Hasiera » Zehaztu gabe » Urrezko Bikain Ziurtagiria eskuratu du Bergarako Udalak

Urrezko Bikain Ziurtagiria eskuratu du Bergarako Udalak

Iturria: Bergarako Udala.

Bergarako Udalak Urrezko Bikain Ziurtagiria eskuratu berri du. Hala jakinarazi diote astean Udalari. Kanpo ebaluatzaileek 1.000tik 850-899 eremuko puntuazioa eman diote Udalari.

Otsaileko osoko bilkuran udalbatzak erabaki zuen Bikain Ziurtagiriaren kanpo ebaluaziorako prestaketa-lanak egitea eta ordutik lanean buru-belarri ibili da Udala.

Udalak ibilbide luzea eta emankorra dauka euskararen normalizazioari dagokionez. Izan ere, Bergarako Udalak 1990ean onartu zuen Bergarako Udalak euskararen erabilera sustatzeko I. Plana. Eta aurten beteko dira 25 urte Bergarako Udalak, Antzuolakoarekin batera, AEBE (Administrazioan Euskara Bultzatu Erabiliz) izeneko plan pilotua bideratu zuela. Horrez geroztik, beste lau plan onartu ditu Udalak, azkena 2018-2022 eperakoa.

Udal taldea eta langileria pozik dago lortutakoarekin, baina badakite euskararen normalizazioaren aldeko bideak jarraitu beharra duela. Izan ere, Udalak ez du Bikain ziurtagiria eskuratzea helburutzat hartu, hobekuntzaren aldeko pauso berri moduan hartu du. Hain zuzen ere, Udalarentzat kanpo-ebaluazio horren helburu nagusia izan da uneko egoeraren gaineko informazio sakonagoa izatea, eta horretan hobetzeko aukeren gaineko ekarpen kualifikatuak jasotzea.

Ebaluatzaileen esanetan honako hauek dira Bergarako Udalaren indargune nagusiak:

-Udalaren hizkuntza politika adostasunean oinarritu da betidanik; bai udal taldeen zein langileen adostasunean. Langileak izan dira eta dira planaren aktibo garrantzitsua.

-Udalak ibilbide luzea egin du euskararen normalizazioan. Aitzindaria da eta hori akuilua da lanean jarraitzeko.

-Udalak alor honetan jarrera proaktiboa erakutsi du eta eragile da herrian.

Eta hauek dira hobetzeko proposamenak:

-Hizkuntza politika kudeaketa orokorrean integratzeko aurrerapausoak ematen jarraitzea.

-Beste esparru batzuetan (kulturan, aisialdian, kirolean…) bultzatu izan duen bezala, Udalak euskararen normalizazioaren alde arlo sozioekonomikoan ere eragitea.

-Langileen arteko ahozko harreman guztiak euskaraz izateko lanean jarraitzea.

Urte bukaeran egingo den ekitaldian emango zaio ziurtagiria Bergarako Udalari.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.