Hasiera » Zehaztu gabe » Euskaltegirik ez duten herri txikietan euskara ikasteko aukera zabalik da berriro, matrikulazio kanpainarekin bat eginez

Euskaltegirik ez duten herri txikietan euskara ikasteko aukera zabalik da berriro, matrikulazio kanpainarekin bat eginez

· Euskaltegirik ez duten herrietan ere euskara ikasteko aukera emango dute aurten ere UEMAk eta hainbat udalek.
· Aurrematrikulazio kanpainak izandako erantzunari esker, zenbait eskualdetan dagoeneko sortu dituzte taldeak.
· Tolosaldeko euskaltegien matrikulazio kanpaina gaur aurkeztu dute.


Irailarekin batera, ohi bezala, euskaltegiek abiarazi dute ikasturte berrirako matrikulazio kanpaina. UEMAk aurten ere bat egin du kanpainarekin, mankomunitateko kide diren hainbat udalekin eta euskaltegiekin elkarlanean, udalerrien euskalduntze osoa lortzeko bidean euskaltegien lana oinarrizkoa dela jakinda. Izan ere, etorri berrien formazioan ez ezik, aspaldidanik gure artean bizi diren baina oraindik euskararik ez dakiten herritarren alfabetatzean ere nabarmen eragiten dute euskaltegiek. Herri txiki askotan, ordea, ez dago euskaltegirik, eta herri horietako biztanleek alboko herri handiagoetara joan behar izaten dute euskara ikastera.

Horren aurrean, 2020-2021 ikasturtean ere laguntza eskainiko du UEMAk herri txikietan. Herrian bertan ikasle taldeak sortzeko koordinazio-lana egingo du alde batetik, beti ere eskualdeko euskaltegiekin eta udalekin elkarlanean. Bestetik, berriz, diru-laguntzak jasotzeko arautegi, ordenantza eta antzekoen inguruko aholkularitza ere emango die horrelakorik behar duten udalei.

Urrats horiekin, euskalduntzean ez ezik herri txikien garapenean ere eragin nahi du UEMAk, bertako biztanleek zerbitzua herrian bertan izan dezaten ahaleginduz eta herri txikiak bizirik mantentzeko lan eginez. Kanpainak, gainera, euskalduntzeari ere ekarpena egiten dio, euskaltegien matrikulazio kanpainaren garrantzia nabarmenduz eta ikasle gehiago lortzen lagunduz.  

Ikasturte honetan ere, euskaltegirik ez duen herri txikiren batean bizi eta euskara ikasi nahi izanez gero, udalera jo beharko du herritarrak, eta ondoren UEMAk koordinatuko du herri horretan ikasle-taldea sortzeko egin beharrekoa, bai udalarekin eta bai eskualdeko euskaltegiekin.

Aurrematrikulazioari esker, dagoeneko zenbait talde osatuta

Zenbait udalek ikasturte honetan ere bereziki landu dute gaia, euskalduntzeak duen garrantziaren jakitun. Udal horiek aurrematrikulaziorako ere deialdi berezia egin zieten oraindik euskaraz aritzeko gai ez diren herritarrei. Taldea sortzeko gutxieneko kopurura iritsiz gero, ikastaroak herrian bertan eskaintzea zen asmoa, eta urtero bezala, herrian sortzen diren ikastaro guztiak udalak diruz laguntzea. Erantzuna izan du aurrematrikulaziorako udan egindako deialdiak, eta AEK-ko iturriek UEMAri jakinarazi diotenez dagoeneko osatu dituzte zenbait talde. “Gustura gaude zenbait eskualdetan izandako erantzunarekin. Dena dela, oraindik ere izena emateko aukera zabalik dago. Beraz, nahi izanez gero, ateak zabalik dituzte euskara ikasi edota euskaraz alfabetatu nahi duten herritarrek”.

Zenbait udalek bereziki landu dute aurten ere gaia, eta horri esker dagoeneko taldeak osatu dituzte zenbait eskualdetan. Irudian, Ataungo Udalak eta UEMAk ekainean Ataunen zabaldutako kartela, aurrematrikulazio kanpainaren berri emateko.

Gaur aurkeztu dute Tolosaldeko euskaltegietako matrikulazio kanpaina

Tolosaldean, gaur eguerdian Anoetan egindako agerraldian aurkeztu dute eskualdeko euskaltegietako matrikulazio kanpaina. Besteak beste, bertan izan dira udaletako, Galtzaundi Euskara Taldeko eta UEMAko ordezkariak, Maixabel Zubillaga Aitzol Udal Euskaltegiko zuzendariarekin eta Jone Tolosa Andoain eta Tolosaldeko AEK-ko zuzendariarekin batera.

Nabarmendu dutenez, “urteetan zehar egin den lanari esker, gero eta zabalagoa da eskualdean euskara ikasi edota praktikatzeko aukera” eta eskaintza horren berri eman nahi izan dute gaurko agerraldian. Euskaltegi bakoitzaren ikastaroen, matrikulazio daten eta gainerakoen berri eman dute, eta herri txikietan taldeak sortzeko aukera eta udalek ematen duten laguntza ere nabarmen dute. Maixabel Zubillagak adierazi duenez, “orain arte taldeak Tolosako euskaltegian ez ezik, Tolosako zenbait herri txiki eta auzotan ere izan ditugu, hala nola, Amarotz auzoan, Amezketan, Asteasun edo Larraulen, eta aurten ere jarraipena izatea espero dugu”. Herri txikietakoek herrian bertan ikasi nahi badute, irailaren 1etik 17ra eman beharko dute izena, dagokien udaletxean.

Diru laguntzei dagokienez, ikastaroak diruz laguntzeko Tolosaldeako udalek ahalegin handia egiten dutela nabarmendu du Zubillagak, “beti ere udalak jarritako baldintzak betez gero. Tolosakoak adibidez, bertan erroldatutakoei B2 maila bitartean %75eko dirulaguntza ematen die, C1ekoei %50ekoa eta C2koei %25ekoa”.

Anoetan gaur aurkeztu dute Tolosaldeko euskaltegietako matrikulazio kanpaina.
Argazkia: galtzaundi.eus


Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Tolosaldera egokitutako eskaintza zabala aurkeztu dute Aitzol eta AEK euskaltegiek (galtzaundi.eus, 2020-09-02).
· Herri txikietan euskerea ikasteko kanpainea martxan (bizkaie.biz, 2020-09-04).
· euskaraikasi.nafarroa.eus
· aprendeeuskera.navarra.es
· elaide.eus
· udaleuskaltegiak.eus
· aek.eus

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.