Hasiera » Zehaztu gabe » “Udalerri batzuetan, euskara bera izan daiteke ardatza turismoa sustatzeko”

“Udalerri batzuetan, euskara bera izan daiteke ardatza turismoa sustatzeko”

Turismoaren eta euskararen inguruko hainbat hausnarketa bildu ditu hilabete honetako Aizu aldizkariak. Besteak beste, UEMAk alor honetan orain arte egindako lanaz eta hainbat erakunderen artean abiarazitako ‘Ongi etorri euskararen herrira’ kanpainaz aritu dira.

UEMAko teknikari Goizane Aranak azaldu du UEMAk gai honen inguruan orain arte egindako bidea. Bere honetan ekarri dugu hona Aizu aldizkariko lana.

Iturria: Aizu aldizkaria. 2020ko apirila.
Jatorrizkoa, hemen, PDFan.

Wellcome? Ez, ongi etorri!


Azken urteotan, turismoa asko hazi da Euskal Herrian, eta eragin nabarmena izan du. Haren ondorio onen aldeko iritziak eta gurean nagusi den turismo ereduaren kalteak salatzen dituztenak hizpide eta ika-mika iturri bilakatu dira. Ekonomia nabarmentzen dute, batik bat, aldekoek; turismo sektorearen interesak herritarren beharren gainetik jartzen direla salatzen dute, aldiz, kontrakoek. Lanpostu gehiago eta negozio berriak sortzen direla, ahotan batzuek; lan baldintza kaskarrak, etxebizitzaren prezioaren gorakada, turismoak jandako auzoak…, besteek. Alor asko izan dira mintzagai, baina beste zenbaiti ez zaie gehiegi erreparatu orain arte. Tartean, turismoaren eta euskararen arteko harremanari. Izan ere, euskarak leku eskasa izan du turismo jardunaren barnean, nahiz eta Euskal Herriko bereizgarri nagusietakoa, edo nagusia, izan. Gaiarekin kezkatuta, zenbait erakunde eta eragile hasiak dira kontua lantzen, sektoreak aintzat har dezan, euskara turismoaren zurrunbiloan gal ez dadin, eta bere lekua izan dezan. Badago zer egin eta zer aztertu, Euskal Herria ez da-eta soilik gastronomiaren eta paisaiaren herria, euskararen herria baizik, batez ere. Testuak: Eñaut Mitxelena, Txomin L.Aramaio, Esti Lanao.

“Turismoak euskaran izan dezakeen eragina guk euskarari ematen diogun balioaren araberakoa izango da”

2017an hasi zen UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea turismoaren eta euskararen arteko harremana jorratzen. Lanketa hori ematen ari denaz aritu zaigu Goizane Arana UEMAko teknikaria.

Goizane Arana, UEMAko teknikaria.

