UEMAk eta Segurako Udalak elkarlanean antolatuko dute aurten Udalerri Euskaldunen Eguna. Gaur izango da Segurako talde, elkarte eta eragileekin lehen bilera, egunaren eta egitarauaren nondik norakoak zehazten hasteko. Zenbait udal berri gehituko dira egun horretan UEMAra.
Garai batean urtero antolatzen zen Udalerri Euskaldunen Eguna. Baina 2016tik aurrera bi urtetik behin egitea erabaki zen, txandaka, urte batean udalerri euskaldunen inguruko jardunaldiak antolatuz, eta hurrengo urtean Udalerri Euskaldunen Eguna eginez.
UEMAko herriak biltzeaz harago, gainerako udalerri euskaldunen bilgune ere izaten da eguna, egitarau zabalarekin. Azken urteotan, gainera, udalerri euskaldunen eta arnasguneen berariazko aitortza, babesa eta garapena hizkuntza politika aurrerakoien ardatzetako bat bihurtu da, hainbat erakunderen arteko elkarlanari esker, eta horren isla izan nahi du aurten Segurako hitzorduak.
Egitarauaz hitz egiteko, eta egunaren nondik norakoak antolatzeko, Segurako Udalak eta UEMAk gaur arratsalderako deitu ditu herriko taldeak, elkarteak eta euskaltzaleak. 18:30ean izango da bilera, Segurako Danon Gelan. Izan ere, Tolosan, Leitzan eta Diman izandako azken Udalerri Euskaldunen Egunek erakutsi duten moduan, giltzarria da herriko eta eskualdeko taldeak eta eragileak elkarlanean aritzea, eguna arrakatatsua izan dadin.
UEMAren batzar nagusia ere maiatzaren 30ean, Seguran
Udalerri Euskaldunen Egunarekin bat eginez, batzar nagusia ere egingo du UEMAk, ohi bezala. Seguran izango den batzar horretarako, gainera, UEMAko kide izateko zenbait udalek hurrengo asteotan egingo dituzten eskaerak aztergai izatea aurreikusten da.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Udalerri Euskaldunen Eguna Seguran izango da, maiatzaren 30ean (Europa Press, 2020-01-29).
· Udalerri Euskaldunen Eguna Seguran egingo dabe (bizkaie.eus, 2020-01-29).
· Maiatzaren 30ean Seguran izango da aurten Udalerri Euskaldunen Eguna (berria.eus, 2020-01-29).