Hasiera » Zehaztu gabe » Bertan behera geratu da Udalerri Euskaldunen Eguna

Bertan behera geratu da Udalerri Euskaldunen Eguna

Maiatzaren 30ean egitekoa zen, Seguran, eta datorren urtera atzeratzea erabaki dute UEMAk, Segurako Udalak eta bertako elkarteek eta eragileek.

UEMA, Segurako Udala eta bertako hainbat talde, elkarte eta eragile elkarlanean ari ziren maiatzaren 30ean egitekoa zen Udalerri Euskaldunen Eguna antolatzen. Koronabirusaren eraginez sortutako egoerak, ordea, eguna bertan behera uztera eraman ditu. Izan ere, maiatzaren amaieran jendea bilduko luketen ekitaldiak egitea posible izango den jakin gabe, zuhurrena datorren urtera atzeratzea dela erabaki dute guztien artean.

Garai batean urtero antolatzen zen Udalerri Euskaldunen Eguna. Baina 2016tik aurrera bi urtetik behin egitea erabaki zen, txandaka, urte batean udalerri euskaldunen inguruko jardunaldiak antolatuz, eta hurrengo urtean Udalerri Euskaldunen Eguna eginez.

UEMAko kide diren 87 herriak biltzeaz harago, gainerako udalerri euskaldunen bilgune ere izaten da eguna, egitarau zabalarekin. Azken urteotan, gainera, udalerri euskaldunen eta arnasguneen berariazko aitortza, babesa eta garapena hizkuntza politika aurrerakoien ardatzetako bat bihurtu da, hainbat erakunderen arteko elkarlanari esker, eta horren isla izan nahi zuen Segurako hitzorduak. Aurtengoak, ordea, datorren urtean beharko du.

UEMAren batzar nagusia, zalantzan

Udalerri Euskaldunen Egunarekin bat eginez, batzar nagusia ere egin ohi du UEMAk, eta maiatzaren 30ean bertara deituta zeuden UEMAko kide diren herrietako udal ordezkariak. Alarma egoeraren eta osasun larrialdiaren nondik norakoak eguneratzen eta zehazten joan ahala, batzar nagusia egiteko moduan izango den ala hori ere atzeratu behar izango den jakinaraziko die UEMAk hurrengo asteotan ordezkariei, egoeraren araberako informazioa eta irizpideak eduki ahala.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.