“Euskara eta turismoaren gaia, espresuki, orain arte ez da landu izan” dio Aranak, “baina egia da turista asko dituzten herrietan gaiaren gaineko kezka bazutela dagoeneko, eta hasiak zirela turismo eskaintzan euskararen presentzia zaintzeko eta euskara balioesteko bidea egiten. Batez ere, hizkuntza irizpideei lotutako lanketak egin izan dira”. Izan ere, turismoak eta euskarak elkarri eragiten diote. Hori bai, “turismoak euskaran izan dezakeen eragina guk euskarari ematen diogun balioaren araberakoa izango da, hein handi batean. Turismoa aukera ere izan daiteke euskara erakusteko, gure bereizgarri moduan saltzeko, eta horrek plus bat eskainiko dio bisitariari, haren esperientzia askoz ere osoagoa izango baita. Era berean, gaur egun oso turistikoak ez diren udalerri euskaldunetan turismoa sustatzeko aukera paregabea ere izan daiteke”. Nolanahi ere, “horren kontzientziarik ez badugu, arriskua egon daiteke justu kontrakoa egiteko: euskara ezkutatzeko eta erdarak nabarmentzeko…”.
Kontzientziazio beharra behin baino gehiagotan aipatu du Aranak, horrek izango lukeen eragina gogoan: “Esaterako, turismo sektorea euskalduntzeko aitzakia ezin hobea izan daiteke. Horregatik, funtsezkoa iruditzen zaigu turistekin harremanetan dauden profesionalak euskararen balioaren garrantziaz jabetzea. Gainera, kontuan izan behar dugu bisitarien ehuneko handi bat euskalduna dela, eta, askotan, ahaztu egiten dugu”.
UEMAk aztertua du zein jarrera duten bisitariek euskararekiko, Zumaian, Bermeon eta Leitzan iaz eginiko inkesten bitartez. Emaitzak “oso positiboak” izan ziren, eta hainbat “datu esanguratsuazaleratu zituzten. Esaterako, % 95ek erantzun zuten ez zutela inolako arazorik izan euskararekin. Euskara hutsezko errotuluei buruz galdetuta, % 45ek esan zuten eskertu egiten dituztela, eta ederra iruditzen zaiela tokikoari balioa ematea”. Bisitarien jatorriak ere datu adierazgarriak utzi zituen: galdetegia erantzun zutenen % 25 Euskal Herrikoak ziren, “eta Espainiako estatutik etorritakoen erdiak bi hizkuntza ofizial dituzten erkidegoetakoak”.
Aranaren hitzetan, “emaitzek bide paregabea eman digute turismo eskaintzan euskara erakutsi eta balioetsi egin behar dugula nabarmentzeko, eta turismo sektorekoei esateko ez dagoela aitzakiarik euskara ez erabiltzeko, alegia, euskara ez dela oztopo, gure identitatea indartzeko eta gurera datorrenari erakusteko abagune baizik”.
Euskara turismoan barneratzeko, bi lan ildo nagusi aipatu ditu Aranak. Batetik, “oinarrizko” lana: “Gure eskaintza orotan, euskara erabili: turismo bulegoetako informazio orrietan, errotuluetan, menuetan, hotel eta antzekoen eskaintzetan… Baita ahozko harremanetan lehen hitza euskaraz eginda”. Bestetik, euskara turismo eskaintzaren erdigunean jarri: “Euskara bera interesekoa izan daiteke bisitariak gurera etortzeko. Euskara izango da turismo eskaintzaren ardatza”. Adibideak ere eman ditu: “Euskara ikasten ari denarentzat, udalerri euskaldunak praktikatzeko leku ezin hobeak dira. Turismorik ez dagoen tokietan, eta eremu oso euskaldunetan, euskara bera izan daiteke ardatza turismoa sustatzeko”.
Aranak dioenez, “guk garbi dugu lehenengo ildoa garrantzitsua dela, euskararen presentzia bermatu egin behar delako. Baina bigarren ildoa, udalerri euskaldun eta arnasguneetan garapen sozioekonomikorako aukera paregabea izan daitekeela uste dugu”.
Lan ildoak zehaztuak izan arren, bultzada eta erabaki politikoak erabakigarriak dira. “Tokian tokiko lanketak egin ditzakegu, eta eragin zehatza izan dezakete. Baina erabaki politikoak funtsezkoak izango dira. Ari gara norabide honetan bidea egiten, eta erakunde batzuk ari dira erakusten badaudela norabide honetan arraun egiteko borondatea eta asmoa”. UEMAko udalen “borondate eta nahia” jarri ditu adibide, bai eta Gipuzkoako Foru Aldundiak turismo plan estrategikoan euskara ardatza izango dela jaso izana ere. Halere, “nahiz eta egia izan bidea egiten ari garela eta esperantzarako arrazoiak badaudela”, oztopoak ere badira: “Oro har, euskararekiko kontzientziazio eta politika irmorik eza. Ez dugu benetan baliotzat jotzen, ez dago agenda politikoaren erdigunean eta, hortaz, turismo estrategien erdigunean ere ez”. Turismo industriari dagokionez, halaber, bidea egiteke dagoela uste du. Hori bai, betiere folklorismoan eta antzekoetan jausi gabe. “Arrisku hori beti egon daiteke. Horregatik, guretzat oso garrantzitsua da lelo hutsetatik ekintzetara pasatzea. Praktika ezinbestekoa izango da”. Bide horretan, dagoeneko hasiak dira urratsak ematen: Urola Kostako Ongi etorri euskararen herrira kanpaina aipatu du, eta “beste hainbat garapen agentziarekin ere gaia lantzen hasiak gara, bi ildoetan eragiteko”.

“Jauzi kualitatiboa eman nahi izan dugu euskara turismo eskaintzaren erdigunean jarrita”

Urola Kostako Udal Elkarteak proposamen berritzaile bat abiatu berri du: lehenengo aldiz, zuzen-zuzenean uztartuko ditu turismoa eta euskara. Elkartearen lehendakari Lourdes Salsamendi Goñik azaldu dizkigu kanpainaren nondik norakoak.

Lourdes Salsamendi, Urola Kostako Udal Elkartearen lehendakaria.

