Hasiera » Zehaztu gabe » “Bertako ekoizleen eta sortzaileen lanak zabaltzeko zenbat eta gehiago izan, orduan eta eraginkorragoak izango gara”

“Bertako ekoizleen eta sortzaileen lanak zabaltzeko zenbat eta gehiago izan, orduan eta eraginkorragoak izango gara”

Euskal ekoizleen elikagaiak, jantziak eta produktuak saltzen dituen denda da Igorreko Zazpi Haizetara. Euskal ekoizleen aldeko ekimen gisa zabaldu zituen ateak eta, beraz, ez dute zalantzarik egin UEMAk eta Igorreko Udalak elkarlanean abiarazitako Bertatik Bertara kanpainarekin bat egiterakoan. Bertako kide den Lorea Arribasek (Igorre, 1982) nabarmendu duenez, bertako hizkuntzan aritzea ere ezinbestekoa da bezeroarekiko hurbiltasuna sentitzeko.

Lorea Arribas, Igorreko Zazpi Haizetara dendan.

Igorrek parte hartu du Bertatik Bertara kanpainan, eta Zazpi Haizetara dendak ere bat egin du berarekin. Zergatik?

Zazpi Haizetaran bertakoa baino ez dugu saltzen. Beraz, gurea bertako ekoizleen eta sortzaileen aldeko apustu garbia izanda, honen harira antolatzen diren kanpainetan parte hartzea ezinbesteko iruditzen zaigu. Indarrak batu behar dira eta, hortaz, ahalegin honetan zenbat eta gehiago izan, orduan eta eraginkorragoak izango gara. 

Turismoaz edo merkataritzaz harago, bertako ekoizleen lanak eta produktuak ezagutarazteko ahalegina egin nahi du Bertatik Bertarak. Zazpi Haizetararan ere horretan ari zarete hasieratik.

Gure posizio xumetik, ahalegina egiten dugu saltzen ditugun hainbat produkturen bidez, esaterako, euskal jantziak eta artisautza. Gure ustez, produktu mota hauek gure kulturaren parte ere badira eta, beraz, bezeroen eskura ipintzeak bertako kultura eta tradizioak zabaltzeko aukera ematen digu.

Bezeroari arreta bere hizkuntzan eskaintzea kalitatearekin lotuta dago, gero eta gehiago nabarmentzen den moduan. Sumatzen al duzue bezeroak eskertzen duela euskaraz egitea?

Bai, zalantza barik. Zerbitzua euskaraz ematea Zazpi Haizetararen beste ezaugarri bat  izan da proiektua martxan jarri genuenetik. Proiektua euskaraz jaio zen eta ez guk, ezta bezero gehienek ere, ez genuke proiektua ulertuko beste hizkuntza batean arituko bagina. 

Horregatik, eta lehenago aipatu ditugunengatik, aukera aprobetxatu nahi dugu Bertatik Bertara moduko kanpainen garrantzia azpimarratzeko. Beraz, UEMAri gure esker ona adieraziz eta elkarlanerako prestutasuna agertuz amaitu nahi dugu ekarpen txiki hau. Eskerrik asko eta aurrera!

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.