, udalerri euskaldunek beren baitan biltzen duten aberastasuna ikusarazteko eta aldarrikatzeko, beti ere turismo eskaintzan eta zerbitzu sektorean euskara oinarritzat hartuta.
Besteak beste, horrek guztiak udalerri euskaldunen garapenean izan dezakeen eragina eta euskara eta euskal kultura bisitariak erakartzeko nola baliatu daitezkeen izango du hizpide gaur arratsaldeko hitzaldian UEMAko teknikari Goizane Aranak.
Zumaiako Udalaren Euskara Zerbitzuaren ekimenez, Larraina Euskara Taldeak antolatu du aurten hitzaldi zikloa, Emakumeon* Etxearekin elkarlanean. Martxoaren 10era luzatuko da, asteazkenero hitzaldi batekin, eta euskara beste lau arlorekin nola uztartu daiteekeen edota alor horietan euskalgintzak zer-nolako erronkak eta bideak izan ditzakeen aztertuko dute: turismoa, feminismoa, musika eta migrazioa dira alor horiek.
Informazio osagarria:
· Hamargarrenez, ‘Euskara, bestela ez gara’ zikloa antolatu du udalak herriko eragileekin elkarlanean (baleike.eus, 2021-02-15).
· Hitzaldiaren kronika: Euskara eta turismoa: posible ote da oreka? (baleike.eus, 2021-02-18).