Eskualdeko turismo zerbitzuek eta euskara zerbitzuek elkarlanean hausnartu eta garatutako estrategiaren emaitza da proiektua. “Kanpotarrei eskaintzeko izan dezakegun balio erantsirik nabarmenena euskara eta gure nortasuna direla sinetsita, zergatik ez eraiki euskaren baitan ardaztutako turismo estrategia eraginkorra?“ dio Salsamendik.
Bide horretan, elkarteak aliantzak bilatu ditu: “Gipuzkoako Foru Aldundiaren turismo estrategia ere ildo horretatik doa, eta UEMA ere aspalditik dabilenez gai honen gaineko hausnarketak egiten, ezinbestekoa ikusi dugu guztion arteko lankidetza proiektua bideratzea” azpimarratu du Salsamendik.
Hori bai, horrek ez du esan nahi turismo sektoretik orain arte ez diotenik erreparatu euskarari. “Gure eskualdeko turismo zerbitzuek beti izan dute, berez, euskararekiko begirunea. Oraingoan, baina, jauzi kualitatiboa eman nahi izan dugu eta, bat ere konplexurik gabe, euskara turismo eskaintzaren erdigunean jarri dugu”.
Urola Kosta eskualdea euskaldun-euskalduna da, eta oso turistikoa. Ezaugarri biak batu, eta bide honi ekin diote. Antolatzaileen berbetan, gune turistiko euskaldunek euskararen biziraupenean duten garrantziaz jabetuta landu da kanpaina. “Euskara eta euskal nortasuna izango ditu ardatz eskualdetik bideratuko dugun aurtengo turismo eskaintzak. Euskara bisitariekin partekatu nahi da, herri euskaldun batean egoteak dakarren esperientziaz goza dezaten”. Aurretik aitatu bezala, Urola Kostako udalerriak (Aia, Aizarnazabal, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) euskararen arnasguneak dira. Hortaz, ekimen honekin, bisitariei herri euskaldunak direla erakutsi eta gure hizkuntza ezagutzeko aukera emango zaie.
Turistei euskara ezagutarazteaz gain, eskualdeko herritarrei begira ere egingo da lan. Izan ere, euskaldun gisara ahaldundu eta euskarazko harremanak areagotzeko abagune bikaina izango da proiektua bertakoentzat. Bereziki, turismo sektoreko eragileei begirako sentsibilizazio lana jorratuko da. “Horixe izango du oinarri proiektuak: sentsibilizazio lana” argitu du lehendakariak.
Horrela, turismo sektoreko eragileentzako saio labur eta praktikoak antolatu dituzte: eskualde osoan zehar, hiru astetan, 11 prestakuntza saio eskainiko dira. Kanpainaren nondik norako nagusiak azaltzeaz batera, formakuntza praktikoa ere eskainiko da.
Eskualdeko denda, jatetxe, taberna, ostatu eta gainerako zerbitzuetako merkatari eta profesional guztientzako saioak izango dira, non, besteak beste, zerbitzua euskaraz eskaintzearen garrantziaz ohartaraziko da. Hainbat euskarri eta material ere banatuko da. Informazio saioez harago, prestakuntza praktikoa eskainiko dute, eta kanpainarekin bat egiteko gomendioak emango dira.
Behin sentsibilizazio lana eginda, hainbat euskarri prestatuko dira kanpotarrentzat, zuzen-zuzenean, euskara ahalik eta modurik erabilgarri eta praktikoenean gerturatzeko. Urola Kostako herrietara doazenei oinarrizko nozio batzuk ematea ere bada asmoa: hitzak, zenbakiak edota esaldi laburrak. “Europako hizkuntzarik zaharrena gurean bizi-bizirik dagoela erakustearekin batera, euskararen gaineko ikuspegi moderno eta erakargarria transmititu nahi zaie”. 

“Munduan hizkuntza bakarra bagenu, turismoak berak ere zentzua galduko luke”

Itsaso Olaizola Azurmendik Kutxa Ekogunean lan egiten du, teknikari. Haren ustez, turismoaren sektorean euskara balioesteak turismoa aberastuko luke, eta horrek, era berean, hizkuntzaren garapenean eragin positiboa izango luke.

Itsaso Olaizola, Kutxa Ekoguneko teknikaria.

