Hasiera » Zehaztu gabe » “Bisitariak eta herritarrak bertatik bertara gozatzera gonbidatu nahi ditugu, eta udalerri euskaldunak zer nolako altxorra diren nabarmendu”

“Bisitariak eta herritarrak bertatik bertara gozatzera gonbidatu nahi ditugu, eta udalerri euskaldunak zer nolako altxorra diren nabarmendu”

Izaskun Errazkin Beltza (Etxarri Aranatz, 1980) Sakanako Mankomunitateko euskara teknikaria eta Paqui Urbitarte Cabrera (Etxarri Aranatz, 1983) Sakanako Garapen Agentziako turismo teknikaria buru-belarri ari dira egun hauetan ere, bertako hizkuntza, ondarea, produktuak eta ekoizpenak ahalik eta gehien sustatzeko ekimenei hauspoa emanez, bakoitzak dagokion lekutik. Bertatik Bertara kanpainak eman die hainbat arlotan bat egiteko aukera.

Paqui Urbitarte eta Izaskun Errazkin, Bertatik Bertara kanpainaren kartela eskuetan dutela. UEMAko kide diren Sakanako bi udalak ari dira parte hartzen kanpainan: Etxarri Aranatz eta Arbizu.

Zergatik hartu du parte Etxarri Aranatzek kanpaina honetan?

Izaskun: Azken urtetan Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, Sakanako Garapen Agentziarekin elkarlanean, hiztegi eleanitzak banatu ditu turismoko eragileen artean bisitariei euskara ezagutzeko aukera emateko eta, aldi berean, turismoko eragileak sentsibilizatzeko. Baina aurten, koronabirusaren krisiarekin ez zaigu egokia iruditu.

Osasun krisiak agerian utzi du bertakoa zaintzeko beharra: gure herriak, bertako establezimenduak, bertako produktuak, gure bazterrak, gure hizkuntza, bertako ekonomia… Horiek guztiek bat egiten dute BERTATIK BERTARA kanpainan eta horregatik iruditu zaigu egokia kanpainan parte hartzea. Bisitariak eta herritarrak BERTATIK BERTARA gozatzera gonbidatu nahi ditugu, eta udalerri euskaldunak zer nolako altxorra diren nabarmendu. Sakanako UEMAko bi udalek egin dute bat kanpainarekin: Arbizuk eta Etxarri Aranatzek.

Krisialdi honetan, besteak beste, bertako establezimenduak, bertako ekoizleak eta inguruko paisaia ederrak baloratzen ikasi dugu. Baina aldi berean, horien zaurgarritasuna ere agerian gelditu da. Zenbait establezimenduk une gogorrak pasatu dituzte eta pasatzen ari dira. Euskara ere une batzuetan atzean gelditu da. Horregatik, beharrezko iruditzen zaigu gure herria eta gure hizkuntza balioan jartzea. Krisi honetatik bertatik eta bertakotik aterako garela sinesten dugu.

Sakanan martxan duzue Dastatu Sakana ekimena ere. Zertan datza?

Paqui: Dastatu Sakana eskualde mailan modu sostengarrian ekoizten diren kalitatezko produktu artisauen bereizgarria da. Marka honen baitan dauden ekoizleek salmenta zuzenaren aldeko apustua egiten dute, gertuko elikadura harremanak sortuz eta haien lana modu duinean merkaturatuz. Ekimen hau aliantza bat da, ekoizpen arduratsua eta tokiko kontsumoa bultzatzeko. Irudi honekin gure eskualdeko abeltzain eta nekazari txikien produktuak herrietako denda eta jatetxeetan identifikatuta aurkituko dituzu. Zuzenean lurretik zure mahaira. Elkarlanaren bitartez herri bizi eta sostengarriak lortzea du helburu; ekoizpenarekin arduratsua den kontsumo eredua bultzatzea, elikadura sostengarri, osasuntsu eta justu baten alde eginez. Kanpainaren inguruko informazio gehiagorako, http://dastatu.sakana.eus/ webgunean sartu daiteke.

Turismoaz edo merkataritzaz harago, bertako kultura eta ondarea ere erakusteko ahalegina egin nahi du Bertatik Bertarak. Etxarri eta Sakana ere aspaldidanik ari dira horretan, ezta?

Paqui: Horrela da bai, azken urteetan Sakanako Plan Estrategikoaren baitan ondarea balorean jartzeko hainbat proiektu lantzen ari gara Sakanan eskualde mailan. Horien artean aipagarrienak Sakanako Donejakue Bidearen berreskuratzea, Bernoako Galtzada balorean jartzeko GR ibilbide baten sorrera, Kirola naturan sustatzeko Trail estazioaren proiektua eta Sakanako ibilbide sarea, besteak beste. Adibidez, Sakanako ibilbide sarearen parte dira Etxarriko Haritz Zaharren ibilbidea, Trikuharrien ibilbidea eta Arbizuko Borden ibilbidea (informazio gehiago http://www.sakana.eus/eu/eskualdea-ezagutu/ibilbideak/ webgunean).

Izaskun: Etxarri Aranazko Udalak ahozko ondarea bildu eta zabaltzeko ahalegin berezia egin du. Horren adibide da www.etxarrikoahotsak.com webgunea. Ekimenaren helburua herriko hizkera eta ahozko ondarea bildu eta hedatzea da. Web orrian Etxarriko zenbait herritarren elkarrizketen bideoak ikusi daitezke. Jose Luis Erdoziak bertako hizkerari buruz argitaratutako zenbait lan ere badaude. Toponimia bildu eta zabaltzeko egindako lana ere azpimarragarria da. Jose Luis Erdoziak Etxarri Aranazko leku-izenak herrigune historikotik kanpo liburura eraman ditu herriko toponimoak.

Bestalde, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak ere bertako hizkera lantzeko liburuxkak argitaratu ditu eta Opazanak bideo-lehiaketa antolatzen du.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.