Hasiera » Zehaztu gabe » UEMAko kide da gaurtik aurrera Alkiza

UEMAko kide da gaurtik aurrera Alkiza

Urte amaierako Batzar Nagusia egin du gaur UEMAk Usurbilen.
Bertako Sutegi aretoan elkartu dira UEMAko kide diren 86 udalerri euskaldunetako alkateak eta zinegotziak eta, besteak beste, UEMAra sartzeko Alkizak egindako eskaera onartu dute. Horrela, UEMAko 87. udalerria bihurtu da Tolosaldeko herria.

Horrez gain, 2019an egindakoaren balantzea eta 2020rako egitasmo nagusiak ere onartu dituzte batzarkideek. Azken urtean arnasguneen garrantzia jendarteratzeko eman diren urratsak, EAEko Udal Legea garatzeko dekretuak udalei hizkuntza politika ausartagoa egiteko eman dien babesa, eta Eragin Linguistikoaren Ebaluazioak hartu duen pisua nabarmendu dituzte.

UEMAko kide diren 87 udalerrietako alkate eta zinegotziek
Usurbilen egin dute gaur Batzar Nagusia.

UEMAko kide diren herrietako ehun bat alkate eta zinegotzi elkartu dira gaur Usurbilen, UEMAren urte amaierako ohiko Batzar Nagusian. Aztergaien artean, batez ere 2019ko balantzea eta 2020rako egitasmoa izan dituzte ordezkariek. Baita UEMAko kide izateko Alkizako Udalak egindako eskaera ere.

2019ko balantzean, batez ere honakoak nabarmendu dituzte:
· Euskararen arnasguneen garrantzia jendarteratzeko egindako bidea, eta horren baitan hainbat erakunde publikoren artean abiarazitako Arnasa gara kanpaina.
· EAEko Udal Legea geratzeko dekretua. Horrek udalei hizkuntza politikarako eman dizkien eskumenak, eta Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko beharra legeak bermatu izana.
· Arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua berritu eta osatu izana, unitate didaktiko eta bideo berriekin, eta horiek guztiak eskolentzako uema.eus/hezkuntza webgunean bildu izana.
· Euskararen erabilera areagotzeko udalek egindako planak. Gabiriako Udalak egindakoa erakutsi dute eredutzat, inertziaz lan egitetik kontzientziaz eta irizpide batzuen baitan lan egitera pasatzeko emandako urratsak aipatuz.

Alkizarekin, 87 udalerrik osatutako 250.000 biztanleko lurgune euskalduna

UEMAko kide izateko Alkizako Udalak egindako eskaera ere onartu dute batzarkideek. Horrela, UEMAko kide den 87. udala bihurtu da gaur Alkiza. UEMAko kide diren udal guztien artean 250.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute.

Urriaren 29an egindako udal osoko bilkuran erabaki zuen Alkizako Udalak UEMAko kide izateko eskaera egitea. Inaki Irazabalbeitia alkatearen hitzetan, “Alkiza arnasgune izanik ere, ez dago euskararen normalizazioak dituen desafioetatik libre. UEMAko kide izateak desafio horiei aurre egiteko baliabideak eskainiko dizkigu bai udalari berari dagozkion zereginetan baita gizartean eragiteko unean ere”.

2016an argitaratutako datuen arabera, euskaldunak %91,3 dira Alkizan. Oro har euskaraz bizi dira Alkizan, baina udalerri euskaldun gehienetan bezala, beheranzko joera islatzen dute datuek: 1996 (%96,9) eta 2016 (%91,3) urteen artean 5,6 puntu egin zuen behera euskaldunen indizeak. UEMAko kide izanda, egoera iraultzeko eta euskararen biziberritzeari hizkuntza politika sendo eta bateratuekin ekiteko asmoa adierazi du Alkizako Udalak.

Bideoa:
Alkizako alkate Iñaki Irazabalbeitiaren adierazpenak Alkiza UEMAko kide onartua izan ondoren

Kontseiluak landutako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapenak udalerri euskaldunetan duen garrantziagatik eta izan dezakeen eraginagatik, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao gonbidatu zuen UEMAk azalpenak ematera, batzarrera. Protokoloa udaletan garatzeko eta aberasteko, UEMAren laguntza nahitaezkoa izango zaiela nabarmendu zuen Bilbaok.

Bideoa:
Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapenaz

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok, berriz, oso berri pozgarritzat jo zuen Alkiza UEMAra gehitzea, poliki-poliki mankomunitatea handitzen ari dela eta bidea urratzen jarraitzen duela nabarmenduz.

Bideoa:
Iraitz Lazkano, UEMAko lehendakari

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.