Ezin dugu ukatu gure lurraldean oso harro gaudela geure hizkuntzaz, euskaraz, eta lau haizetara zabaltzeko lan ikaragarria egin izan dugula beti. Horrez gain,erabilera indartzeko eta sustatzeko ahaleginak handiak izan dira, eta oraindik ere badira. Hala ere, lagungarria izan daitekeen eta oso kontuan hartzen ez dugun arlo batek ihes egiten digu: turismoa.
Itsaso Olaizola Azurmendi Kutxa Ekoguneko teknikaria da, eta, haren ustez, “euskarak gure lurraldean egiten den turismoa aberasteko aukera eman dezake”. Izan ere, gure eremu hurbiletik irten eta beste herri batera joaten garenean, bestelako esperientziak bilatzen ditugu, kultur eta natur aniztasunean murgildu nahi dugu. Bisitatzen ari garen horrek eskaintzen digun guztia barneratu nahi dugu. “Tokiko kultura, hizkuntza, paisaia edota bizitzeko ohiturei balioa ematen badiegu, eta turismoari ere irekitzen badizkiogu, turismoa bera aberasten ariko gara”. Hau da, Euskal Herrira etortzen diren turistei euskara erakusten badiegu, eta gure hizkuntzarekin harreman positiboa badute, beren herrietara itzultzen direnean euskararen sustatzaile bihurtzeko aukera izango da; hots, euskara gure lurraldeaz harago hedatuko da. Alderantziz ere gertatzen da: gurean egon bitartean, turistek beren kultura eta hizkuntzaren berri ematen digute. Hartu-emana sortuko da, turismo horri esker, eta horrek gure hizkuntzaren garapenean zuzeneko eragina izango du.
Elkarreragin horretan, Itsaso Olaizolak hizkuntza ekologia kontzeptua proposatzen du, egungo hizkuntza krisiari erantzuteko: “Hizkuntza guztien garapen iraunkorra lortzea du helburu hizkuntza ekologiak, eta, mundu hobea eraikitzeko, munduko hizkuntza aniztasuna babestea eta tokiko hizkuntzak biziberritzeko neurriak hartzea proposatzen du”. Hiru aplikazio maila nabarmendu ditu teknikariak: ekologiaren begirada, ekologiaren ezagutza eta ekintzailetza ekologikoa. “Lehenengoa aniztasuna aberastasuntzat eta bizirauteko giltzarritzat jotzen duen bizi ikuskera da, baita hizkuntza aniztasunari dagokionez ere. Bigarrenak gogora ekartzen du ekologiaren zientzia eta ingurumenaren babeserako teknikak hizkuntzetara ere ekartzen dituela hizkuntza ekologiak, beste gizarte zientzietan egiten den gisan, hala nola, ekofeminismoan edota ekologia politikoan. Azkenik, ikuspuntu ekologikoa interbentzionista eta ekintzailea da, orekaren bilaketa etengabea du helburu, eta, horretarako, hizkuntza galerari aurre egiteko, hizkuntza gutxituak babesteko neurriak hartzea proposatzen du, hizkuntzen artean oreka izan dadin”.
Bestalde, Olaizolak dioen moduan, “gaur egungo garapen ereduan, hizkuntzak desagertzen ari dira, pobretzen ari gara, eta aniztasuna eta bizirauteko gaitasuna galtzen”. Horregatik, teknikaria aniztasun biologikoaz mintzatu da: “Bioaniztasuna aberastasuna da, eta zenbat eta bioaniztasun handiagoa izan, orduan eta aberastasun eta bizirauteko gaitasun handiagoak”. Antzera gertatzen da hizkuntzekin: “Zenbat eta kultura eta hizkuntza gehiago, orduan eta mundu aberatsagoa”. Hori dela eta, ez du uste gizaki guztiok hizkuntza bakarra hitz egingo bagenu hobeto ulertuko genukeenik elkar; eta ekologiaren ikuspegitik begiratuta, hizkuntza aniztasuna bizirauteko giltzarria delakoan dago: “Hizkuntza da kultura baten ezaugarririk berezkoena, eta hizkuntza eta kultura bakoitzak mundua ulertzeko eta eraldatzeko modu bat ematen digu”. Hortaz, hizkuntza bakarra izango bagenu, “turismoak berak ere zentzua galduko luke”. Aitzitik, euskara biziberritzea eta tokiko hizkuntzari balioa ematea globalizazioak eragiten duen homogeneizazio joera horri erantzuteko modu bat izango da, teknikariaren ustez.
Zentzu horretan, turismoak badu zereginik hizkuntzak, eta bereziki euskara, biziberritzeko bidean: “Turismo eredu iraunkorrak tokiko hizkuntzak eta kulturak unibertsalak bihurtu behar ditu, eta euskararen garapenerako aukerak eman”. Bestela, turismo ereduaren aztarna ekologikoa eta linguistikoa orekatzeko, “babes neurriak hartzea garrantzitsua izango da”, dio Olaizolak.
Izan ere, ez gaude ohituta geure burua euskaraz aurkeztera, eta  turistekin ari garenean euskarari ez diogu duen balioa ematen. Tokiko hizkuntza gutxituek oso bestelako mundu ikuskera eskaintzen dute, eta turistek horixe bilatzen dute. Beraz, “euskara eman behar diegu turistei”. Nola? Hori ere argi du Kutxa Ekoguneko teknikariak: “Hizkuntz politika ez da soilik Euskara Sailean egiten; Turismo Sailean ere egin behar da”.


Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.