Hasiera » Zehaztu gabe » UEMAko kide izatea erabaki du Lesakako Udalak

UEMAko kide izatea erabaki du Lesakako Udalak

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea onartu du gaur Lesakako Udalak, udal osoko bilkuran. Gaur egun, 87 udalek osatzen dute UEMA, eta 88. udala izango da Lesaka, UEMAren batzar nagusiak udalen eskaera berriak onartzen dituenean. Guztien artean, ia 250.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute.

Lesakarren %79 euskaraz ongi aritzeko gai da. Euskararen kale-erabilera, berriz, %74koa da. Argazkia: eitb.eus – Isidro Etxeberria.

Udal osoko bilkura egin du gaur arratsaldeko 19:00etan Lesakako Udalak, eta hartu dituen erabakien artean dago UEMAko kide izateko eskaera egitea. Ladis Satrustegi alkatearen hitzetan, “euskararen normalkuntzarako bidean, administrazioan lan egiten dugunez, udaletik soilik bideratu ezin dugun hizkuntza politika aurrerakoia egiteko aukera ematen digu UEMAk. Horretaz gain, euskararen erabilera normalizatzeko eta euskara biziberritzeko laguntza handia da bertze udalerri euskaldunekin elkartzea”.

Lesakarren %79a euskaraz ongi aritzeko gai da, eta Soziolinguistika Klusterrak iaz Bortzirietako hizkuntzen kale-erabilera neurtzeko egindako lanaren arabera, %74a euskaraz aritzen da Lesakan.

Lesaka Nafarroako udalerria da, eta 2.741 biztanle ditu. Bortzirietako ibarrean dago, Baztan Bidasoa eskualdean. UEMAk abenduaren 12an du hurrengo batzar nagusia, ohi bezala urteko balantzea egiteko eta urte berrirako plangintza eta aurrekontua onartzeko. Batzar nagusiak Lesaka UEMAko kide izatea onartzen duenean, Bortzirietako udal guztiak izango dira UEMAko kideak.

Ez da Lesaka UEMAko kide den lehen aldia. Hainbat urte egin zituen mankomunitatean, Lesakako Udalak 2015eko azaroan Euskara Plana bertan behera uztea eta UEMAko kide izateari uztea erabaki zuen arte. Lesakako euskalgintzaren eta pleno aretoan bildutako euskaltzaleen protesta artean hartu zuten erabaki hura, eta gaiak soka ekarri zuen. Gaurko erabakiarekin, UEMAko kide izatera itzuli da berriro Lesakako Udala. Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduko 6 ordezkarien aldeko botoekin eta Geroa Baiko 5 zinegotzien abstentzioarekin onartu dute erabakia.

—————————————————————————————————————

Ladis Satrustegi, Lesakako alkatea: “Udaletik soilik bideratu ezin dugun euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoia egiteko aukera ematen digu UEMAk”.

Udal osoko bilkura amaitu orduko hitz egin du UEMAk Ladis Satrustegi alkatearekin. Gustura agertu da Udalak onartutako erabakiarekin, eta UEMAko kide diren gainerako udalerri euskaldunekin elkarlanean aritzeko gogoa eta ilusioa nabarmendu ditu.

Lesakako Udalak UEMAko kide izatea erabaki du berriro. Zergatik hartu duzue erabakia?

Euskararen normalkuntzarako bidean, administrazioan lan egiten dugunez, udaletik soilik bideratu ezin dugun euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoia egiteko aukera ematen digu UEMAk. Horrez gain, euskararen erabilera normalizatzeko eta euskara biziberritzeko laguntza handia da bertze udalerri euskaldunekin elkartzea. Azkenik, Bortzirietako udalerri guztiak dira UEMAko kide, orain Lesaka sartu dela. Honek, gure zonaldean ildo beretik eta elkarrekin lan egitea ahalbidetzen digu.

Datu soziolinguistikoen arabera, lesakarren %79 euskaraz ongi aritzeko gai da, eta euskararen kale erabilera ere altua da: %74. Euskararen arnasgunea da Lesaka, beraz. Datuak esanguratsuak izan arren, ordea, hauskortasunaren kezka ere baduzue.

Bai, herri euskalduna da hau, naturaltasunez euskaraz solasten da hemen, baina hainbat faktorek eragin zuzena dute hizkuntzaren erabileran, eta hori ez da Lesakaren kontua soilik. Arnasgune guztietan ikusten da: hauskorrak gara. Horren aurrean, UEMAk duen esperientzia baliatuz, herritarrak ahalduntzea eta kontzientziatzea da gure asmoa. Nolabait, inertziatik kontzientziarako saltoa ematea garrantzitsua da, eta hori guztia lantzeko UEMA bidelaguna da.

Herritarren edo alderdiren batek kezkarik agertuko balu erabaki honen inguruan, zer esanen zenioke?

Lasai egon dadila. Herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea dagokio udalari, eta ildo horretan aitzindariak dira UEMAko kide diren udalak. Beraz, herritar bakoitzak inolako arazorik gabe izan dezake harremana udalarekin, nahi duen hizkuntzan. Orain, ordea, euskarari dagokion lekua emateko aurrerapausoa egin dugu, eta horrela ulertu behar da erabaki hau.


Gai honi buruzko informazio osagarria:
· UEMAko kide izango da berriro ere Lesaka (naiz.eus, 2020-10-29).
· Berriz ere UEMAko kide izatea erabaki du Lesakako Udalak (Ttipi Ttapa, 2020-10-30).
· UEMAko kide izango da berriz Lesaka, 2015ean atera ondoren (Berria, 2020-10-30).
· Lesaka, UEMAko kide (bortziriak.eus, 2020-10-30).
· Berriz ere UEMAko kide izatea erabaki du Lesakako Udalak (Noticias de Navarra, 2020-10-31).
· El Ayuntamiento de Lesaka aprueba en pleno volver a UEMA (El Diario Vasco, 2020-11-01).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.