Hasiera » Zehaztu gabe » “Euskararentzat arnasguneak ezinbestekoak diren bezala, Euskaraldia bezalako arnasgailuak ere beharrezkoak dira”.

“Euskararentzat arnasguneak ezinbestekoak diren bezala, Euskaraldia bezalako arnasgailuak ere beharrezkoak dira”.

Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria ere etxetik ari da egun hauetan udalerri euskaldunen beharrei erantzuten.

Gaur hasi da Etxealditik Euskaraldira ekimena, konfinamendu egoera baliatuta etxeko hizkuntza ohituretan eragiteko helburuarekin. Udalerri euskaldunetan ere herrietako erabilera datuen eta etxeko erabileraren datuen artean aldea dago, eta jorratu beharreko arloa da, batez ere haur eta gazteengan ispilu eta ohitura bihurtzen delako etxeko hizkuntza. Gurasoek zein erakunde publikoek dituzten hainbat jarrera aldatzeko beharra ikusten du UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok, eta horretarako beharrezkoa ikusten du gaur abiarazitako ariketa, euskararentzat “arnasgailua” dela iritzita.

Gaur hasi da Etxealditik Euskaraldira ekimena. Azken batean, etxeko erabileraren inguruan hausnarketa egitea eta etxeko hainbat ohitura aldatzea da oinarria. Udalerri euskaldunetan ere beharrezkoa da?

Bai, noski. Euskaraldia egin zenean ere, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere bat egin zuen ekimenarekin, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala beharrezkoa zela iritzita. Orduan gogoratu genuen moduan, ordea, udalerri euskaldunetako errealitate soziolinguistikoak beste hausnarketa sakonagoa egiteko aukera ere ematen zuen, eta hausnarketa hartatik abiarazita sortu genuen ‘Hamaika aldiz gehiago’ izenekoa: euskaraz aritzen garela uste dugu, ados; baina zer hizkuntzatan ikusten dugu telebista? Zer hizkuntzatan irakurtzen egunkariak eta aldizkariak? Zer hizkuntzatan ikusten filmak edo entzuten podcastak? Zer hizkuntzatan jasotzen ditugu faktura gehienak? Zer hizkuntzan nabigatzen dugu sarean? Horrelako hamaika galdera egin genituen, eta horietan eragiteko hamaika proposamen bildu genituen. Orain, hori etxera ekar daiteke, eta galderak egiten eta hausnartzen jarraitu, hainbat ohitura aldatzea beharrezkoa dugula sinetsita.

Azken urteotako datuak ikusiz gero, hizkuntzaren ezagutzaren eta etxeko erabileraren arteko aldea arretaz begiratzeko modukoa da. Nola eragin daiteke arlo horretan?

Arretaz begiratzeko eta oso kontuan hartzeko modukoa da, bai. Kalean euskaraz aritzen den jende askok erdarara jotzen du gero etxean. Udalerri euskaldunetan ezagutzak behera egin badu ere, etxeko erabilerarekin alderatuta oso altua da ezagutzaren datua. Horren atzean, familien askotariko errealitate soziolinguistikoa egon daiteke. Euskalduna ez den edota euskaraz aritzeko ohiturarik ez duen gurasoa izan daiteke bat, eta haren jardunak eragin handia du etxeko hizkuntzan, noski. Kalean, berriz, udalerri euskaldunetan oro har arau soziala da euskaraz aritzea, azken urteotan erabilera datuek ere beherantz egin duten arren. Gero, ordea, etxera joandakoan aldatu egiten da arau hori, arrazoi ezberdinengatik. Hori oso arriskutsua da hizkuntzaren normalizazioaren ikuspegitik, noski. Horrek eragin handia baitu haurrengan eta gazteengan, bereziki. Euskara heziketarekin, eskolarekin eta antzekoekin lotzen dute, eta helduen artean benetan kontu garrantzitsuetarako erdara lehenesten dela ikusten dute, behin eta berriro. Horrelako ohiturekin euskararen biziberritzean egindako urrats asko geratzen da bazterrean. Azken batean, haur eta gazteen artean euskararen erabilerari dagokionez ikusten ari garen joeren arrazoietako bat etxeko hizkuntza ohituren eragina da.

