Oiartzun udalerri euskalduna denez, UEMAko kide da. Aurtengo udan, UEMAk Bertatik bertara egitasmoa martxan jarri du udalerri euskaldunetan, gurean barne turismoa, bertako produktuak eta gure hizkuntza indartzeko. Josu Delgado Euskara zinegotziak eta Iosune Cousillas Kultura zinegotziak Oiartzunek Bertatik bertara zer duen eskaintzeko azaldu digute.
Testua eta argazkia: Oiartzungo Udala.
Zergatik erabaki du Oiartzunek ‘Bertatik bertara’ egitasmoan parte hartzea?
JOSU DELGADO: Oiartzunek badu zenbait berezitasun beste toki askotan aurkitzen zailak direnak, eta berezitasun horiek herri erakargarria egiten dute ezagutu nahi duen edozein bisitarirentzat. Horretaz aisa konturatzen gara Oiartzunen, nabarmena baita eskualdeko herriek eta guk izan dugun bilakaera desberdina azkeneko berrogeita hamar urteetan bereziki. Bilakaera horrek bestelako paisaia utzi du herrian, hizkuntza-paisaia ere bai, noski. Kanpaina hau oso ongi egokitzen zaio gure herriaren izaera horri, gure balioei eta gure nahiari; horregatik eta UEMAn gaudelako Udalean garbi dugu parte hartu behar dugula.
Zer dauka Oiartzunek bisitariari eskaintzeko?
JOSU DELGADO: Gure udalerriak hartzen duen eremu zabalean naturaren indarra handia da oraindik auzo eta inguru gehienetan; aipagarriena Aiako Harriko natur-parkea dugu. Natur parkearen barruan Arditurriko meatzeak ditugu, eta handik oso gertu Luberri Ikasgune Geologikoa eta Soinuenea museoa, Herri Musikaren Txokoa. Hori guztia bidegorriak lotzen du, eta oinez edo txirrindaz itsasoraino joateko aukera ematen du. Naturak ez ezik, arteak ere eraikin ederrak utzi ditu Oiartzungo hirigune historikoan. Aisialdirako, spa zentroa eta kanpoko igerilekuak ditugu. Era berean, jatetxe asko eta ostatu hartzeko landa-etxeak zein hotelak ditugu. Bestalde, kulturaren aldetik herri dinamikoa da Oiartzun, eta horrek bultzatu gaitu auditorium bat diseinatzera; eraikitzen ari gara. Nolanahi ere, ondasun handiena hizkuntza dugu. Eta hizkuntza ez dugu bazter batean zokoratua edo museo batean izoztua; oiartzuerak kalea hartzen du, herriko bizkarrezurra da. Oiartzungo euskalkiak Nafarroako herri mugakideen aire bat badu, lehengo garaietako mendiz gaineko harremanen lekuko.
IOSUNE COUSILLAS: Oiartzun oso herri aberatsa da ondarearen aldetik eta turismoa egitera datorrenak eskaintza handia topatuko du. Erdigunean XVII. eta XVIII. mendeko etxe dotoreak daude: Fermiñene eta Arizmendi, esaterako. Lehenengoan Turismo Bulegoa dago eta bigarrenak Ondare izendapena du, museo bihurtzeko fasean dago. Udaletxea 1678 urtekoa da eta gaur arte mantendu du arkupeak frontoi funtzioa. Doneztebe elizan balio handia duen Cavallé-Coll organoa dago. 1995ean Eusko Jaurlaritzak Aiako Harriko eremua parke natural izendatu zuen. Bertako Interpretazio Zentroak antolatzen ditu bisitak eta bestelako ekimenak. Mendiarekin lotuta, Oiartzunen mairubaratza dexente ditugu eta bisitatzeko bideak seinaleztatuta daude. Donejakue bidea ere pasatzen da Oiartzundik. Gaur egun biblioteka den eraikina garai bateko erromesen ospitalea zen, adibidez. Oiartzun zortzi auzok osatzen dute eta Arditurriko Bide Berdeak lotzen ditu. Naturaz gozatzeko ibilbide paregabea da, Tren Berdean ere ezagutu daitekeena. Altzibartik Artikutzara ere beste Bide Berde bat dago, XX. mende hasierakoa. Ibilbide hau seinaleztatuta dago, baina ez guztiz asfaltatuta. Bestetik, gaur egun bi errota mantentzen dira martxan eta bisitatu daitezke: Yurrita Ugaldetxon eta Arrasku errota, Karrikan. Beloaga gaztelua ere badago Gurutze auzoan, Erdi Arokoa. Zaharberrituta dago eta ondare izendapena du. Zoragarria da hara gerturatzea.
Zergatik animatuko zenituzkete oiartzuarrak udalerri euskaldunetan barne turismoa egitera?
JOSU DELGADO: Herri euskaldunak ezagutzeak berriki arte euskararen lurraldea nolakoa izan den ulertzen lagunduko digu; ezagutza horrek balio du gaur egun hautsi xamartua dagoen lurraldea nola duela ez aspaldi kohesionatua zegoen irudikatzeko. Eta iragana irudikatzeak etorkizuna proiektatzea dakar. Gainera, herri euskaldunetako hizkuntzaren erabilerak bisitarien motibazioa sendotzen du, eta, era berean, ezagutza handitzeko aukera ematen du, euskararen bizi-indarra etengabe elikatuz.