Hasiera » Zehaztu gabe » Lesaka UEMAko kide izango da bihartik aurrera

Lesaka UEMAko kide izango da bihartik aurrera

Batzar Nagusia egingo du UEMAk bihar, 2020ko ekimenen balantzea egiteko eta 2021rako egitasmo nagusiak onartzeko. Besteak beste, Lesakak UEMAra sartzeko eskaera ere aztertuko dute batzarkideek. Horrela, UEMAko kide den 88. udala bihurtuko da Lesaka. Guztien artean 250.000 biztanletik gorako lurgune euskalduna osatzen dute.

[Lesakarren %79a euskaraz ongi aritzeko gai da, eta azken kale-erabilera neurketaren arabera %74a euskaraz aritzen da Lesakan].

Urte amaierako ohiko Batzar Nagusia egingo du bihar UEMAk, eta aztergaien artean, batez ere 2020ko balantzea egitea eta 2021erako egitasmoa onartzea izango dituzte ordezkariek. Baita UEMAko kide izateko Lesakako Udalak egindako eskaera ere.

UEMAko zuzendaritza batzordeko kideak eta Nafarroako udaletako ordezkariak Lesakako Harriondoa Kultur Etxean bilduko dira, bihar, 10:00etatik aurrera. UEMAko kide diren gainerako udaletako ordezkariek, berriz, online hartuko dute parte eta online bozkatuko dute batzarrean.

Aztergaien artean, 2020ko balantzean, batez ere udan UEMAk, 61 udalek eta hainbat garapen agentziak elkarrekin egindako Bertatik Bertara kanpaina nabarmenduko dute, beste zenbait konturekin batera: Orioko Udalak egindako Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa, Markina-Xemeingo Udalak etorri berrientzat prestatutako harrera protokoloa, edota Bermeoko Institutuan landutako Eusle proiektua.

Erakundeen eta herri eragileen arteko elkarlana, UEMAko ia herri guztietan egin diren erabilera planak, eta urtean zehar landutako beste hainbat kontu ere hizpide izango dituzte.

Lesakarekin, 250.000 biztanle baino gehiagoko lurgune euskalduna

UEMAko kide izateko Lesakako Udalak egindako eskaera ere aztertuko dute batzarkideek. Eskaera onartzean, UEMAko kide den 88. udala bihurtuko da Lesaka. Guztien artean 250.000 biztanle baino gehiagoko lurgune euskalduna osatzen dute.

Urriaren 29an egindako udal osoko bilkuran erabaki zuen Lesakako Udalak UEMAko kide izateko eskaera egitea. Ladis Satrustegi alkatearen hitzetan, “herri euskalduna da Lesaka, eta naturaltasunez euskaraz solasten da hemen, baina hainbat faktorek eragin zuzena dute hizkuntzaren erabileran, eta hori ez da Lesakaren kontua soilik. Arnasgune guztietan ikusten da: hauskorrak gara. Horren aurrean, UEMAk duen esperientzia baliatuz, herritarrak ahalduntzea eta kontzientziatzea da gure asmoa. Nolabait, inertziatik kontzientziarako saltoa ematea garrantzitsua da, eta hori guztia lantzeko UEMA bidelaguna da”.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.