Hasiera » Zehaztu gabe » Alkiza UEMAko kide izango da bihartik aurrera

Alkiza UEMAko kide izango da bihartik aurrera

Urte amaierako Batzar Nagusia egingo du UEMAk bihar Usurbilen, 2019ko ekimenen balantzea egiteko eta 2020rako egitasmo nagusiak onartzeko. Alkizak UEMAra sartzeko eskaera ere aztertuko dute batzarkideek. Horrela, UEMAko kide den 87. udala izango da Alkiza. Guztien artean 250.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute.

Usurbilen egingo du Batzar Nagusia UEMAk larunbat honetan.
Sutegi aretoan izango da, 10:00etatik aurrera.

Urtean bi Batzar Nagusi egiten ditu UEMAk. Aurten, ordea, hirugarrena izango du, agintaldi hasierako batzarra egin baitzuen urriaren hasieran, Getarian, lehendakari berria eta zuzendaritza batzordekide berriak hautatzeko. Orain, urte amaieran ohikoa izaten deno Batzar Nagusian elkartuko dira UEMAko kide diren alkateak eta zinegotziak. Aztergaien artean, batez ere 2019ko balantzea eta 2020rako egitasmoa izango dituzte ordezkariek. Baita UEMAko kide izateko Alkizako Udalak egindako eskaera ere.

2019ko balantzean, batez ere hiru kontu nabarmenduko dituzte. Honakoak:
· Euskararen arnasguneen garrantzia nabarmentzeko eta jendarteratzeko egindako bidea. Hainbat erakunde publikoren artean abiarazitako Arnasa gara kanpaina.
· EAEko Udal Legea geratzeko dekretua. Horrek udalei hizkuntza politikarako eman dizkien eskumenak, eta Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko beharra legeak bermatu izana.
· Arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua berritu eta osatu izana, unitate didaktiko eta bideo berriekin, eta horiek guztiak uema.eus/hezkuntza webgunean bildu izana.

Erakundeen eta herri eragileen arteko elkarlana, UEMAko ia herri guztietan egin diren erabilera planak, eta urtean zehar landutako beste hainbat kontu ere hizpide izango dituzte udaletako ordezkariek

Alkizarekin, 87 udalerrik osatutako 250.000 biztanleko lurgune euskalduna

UEMAko kide izateko Alkizako Udalak egindako eskaera ere aztertuko dute batzarkideek. Horrela, UEMAko kide den 87. udala bihurtuko da Alkiza. Udal horien guztien artean 250.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute.

Urriaren 29an egindako udal osoko bilkuran erabaki zuen Alkizako Udalak UEMAko kide izateko eskaera egitea. Inaki Irazabalbeitia alkatearen hitzetan, “Alkiza arnasgune izanik ere, ez dago euskararen normalizazioak dituen desafioetatik libre. UEMAko kide izateak desafio horiei aurre egiteko baliabideak eskainiko dizkigu bai udalari berari dagozkion zereginetan baita gizartean eragiteko unean ere”.

2016an argitaratutako datuen arabera, euskaldunak %91,3 dira Alkizan. Oro har euskaraz bizi dira Alkizan, baina udalerri euskaldun gehienetan bezala, beheranzko joera islatzen dute datuek: 1996 (%96,9) eta 2016 (%91,3) urteen artean 5,6 puntu egin zuen behera euskaldunen indizeak. UEMAko kide izanda, egoera iraultzeko eta euskararen biziberritzeari hizkuntza politika sendo eta bateratuekin ekiteko asmoa adierazi du Alkizako Udalak.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· UEMAko kide izatea erabaki du Alkizako Udalak (uema.eus, 2019-10-30).
· UEMAko kide izateko erabakia hartu du Alkizako Udalak (Tolosaldeko Ataria, 2019-11-06).
· UEMAko kide izatea erabagi dau Alkizak (bizkaie.eus, 2019-11-05).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.