‘Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa’ aditu-titulua (15 ECTS kreditu) antolatu dute EHUk eta UEUk, UEMArekin eta Kontseiluarekin batera, eta ekainaren 30 arte zabalik da matrikula egiteko epea. 150 orduko graduondokoa da. Erdiak aurrez aurreko eskolatan eskainiko dira, 2020ko urritik 2021eko apirilera ostiral arratsaldetan izango diren zazpi saiotan, eta beste erdia Ikasgela Birtualean landuko da. Graduondokoa EHUren Berezko Tituluen eskaintzan sartzen da, eta hizkuntza eta lurraldea lotzen dituzten alorretan lan egiten duten hainbat erakundeetako ordezkariak izango dira irakasleak, tartean baita ELE sortu duten UEMAko arduradunak ere.
ELE aditu titulua eskuratzen dutenek lurralde-antolamenduko eta hirigintzako plan eta proiektuen eragin linguistikoa neurtzen lan egin ahal izango dute. Administrazio publikoen zein enpresa pribatuen eskaria handia baita, EAEko 2/2016 Toki Erakundeen legeak eta hura garatzeko dekretuak ELE egitea derrigorrezko bihurtu dutelako.
Iturria eta informazio osagarria:
· ueu.eus: Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa Aditu Titulua.
· EHU: Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa.
Tituluaren gakoak
Eragin Linguistikoaren Ebaluazioan (ELE) aditu tituluak lurralde-antolamenduko eta hirigintzako plan eta proiektuen inpaktu soziolinguistikoak aldez aurretik neurtzeko eta zuzentzeko tresna eraginkorrak eskainiko dizkio ikasleari.
Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) eraikuntza berrien (etxebizitzak, industrialdeak, azpiegiturak…) balizko hizkuntz kalteak indize objektiboen bidez aurreikusten dituen prebentzio-tresna da. Eta aurreikusitako kalte horien arabera neurri zuzentzaileak proposa ditzake planifikatzaileak. Hortaz, ELE tresna garrantzitsua da bereziki udalerri euskaldunenetan jazo daitezkeen hizkuntz aldaketa negatiboak saihesteko.
Euskal Autonomia Erkidegoan, gainera, 2/2016 Toki Erakundeen legeak zein hura garatzeko dekretu berriak derrigorrezko egin dute plan eta proiektuen hizkuntz inpaktuen ebaluazio prebentibo hori, baita balizko kalteak zuzentzeko neurri egokiak zehaztea ere. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioan (ELE) aditu tituluak hori egiteko heziko du ikaslea.
4 arrazoi titulua aukeratzeko
- Hirigintzaren eta soziolinguistikaren artean dagoen erlazioa baloratzen ikastea.
- Zuzenbidearen eta soziolinguistikaren artean dagoen erlazioa baloratzen ikastea.
- Lurralde-antolamenduko eta hirigintzako plan eta proiektuen inpaktu linguistikoa neurtzen ikastea.
- Inpaktu linguistikoen arabera neurri zuzentzaile egokiak proposatzen ikastea.
Irteera profesionalak
Lurralde-antolamenduko eta hirigintzako plan eta proiektuen inpaktu linguistikoa neurtzen lan egingo du ELE aditu titulua eskuratu duen ikasleak. Ebaluazioak administrazio publikoek (bereziki udalerri euskaldunetako udalek) zein enpresa pribatuek (arkitekto hirigileen bulegoek, ingeniaritzek…) eskatuko dituzte. Eskari hori bereziki handia izango da Euskal Autonomia Erkidegoan, 2/2016 Toki Erakundeen legeak zein hura garatzeko dekretu berriak ELE derrigorrezko egin dutelako.
Ezaugarri orokorrak:
- Eskaintza erdi-presentziala da:
- aurrez aurreko eskolak UEUko Eibarko egoitza akademikoan eta ostirala arratsaldez izango dira. 7 aurrez aurreko aurreikusten dira
- Online-koak UEUren Ikasgela Birtualean izango dira.
- Ikasleek, mintegietara agertzeaz gain, ikerketa lan bat ere egin beharko dute beraien interesen araberako gaia jorratuz.
Helburuak
Proposatutako graduondokoak jakintza berritzaile bat sortzea du helburu, orain arte gehiegi kontuan hartu ez den harreman batean sakonduz: lurralde-antolakuntzaren eta hirigintzaren eragin soziolinguistikoan, jakintza-alor zabal horiekin zerikusia duten beste zenbait esparru ere ahaztu gabe (sozioekonomia, geolinguistika, ekolinguistika, zuzenbidea, antropologia, demolinguistika…).
Hortaz, proposamenak Euskal Herriko gizartearen garapen kulturala aztertzea eta eraldatzea du xede, haren ondare immaterial intelektual nagusi den euskara zentrotzat joz, beti ere kalitatezko goi mailako irakaskuntzaren parametroetatik abiatuta.
Proposamenak erakunde publiko eta pribatuekiko harremana lantzen du, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA), eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua graduondokoaren suspertzaile diren heinean, UPV/EHU antolatzailea izan da. Beste elkarte eta erakunderen lankidetza ere izango dugu, hala nola, Ekogunea.
Edukiak
- Oinarri teorikoak (3 ECTS)
- Oinarri juridikoak (3 ECTS)
- Eragin LInguistikoaren Ebaluazioa. Metodologia eta Aplikazioa. (3,5 ECTS)
- Proiektu tutorizatua (5,5 ECTS)
Metodologia
Etengabeko prestakuntzara eta eguneratzera bideratutako eskaintza bat izanik, edukiei lotutako kreditu erdiak aurrez aurreko eskolatan eskainiko dira (7 saio) eta beste erdia Ikasgela Birtualean landuko da. Horrez gain, ikasleek ikerkuntza lan baten bitartez maila praktikoa garatu behar izango dute, ikasitakoa barneratuz eta landuz. Lanak azken aurrez aurreko saio batean aurkeztuko dira.
Nori zuzendua
Eragin Linguistikoaren Ebaluazioan (ELE) aditu titulua bereziki interesgarria da lurralde antolamenduan eta hirigintzan aritzen diren teknikarientzat (arkitektoak, ingeniariak, geografoak, soziologoak, abokatuak…), soziolinguistikan aritzen diren teknikarientzat (euskara-teknikariak, soziolinguistak, filologoak…), zein udalgintzan aritzen direnentzat (zinegotziak, aholkulariak, idazkariak…).
Matrikulaziorako argibideak
EHUren titulua izanik, izena eman eta matrikulatu EHUren Berezko Tituluen sarbidetik egin beharko da, hemendik. EHUren prozedura izanik, bertoko ikaslea ez bazara izan, prozedura berezia da eta guk lagundu ahal zaitugu bide hori egiten.
Izena emateko epea ekainaren 30era arte zabalik egongo da. Gutxieneko ikasle kopurua gaindituta, matrikulazio epea zabalduko da uztailaren 10etik 16ra, hau ere EHUren bitartez.
- Hasiera-data: 2020(e)ko urriaren 16a
- Amaiera-data: 2021(e)ko martxoaren 19a
- Tokia: UEUren ikastetxe nagusia. Eibar – Markeskoa Jauregia
- Nola heldu: http://www.tagzania.com/pt/markeskua-jauregia-eibar-1/
- Ordutegia: ostiralak. 15:00-20:00
- Izaera: Erdi presentziala
- Ordu kopurua: 150.00 ordu
- Matrikula-epearen hasiera: 2020(e)ko maiatzaren 1a
- Matrikula-epearen bukaera: 2020(e)ko ekainaren 30a