Bego Mentxaka Perez (Castro Urdiales, 1964), Castron jaio, Bilbon hazi eta amaren herrira ezkondu zen, Bermeora. Irakaslea da ikasketaz. Gaur egun, zehazki, Hezkuntza Berrikuntzako aholkularia da Gernikako Berritzegunean, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Aisialdian, berriz, Bermeoko Mañu auzoan dagoen Arrizurieta landetxearen ardura darama, semeen laguntzarekin. Landetxe Ekologikoa da sorreratik, eta 2016az geroztik, baita Europako Landetxe Ekologiko zigiluduna ere. Ingurumenarekiko duten konpromisoa esparru guztietara zabaltzen ahalegintzen direnez, hizkuntzaren aldeko konpromisoa ere ezinbestean hartu beharrekoa iruditzen zaio.
Bermeoko Udalak, UEMArekin eta beste 60 udalekin elkarlanean abiarazi duen BERTATIK BERTARA kanpainarekin bat egin duzue zuek ere. Zergatik?
Lehenengo eta behin, herrian, herriaren alde egiten diren ekimenetan herritarron parte hartze konprometituan sinesten dogulako. Herriaren ongizatea eta zaintza danon ardura dala uste dogulako. Une berezi honeetan are gehiago, esango neuke, eta Bertatik Bertara kanpainak honen alde egiten daualako. Gure jarduteko eragaz bat egiten dau kanpaina honek, gure produktuak, txokoak eta hizkuntza ikusmiran jartzen eta bultzatzen dauan kanpaina dalako. Gu ere horretan saiatzen gara gurera hurbiltzen diren bezeroekaz.
Horrez gain, gure landetxea, Landetxe Ekologikoa da 2016 urtetik. Hasiera batetik, 2009an Arrizurieta Landetxea jaio zanetik, egin genduan jasangarritasunaren aldeko apustua, batez ere, eguzki energia aprobetxatzeko, birziklaketa bultzatzen, gertuko produktuak erabiltzen eta abar. Denboraz esparrua zabaltzen joan gara.
Ingurumenarekin dugun konpromisoa bizitzako esparru guztietara hedatzen ahalegintzen gara, eta hizkuntza euretariko bat da. Gure herriko ekosisteman, hizkuntza identitatean eragin handia dauan eragilea baita. Hizkuntza ekologiari ten egiteko aukera ikusi dogu, bertako hizkuntza eta bertako produktuak zaintzea ezinbestekoa dalako benetan zelakoak garan erakusteko, eta hori ederto bilduta dago Bertatik Bertara kanpainaren ekimenetan.
Izatez, gure herriak badauko erakusteko moduko gauza asko: produktuak, ohiturak, bazterrak, hiztegi propioa, toponimia, historia, kontadizoak, zaletasunak, izaera… eta kanpaina honek aitzakia emoten deusku guzti honetaz ere berba egiteko gure bezeroekaz. Batzuk benetako interesa izaten dabe gure hizkuntzarengan, antzinekotasunak harritu egiten dauz, mendeetan zehar irauteak hain bitxia eta tokian tokikoa izanda ere. Gure hizkuntzaren musikalitatea, inongo hizkuntzaren antzik ez duena, berezia, desbardina, goxoa egiten jake. Eta aitzaki honegaz ere, bermiotarren berbakeriaren berezitasunak erakusteko aukera izaten dogu bezero euskalduna izan zein izan ez.
Zuena bezalako nekazal etxe batean, bisitaria etxean bezala sentitzea giltzarria da. Zuen kasuan, hurbiltasunarekin eta erosotasunarekin lortzen duzue hori, eta hurbiltasun horren baitan hizkuntza ere sartzen da, ezta?
Holan da. Gurea bezalako etxera heltzen dana gertutasun horren bila dator. Hurbiltasun hori harrera unean gure herriaren altxorrak eta ingurukoak agerian jartzen lortzen dogu. Bisitaldiaren iraupenaren arabera ibilbideak diseinatzen doguz eurekaz, euren zaletasunak edo jakin-mina kontuan hartuz. Hor jabetzen dira norberaren herriarenganako maitasunaz, ezagutzaz, arrotasunaz, bazter bakoitza disfrutatzeko zabaltzen deutsegun laguntzaz. Sarritan, ezagutzeko espero ebena baino gehiago dagoela, konturatzen dira. Orduan, eskuzabaltasun hori eskertzen dabe eta gureganako, euskaldunenganako, lehenengo inpresioa jasotzen hasten dira heldu barriak direnak. Gainera, gure herrietako edo txokoetako izenak, hain dira desbardinak eurentzako ezen kuriositatea sortzen jake, askotan ahozkatzeko arazoak sortzen jakez. Iribarrez onartzen dabe. Egun batzuk igarotzeko aukera badabe, konturatzen dira gure etxean ez ezik, kalean ere, euskaldunak holakoak garala, “hurbilekoak”, “laguntzekoak”. Zer edo zer r galdetu, bilatu edo behar izanez gero gure herriko jendeak “etxean legez” hartzeko izaten daben jarrera argi nabaritzen dabe, baita sarri, goraipatu ere.
Bisitariek eskertzen edo eskatzen al dute euskara entzutea, euskarazko hitzak ikastea eta antzekorik?
Danatarik aurkitu dot, egia esan. Badira arrotz egiten jakena euskerazko kartelak, oharrak eta holakoak edonon aurkitzeak eta deseroso sentiarazi egiten jakena. Konfiantzazko giroa lortu badogu esan esanten deuskue eta gu ahalegintzen gara gure hizkuntzaren alde argudiatzen. Gehienetan, aldiz, gure artean murgilduz, denboran zehar gugan izan daben irudia berreraiki egiten dabe eta horrek gure hizkuntzarekiko begirada zabaltzeko aukera bihurtzen jake, balioan jarriz. Nortasun batekin bat egiten dauan beste gako bat moduan agertzen jake. Nortasuna arlo desbardinetan: eraikuntza sendoetan, garraioetan, errepideetan, kulturaren zaintzan… Hau da, izateko eta egiteko modu bat. Orduan hasten dira gure hizkuntzaz galdetzen, nortasun horren ikurra bezala erabiltzen dogun, zein eremutan, denek dakigun, denek erabiltzen dogun, hitz batzuk ikasi nahian, karteletan agertzen direnez galdezka… Kanpainako mahai gainekoak primeran datoz horretarako, adibidez. Oinarrizko kit-a da.
Horrlako kanpaina gehiago bultzatu beharko gendukez bisitariak ez ezik herritarrak ere kontzientziatzeko, herritar gazteak azpimarratuko neuke, adineko herritarrak oso eredu ona baitira euskararen babesean eta indartzean. Bisitariei dagokionez, beharbada, euskara eta turismoa uztartzeko urrats handiagoak emon beharko geunkez. Merezi dauan erronka bat da. Sormena martxan jarri beharko dogu!