Hasiera » Zehaztu gabe » “Arnasguneek arnasgune izaera mantentzeko tresna da ELE”

“Arnasguneek arnasgune izaera mantentzeko tresna da ELE”

Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak euskararengan eta generoarengan izan ditzakeen eraginak aztertzeko lanak abiarazi ditu Usurbilgo Udalak, eta horien inguruko bi orrialdeko erreportajea plazaratu du Udalberri aldizkariak. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa zer den azaltzeaz gain, Arritxu Zelaia hizkuntza aholkularia elkarrizketatu dute, ELEri buruzko argibideak emateko eta Usurbilen egingo duten lana azaltzeko.

Hemen elkarrizketa osorik, bere horretan:

Argazkia eta testua: Udalberri aldizkaria. Usurbilgo Udala.

Arritxu Zelaia Etxeberria. Hizkuntza aholkularia
“Arnasguneek arnasgune izaera mantentzeko tresna da ELE”

Hainbat herritan lan egin du Arritxu Zelaia Etxeberriak (Azpeitia, 1972) Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiten: guztien artean biztanle gehien duen herria da Usurbil. Lantaldea osatua dago jada, eta, izatez, martxoan, itxieraren bezperan egin zuten lehen bilera.

Zer da ELE?
Edozein proiektuk hizkuntzan zer eragin izango duen neurtzeko tresna da. Etxebizitza berriak egiten badira, biztanle berriak etorriko dira, euskararen ezagutza maila desberdina izango dutenak, eta horrek eragina izango du, besteak beste, herriko ezagutzan. Prebentzio tresna bat da, batik bat, arnasguneei begira sortua, arnasguneek arnasgune izaera mantentzen segitzeko. Muturrera joaten gara: HAPOan aurreikusitako esku hartze guztiak eginez gero gerta daitekeenera hurbiltzen saiatzen gara. Eta eragina negatiboa dela ondorioztatuz gero, hori apaltzeko zer egin pentsatzen dugu.

Zer adierazle neurtzen dira ELE egiteko?
Indize batzuk ateratzen dira, eta, horien arabera, erabakitzen da inpaktuaren azterketa bat egin behar den edo ez. Etxebizitzen kasuan, denak beteko balira, jendea nondik etor litekeen aurreikusten da, batik bat, lehendik nondik etorri izan diren aintzat hartuta. Horrek ezagutzan zein eragin izan dezakeen aztertu, eta balorazio kualitatibo bat egiten da: zer eragin dezakeen komunitate bizitzan, kultur bizitzan, zerbitzuen eskaintzan, hizkuntza paisaian… Egingo den proiektuak zer ezaugarri jasotzen dituen ere kontuan hartzen da: salgai jarriko diren etxebizitzak eskuragarriak diren herritarrentzat, babes ofizialeko etxebizitzarik ba ote den…

Kaxkoa eta auzoak desberdinduko di-tuzue azterketa egiterako orduan?
Bai, hori da proiektu honen ezaugarrietako bat. Etxeak kaxkoan, Zubietan edo Aginagan egiteak eragin desberdina izan dezake. Printzipioz, saiatuko gara ahalik eta ikuspegi xehetuena izaten, errealitate bakoitzari dagozkion neurri zuzentzailerik egokienak hartu ahal izateko.

Orain arte egin dituzun ELE-etatik, Usurbil da biztanle gehien duena.
Bai. Biztanle kopuruak baldintzatzen ditu batzuen eta besteen beharrizanak. Herri txikiagoetan egoera konplikatuagoa da: euren erronketako bat biztanleak ez galtzea da; Usurbilen, bestelakoa da egoera. Presio handia dauka Donostia ondoan izanda: presio urbanistikoa, linguistikoa… Usurbilgo etxebizitzak Donostian iragartzen dira. Hona datorrena lotara edo paseo bat ematera baino ez badator, kaltegarria izango da herriarentzat. Etxeak merkeago daudelako etortzen direnak Donostiara bueltatzen dira ahal dutenean, lehenago edo geroago, eta hori ez da mesedegarria.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Hizkuntza eta generoa hirigintza zeharkatzen (Udalberri aldizkariko erreportajea. Usurbilgo Udala. PDFan).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.