Hasiera » Zehaztu gabe » “Herriz herri gazteak kontzientziatzeko topaketak” izango dira aurten ere

“Herriz herri gazteak kontzientziatzeko topaketak” izango dira aurten ere

Udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak aurkeztu dituzte gaur, Zumaian. Bertatik Lekeitiorako ibilbidea egingo dute parte hartuko duten gazteek, ekainaren 29tik uztailaren 5era. UEMAk antolatu ditu topaketak, “gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko”, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin eta Zumaia, Deba, Lekeitio eta Ondarroako udalen laguntzarekin. 50 lagunentzako lekua izango da, eta martxoaren 31 bitartean zabalik dago izena emateko epea.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, Maddi Aldalur Zumaiako Euskara eta Hezkuntza zinegotzia, Ainize Alzibar Lekeitioko Euskara eta Hezkuntza zinegotzia, Eneritz Basurko Ondarroako alkateordea eta Euskara eta Hezkuntza zinegotzia, Arantza Egaña Itziarko auzo alkatea eta eta Aritz Larrañaga Debako Euskara zinegotzia hedabideen aurrean agertu dira gaur, Zumaian, udalerri euskaldunetako gazteentzako aurtengo topaketen nondik norakoak aurkezteko.

Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen UEMAk duela lau urte, eta azken ikasturteetan UEMAko herrietako ikastetxe guztietan aritu dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken hiru urteotan. Iaz, lehen aldiz, ibiltaria izan zen ekimena, eta 60 gaztek hartu zuten parte. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa hauekin.

Herritarrak sentsibilizatzeko, “UEMArekiko elkarlana, estrategikoa”

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak nabarmendu duenez, egundoko garrantzia dute udalerri euskaldunek eta arnasguneek, bertako herritarrek euskararen biziberritzean jokatzen duten paper garrantzitsuagatik. Horregatik, herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko UEMA egiten ari den ahalegina eta abian dituen ekimenak goraipatu ondoren, Eusko Jaurlaritzarentzat UEMArekiko elkarlana estrategikoa dela nabarmendu du, eta topaketa hauei emandako babesa ere ildo horretan kokatu du, Arnasa Gara kanpainarekin eta UEMArekin elkarlanean abiaraztitako beste zenbait ekimenekin batera.

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok adierazi duenez, UEMArentzat udalerri euskaldunetako herritarrak kontzientziatzea eta sentsibilizatzea ildo nagusietako bat da, “inertziatik kontzientziarako saltoa eman dezaten”. Horretarako UEMAk martxan dituen lan-ildoetan Eusko Jaurlaritzak emandako babesa eta udalen laguntza ezinbestekoa dela aitortu du, eta eskerrak eman dizkie gainerako mahaikideei.

Zumaiako eta Lekeitioko euskara zinegotziek, Maddi Aldalurrek eta Ainize Alzibarrek, hurrenez hurren, udaletan euskara zerbitzuetatik egiten ari diren lana gogoratu dute. UEMAk antolatutako topaketa hauek lan horiekin erabat uztargarriak eta osagarriak direnez, topaketak beraien herrietan hasteko eta bukatzeko eskaintza gustura jaso dutela adierazi dute. Aurtengo topaketen berrikuntzetako bat, zehazki, udalek ekarpenak egiteko egitaraua osatzeko izango duten aukera izango da. Horrela, gaurko agerraldian izan diren udaletako ordezkariek gazteentzat erakargarriak izango diren ekimenak iragarri dituzte.

Udalerri euskaldunetako gazteak parte hartzera gonbidatuz eta topaketei buruzko informazio praktikoa aipatuz (ikus PDFa) amaitu dute agerraldia.

Hemen prentsaurrekoaren harira Erlo Telebistak egindako albistea ere ikusgai >>>

IZENA EMATEKO MODUA:
· Hemen klik eginda eta datu hauek beteta.

Bideoa: iazko parte hartzaileek egindako bideoa, aurtengo topaketetarako deialdia eginez.

Hemen, berriz, informazio osagarria, PDFan


Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak Zumaiatik Lekeitiora izango dira aurten (uema.eus, 2020-01-21).
· Gazteek Salto! egingo dute euskararen inguruan ahalduntzeko
(Urola Kostako Hitza, 2020-03-05).
· Udalerri euskaldunetako gazteen topaketak Zumaian hasi eta Lekeition amaituko dira (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, 2020-03-04).
· Gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko eta “eragile aktibo bihurtzeko” topaketak antolatu ditu UEMAk (Europa Press, 2020-03-04).
· Gazteak euskararen inguruan kontzientziatzeko topaketak egingo dituzte udan (2020-03-05).
· Gazteak euskararen inguruan kontzientziatzeko topaketak antolatu ditu UEMAk (naiz.eus, 2020-03-04).
· Udalerri euskaldunetako 14 eta 18 urte arteko gazteei zuzendutako topaketak antolatu ditu UEMAk (Erlo Telebista, 2020-03-05).
· Gazteek Salto! egingo dute euskararen inguruan ahalduntzeko
(Baleike, 2020-03-05).
· Euskararen eusle izateko (Gipuzkoako Hitza, 2020-03-06).
· UEMAk gazte topaketa ibiltaria antolatu du aurten ere
(orio.eus, 2020-03-09).
· UEMAko gazteen topaketea Zumaiatik Lekeitiora egingo dabe
(bizkaie.eus, 2020-01-21).
· Zumaian hasiko da UEMAk antolatutako euskararen aldeko ekimen ibiltaria (Baleike, 2020-01-21).
· UEMAren gazteentzako topaketak Zumaiatik Lekeitiora izango dira aurten (Europa Press, 2020-01-21).
· Udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak Zumaiatik abiatuko dira aurten (zumaia.eus, 2020-01-21).
· Udalerri euskaldunen gazte-topaketa ibiltaria Zumaiatik Lekeitiora izango da (gipuzkoa.eus, 2020-01-24).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.