Hasiera » Zehaztu gabe » uema.eus/kartelak: hizkuntza paisaia ere herriaren erakusleiho izan dadin

uema.eus/kartelak: hizkuntza paisaia ere herriaren erakusleiho izan dadin

Merkataritzan, ostalaritzan eta oro har zerbitzu sektorean euskara naturaltasunez erabiltzeko baliabide ugari eskaintzen ditu UEMAk, doan. Besteak beste, faktura takoak, kartelak eta sektorekako hiztegiak. Orain, kartelak eta gainerakoak eskatu ahal izateko gunea osatu du: uema.eus/kartelak UEMAko kide diren herrietako udalek, ostalariek eta merkatariek erabili ahal izango dute zerbitzua.

Ez da berria UEMAk bertako kide diren udalei eta udalerri horietako merkatariei, ostalariei eta zerbitzu sektoreko gainerakoei eskaintzen dien zerbitzua. Orain, ordea, batzuentzat eta besteentzat egindako kartelak bildu, eta horiek errazago eskatzeko eta pertsonalizatzeko gunea prestatu du UEMAk, eta uema.eus/kartelak gunera sartuta, nahi dituzten kartelak hautatzeko eta eskatzeko modua izango dute dendariek eta ostalariek, horretarako eskaera-orria beteta.

UEMAko kide diren udalen laguntzarekin, UEMAk urtero egiten du kanpaina udalerri euskaldunetako ostalarien eta merkatarien artean, gutunak bidaliz, beraien zerbitzuak herriaren erakusleiho diren heinean euskara ezinbestekoa dela nabarmenduz eta horretarako hainbat argudio eta azalpen emanez, hizkuntza paisaia euskaratzeko laguntza eskaintzearekin batera.

Gutun horietan, euskara erakusleihora ateratzea aukera paregabea dela gogorarazten die UEMAk urtero merkatariei, ostalariei eta zerbitzu sektoreko eragileei. Besteak beste, honakoengatik:

• Zerbitzua bezeroaren hizkuntzan eskaintzea kalitatezko zerbitzua ematea da.
• Zuen herriaren gehiengoa euskalduna da, %70etik gora; gazteak are gehiago. Horrez gain, euskaraz hitz egin ez arren, ulertzen dutenak eta ikasten ari direnak asko dira.
• Herritarrek eta turistek eskertuko dizute euskara erabiltzea.
• Euskara da gure herriko berezko hizkuntza, gure izateko eraren
parte da, eta hori erakusteak berezi egiten gaitu.
• Zure denda, jatetxea edo taberna ere herrian erreferentea da. Horregatik,
bidelagun izan nahi zaitugu euskararen aldeko jardun honetan,
euskara delako gure marka.

Horiengatik guztiengatik, zalantzaren bat badute edo laguntza behar izanez gero, UEMArekin harremanetan jartzeko eta eskaerak lasai egiteko gonbidapena jasotzen dute. Orain, uema.eus/kartelak gunearekin, merkatariek eta ostalariek errazago izango dute eskaerak egitea eta nahi dituzten kartelak eskatzea.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· UEMAk herrietako hizkuntza paisaia euskalduntzen lagundu gura du (Busturialdeko Hitza, 2020-10-20).
· Merkataritzea, ostalaritzea eta zerbitzu sektorea euskeratzeko baliabideak, orain errazago (bizkaie.biz, 2020-10-20).
· Merkatariei, ostalariei eta zerbitzuen sektoreko negozioei zuzendutako euskarazko kartel bilduma argitaratu du UEMAk (Urola Kostako Hitza, 2020-10-20).
· Establezimenduetan kartelak euskaraz ipintzeko tresna prestatu du UEMAk (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, 2020-10-20).
· Merkatariei, ostalariei eta zerbitzuen sektoreko negozioei zuzendutako euskarazko kartel bilduma argitaratu du UEMAk (Baleike, 2020-10-20).
· Hizkuntza paisaia euskalduntzeko zerbitzua abian da (Ttipi Ttapa, 2020-10-20).
· UEMAren kartel bilduma, merkatarien, ostalarien eta zerbitzu sektoreko negozioen eskura (Uztarria, 2020-10-21).
· UEMAk merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak euskaratzeko eduki eta baliabide anitzetako esparrua osatu du (El Correo, 2020-10-21).
· UEMAk web atariaren bitartez eskainiko du ‘Merkataritza euskaraz’ kanpaina (goiena.eus, 2020-10-27).



Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.