Hor nola eragin daitekeen argi dago: euskaraz hitz eginez eta euskara lehenetsiz, baita eguneroko hamaika kontutan ere: hedabideetan, kultur kontsumoan, kirola egiterakoan, jolasean eta abar. Udalerri euskaldunetan erraztasun gehiago dute horretarako, bizitzako esparru gehienetan euskaraz aritzeko aukera dutelako, eta hori aprobetxatu eta zaindu behar dugu, haurrek, orain artean egin duten bezala, aisialdiarekin eta gozamenarekin ere lotu dezaten euskara. Horretarako, ordea, beharrezkoa da ez erlaxatzea.

Ariketa hori sustatuko du nolabait Etxealditik Euskaraldira ekimenak. Horrek lagunduko du ohiturak aldatzen?

Bai, lagundu dezake. Hori da sustatzaileen asmoa, eta UEMAtik bat egiten dugu ekimenarekin, noski. Izan ere, etxeko erabileraren inguruko datuak aldatzeko dena da beharrezkoa: laguntza, elkarlana eta ekimenak. Bestela, belaunaldi berrien hizkuntza ohituretan egundoko eragina duten jarrerak errotuko dira, eta askoz zailagoa izango da gero hori iraultzea. Azken urteotan UEMAren ildo garrantzitsuenetakoa da herritarren ahalduntzea, euskararentzat arnasguneek duten garrantziaz jabetu daitezen. Eskoletan milaka gazteengana zabaldu dugun hezkuntza proiektuarekin ere horretan ahalegintzen gara: hizkuntza ekologiaren ikuspegia lantzen eta soziolinguistika edukiak gazteen artean zabaltzen. Baina eskolan hori jaso arren gero etxean kontrakoa ikusten eta entzuten badute, lausotuta geratzen da egindako ahalegina.

Etxean jasotzen dutenaz gain, herri ekimenen zein erakundeen ispiluak ere hor ditugu, ezta?

Bai, eta horregatik dira garrantzitsuak Euskaraldia, edota Etxealditik Euskaraldira bezalako ekimenak. Behin eta berriro ahalduntze tailerretan edota eskoletan zabaltzen dugun mezuarekin bat egiten dutelako. Ohitura onak zein diren gogorarazten dute, gure hizkuntzari zergatik eutsi behar diogun nabarmenduz. Azkenaldian, zoritxarrez, zenbait erakunde publikok kontrakoa egin du: kontu garrantzitsuenetan euskara bigarren mailan utzi eta erdara lehenetsi. Agerraldietan, txostenetan edota udaletara bidaliko informazioan nabarmena da. Horren aurrean, udalen eta herritarren eskubideak errespetatzeko eta euskara kontuan hartzeko eskatu behar izan dugu. Euskara bera ere alarma egoeran utzi dute, eta horrek eragina du gero herritarrek inkontzienteki jasotzen duten mezuan: “kontu garrantzitsuetarako, erdara”. Oso arriskutsua da hori. Ahalegin berezia egin behar dugu euskara orain ere lehen lerroan jartzeko, bestela, osasun krisiak ekarriko du hizkuntzaren krisia ere areagotzea. Horregatik, euskararentzat arnasguneak ezinbestekoak diren bezala, Euskaraldia bezalako arnasgailuak ere beharrezkoak dira, herritarrek jarrera egokien ispiluan begiratzeko aukera izan dezaten.


Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Etxealditik Euskaraldira: zer egingo dugu?

· Etxeko errepublikan nola txertatu euskara (Berria, 2020-04-21).
· Miren Dobaran: “Euskaraldiak ez du izango buruan genuen zabalkundea” (Berria, 2020-04-19).
· Euskaraldia: ardura hartu (Berria, 2020-04-19).
· Etxealditik ere euskarari arnasa emanez (Berria, 2020-04-22).
· euskaraldia.eus

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.