Hasiera » Zehaztu gabe » Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiaraziko dute aurten ere UEMAk eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean

Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiaraziko dute aurten ere UEMAk eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean

Aurrez aurreko hitzorduak bertan behera geratu baldin badira ere alarma egoeraren eta osasun larrialdiaren ondorioz, errenta euskaraz egiteko kanpainarekin aurrera egingo dute UEMAk, udalek eta hainbat erakunde publikok, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian. Errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik.

Administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea ere beharrezkoa da, eta hautu horretan eragin nahi du aurten ere UEMAk, udalekin eta beste hainbat erakunde publikorekin elkarlanean abiarazitako kanpainak, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere.

Azken urteotan bezala, errenta aitorpena egiteko hainbat modu daude, aurten alarma egoerak baldintzatuta aurrez aurreko hitzorduak bertan behera geratu edo udazkenera atzeratu diren arren. Lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera webguneak, telefonoak eta gainerakoak aldatzen badiera ere, moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da kanpaina honekin UEMAk lortu nahi duena. Batetik, datuetan islatu dadin udalerri euskaldunetan herritarrak euskaraz bizi direla. Bestetik, administrazioa euskalduntzeko bidean eragiten jarraitzeko.

Lurralde edo eskualde bakoitzera moldatutako kanpainak


Lurralde, foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoaren arabera moldatzen du kanpaina eta mezua, eta UEMA ere horren arabera ari da elkarlanean bateko eta besteko erakundeekin.

Nafarroan, esaterako, aitorpen gehienak mekanizatuak dira, beste herrialdeetan bezala, baina ondasunetan aldaketak badira, banketxeetan eta aholkularitzetan zuzentzen dituzte. Beraz, horietarako Hemen errenta aitorpena euskaraz egin dezakezu mezuarekin kartelak zabalduko dituzte leku horietan. Era berean, UEMAko kide diren Nafarroako herrien zerrendarekin ere kartela zabalduko dute, herritarrei datuak hobetzeko gonbidapena eginez. Nafarroan, maiatzaren 6an hasiko da errenta aitorpena egiteko kanpaina.

Gipuzkoan, berriz, lau urterako egitasmoa abiaraziko du Gipuzkoako Foru Aldundiak: 100.000 zergadun ogasunarekin euskaraz. Horren baitan, Ogasunarekin euskaraz leloa gehituko dute aurtengo kanpainari lotutako euskarri guztietan. UEMAk ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bat eginez, lelo hori gehitu du Gipuzkoako udaletarako prestatutako euskarri denetan. Euskarri horiek egokitu dituzte gero tokian tokiko erakundeek, dagozkien mezuak eta datuak sartzeko. Oarsoaldean, esaterako, eskualdeko udal guztiek egin dute bat kanpainarekin, azken urteotan bezala.

[Oarsoaldeko udalek bat egin dute ekimenarekin, UEMAren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren kanpainei beraiena gehituta].

Bizkaian, errenta aitorpena egiteko modu erabilienetakoa finantza erakundeen bulegoetara jotzea denez, aurrez aurreko hitzordu horiek atzeratu egingo dira alarma egoera eta osasun larrialdia amaitu arte. UEMAk zenbait finantza erakunderekin duen hitzarmenaren baitan, tarte hori baliatuko du kanpainaren eta horretarako prestatutako baliabideen berri emateko finantza erakundeei. Zenbait lekutan, gainera, berariaz lantzen dute gaia finantza erakundeekin eta aholkularitzekin. Bermeon, Ondarroan, Lekeition eta Markina-Xemeinen, esaterako, bertako udalek kanpaina egingo dute aurten ere, UEMArekin, finantza erakundeekin eta aholkularitzekin elkarlanean, errenta euskaraz egitera gonbidatuz herritarrak

Kanpainarako kartelak, euskarriak eta herriz herriko datuak, eskura

Kasu guztietan, ohi bezala, kanpainarako prestatutako material grafikoa, udalen, erakunde publikoen eta euskara talde edo elkarteen eskura jarri du aurten ere UEMAk, lurraldez lurralde errenta euskaraz egiten duten zergadunen herrikako datuekin batera.

Hemen ikusi eta eskuratu daitezke kartelak, euskarriak, irudiak eta gainerako azalpen-orriak:
· Errenta aitorpena euskaraz (2020 kanpainarako materiala).



Gai honi buruzko informazio osagarria:

· Badator errenta autorpena euskeraz egiteko kanpainea (bizkaie.eus, 2020-03-30).
· Errenta-aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu dute UEMAk eta Orioko Udalak (orio.eus, 2020-03-30).
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina martxan jarri dute hainbat erakundek (zarauzkohitza.eus, 2020-03-30).
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina, martxan (uztarria.eus, 2020-03-30).
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina martxan jarri dute hainbat erakundek (Urola Kostako Hitza, 2020-03-30).
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina martxan jarri dute hainbat erakundek (karkara.eus, 2020-03-30).
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina martxan jarri dute hainbat erakundek (baleike.eus, 2020-03-30).
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiaraziko dute aurten ere UEMAk eta hainbat erakunde publikok (erran.eus, 2020-03-31).
· Errenta aitorpena euskaraz (aizarnazabal.eus, 2020-03-30).
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin du Udalak (oiartzun.eus, 2020-03-30).
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu dute Usurbilgo Udalak eta eta UEMAk (usurbil.eus, 2020-04-02).
· Egin errenta aitorpena euskaraz (deba.eus, 2020-04-10).
· Errenta aitorpena euskaraz (etxalar.eus, 2020-04-20).
· Errenta aitorpenetan ere euskarak dagokion lekua izateko
(Tolosaldeko Ataria, 2020-04-23).
· Errenta aitorpena euskaraz kanpainarekin bat egin du beste urte batez Udalak (oñati.eus, 2020-04-24).
· Errenta aitorpena euskaraz (lekeitio.com, 2020-04-03).
· Maiatzaren 4an hasiko den errenta aitorpena euskaraz egitera bultzatu nahi ditu herritarrak Ondarroako Udalak (udalbarriak.eus, 2020-04-27).
· Euskaraz egiten diren errenta aitorpen kopurua handitu nahi dute udalek (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, 2020-04-27).
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko gonbidapena (guaixe.eus, 2020-05-07).
· Ziortza-bolibartarrei errenta aitorpena euskaraz egiteko gonbidatea egin die udalak (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, 2020-06-17).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.