Euskara eta turismoa nola uztartu eta euskara turismo eskaintzan nola eta zertarako nabarmendu aztertzeko jardunaldia izango da, udalerri euskaldunetako herri turistikoenetan azken urteotan sortutako kezkak aztertzeko, hausnarketak partekatzeko eta lanerako ildo berriak zehazteko.
UEMAk eta Udako Euskal Unibertsitateak antolatu dute, Orioko Udalaren laguntzarekin.
UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok, UEUko idazkari nagusi Ane Sarasuak eta Orioko alkate Anuska Esnalek gaur Donostian hedabideen aurrean egin duten agerraldian aurkeztu dute Euskara eta turismoa: aukerak eta arretaguneak jardunaldia. Orioko Arraunetxean izango da, azaroaren 21ean, 10:00etatik aurrera, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea.
Iraitz Lazkanok adierazi duenez, UEMAk 2017an ekin zion udalerri euskaldunetako turismo eskaintzan euskarak izan beharreko lekuari buruzko hausnarketari, horretarako lantaldea sortuta. Hasieran, bisitariak jaso ohi dituzten hainbat udalerri euskaldunen kezkak bi norabide zituen: batetik, turismo guneetako merkatari eta ostalari askok euskara ezkutatzeko duten joera; bestetik, bisitariek zenbaterainoko pisua duten herrietako egoera soziolinguistikoan, hizkuntza ohituretan eraginez.
Gai horien inguruko pertzepzioak datuetara ekarri nahian, bisitariek euskararekiko duten ikuspegia aztertu zuen iaz UEMAk, inkesten bidez. Udaberrian aurkeztu zituen datuak UEMAk, eta jasotako erantzunetan joera argia ikusten zen: bisitari ia guztiek eskertu egiten dute euskara ikustea edo entzutea, eta askok berariaz hautatzen du udalerri euskaldunetara etortzea, euskararekin topo egiteko.
Lazkanoren hitzetan, horren aurrean, UEMAk ezinbestekoa ikusi zuen euskarak turismo eskaintzan jokatu behar duen paperari buruzko hausnarketa egitea: “Berehala ohartu ginen lotuta dauden bi konturi buruz hausnartzea ezinbestekoa dela. Batetik, gaur egungo turismo ereduaren baitan euskara ere kontuan hartzea da bideetako bat. Euskara lehenetsiz edota euskara ere oso kontuan hartuz. Turismo eskaintza beste edozein herrialderen antzekoa izan daiteke, baina euskara kontuan hartuta. Beste ildoak, ordea, hausnarketa sakonagoa dakar. Euskara sustatzeko, euskara, hizkuntza eta euskal kultura turismo eskaintzaren erdigunean jartzeko eta eskaintza turistikoa horren arabera pentsatzen, sortzen eta antolatzen hasteko beharra jartzen du agerian”.
Ildo horrek turismo eskaintzan eta udalerri euskaldunen garapen ekonomikoan izan dezakeen eraginagatik eta garrantziagatik, hausnarketa eta ikerketa beharrezkoa dela ikusita, UEMAren eta UEUren arteko elkarlana nabarmendu du UEUko idazkari nagusi Ane Sarasuak, jardunaldiaren egitaraua azaltzearekin batera: “UEUren egiteko nagusietako bat gizarteari topaguneak eskaintzea da. Kezkak atzeman, jaso eta horiei tokia ematea, beti ere modu akademiko batean. UEMAk udalerri euskaldunen zaintzaren eta garapenaren inguruan egiten duen lana ezagututa, hausnarketan eta ikerketan bidelagun gara aspaldidanik, eta elkarlan horren emaitza da jardunaldi hau ere”.
Turismoaren inguruan, zehazki, gaur egun hainbat udalerri euskaldunetan dituzten kezkak hizkuntza gutxituetako beste zenbait herrialdetan lehenago ere izan dituztela eta horien inguruan egindako hausnarketak ere egitaraura ekarri nahi izan dituztela ere adierazi du.
Honakoa da azaroaren 21eko egitaraua:
EGITARAUA
· 08:45-09:15 Dokumentazioaren banaketa.
· 09:15-09:30 Ongi etorri mahaia (UEMA, UEU, Orioko Udala).
· 09:30-11:00 Irekiera hitzaldiak:
Jon Elzo (Gura proiektua)
(zehaztu gabe)
· 11:00-11:30 Atsedenaldia eta kafe etena
· 11:30-12:30 Hizlari gonbidatua:
Jean Yves Agard (Bordeleko KEDGE enpresaritza eskola)
Reconciling economy, tourism, identity and culture: urgent strategic choices for the development and attractiveness of the territory! (the case of the Perigòrd)
· 12:30-13:30 “Hizkuntza-ekologia: turismoa eta hizkuntza garapena“, Itsaso Olaizola (Kutxa Ekoguneko teknikaria, UEUkidea)
· 13:30-15:00 Bazkaria.
· 15:00-16:00 Turista jasangarriaz, Inhar Agirrezabal (Arkitektoa, UEUkidea).
· 16:00- 17:30 Mahai ingurua:
Idurre Lukas (Bizibiziki enpresa, Ikerketa eta iraunkortasun arduraduna).
Iker Goiria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoko zuzendaria).
Esther Facchin (Zarauzko turismo teknikaria).
Gotzon Barandiaran (Idazlea, Dijitalidadeako kidea, JALGI ekimeneko kidea-Ahotsenearen izenean, UEUkidea).
Dinamizatzailea: Jon Elzo.
· 17:30-17:45 Ondorioak.
Orioko alkate Anuska Esnalek, berriz, Orio ere bisitariak jasotzen dituen udalerri euskalduna dela eta jardunaldiaren oinarri diren hausnarketekin eta kezkekin bat egiten duela adierazi du. “Udalerri euskalduna da Orio. Bisitariak eta turistak jasotzen ditugu, eta jardunaldi honetan aztertuko dena eta egingo den hausnarketa interes handikoa da guretzat. Horregatik, herriko bi ondare garrantzitsuenetakoak uztartuko ditugu, euskara eta arrauna, jardunaldia Arraunetxean eginda”.
Prentsaurreko agerraldia, osorik, bideoan:
Izena emateko modua eta gainerako informazio osagarria,
UEUren webgunean:
Jardunaldiak balio akademikoa izango du, eta izena emateko modua, egitaraua, eta jardunaldiari buruzko informazio guztia, UEUren webgunean aurki daiteke, esteka honetan:
labur.eus/euskaraturismoa
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Orioko Arraunetxen egingo da ‘Euskara eta turismoa: aukerak eta arretaguneak’ jardunaldia, azaroaren 21ean (orio.eus, 2019-11-05).
· Euskarari eta turismoari buruzko jardunaldia, batak bertzeari lagun diezaiokeelako (naiz.eus, 2019-11-05).
· Euskara eta turismoa lotuko dituzte, batak bestzeari lagun diezaiokeelako (Gara, 2019-11-06).
· Euskara eta turismoa uztartzeko jardunaldia egingo dute Orion (Urola Kostako HITZA, 2019-11-11).
· “Turismo sektorean euskara nabarmetzeko erabaki ausartak behar ditugu, gaur egun egiten denaren kontrako norabidean” (uema.eus, 2019-04-03).
· Euskara eta turismoa uztartzeko jardunaldia egingo dute Orion (Karkara, 2019-11-07).
· Eta zuk, bisitari, ba al dakizu hemen euskaraz egiten dela? (Argia, 2019-04-15).
· Euskara eta turismoa: Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzak UEMArentzat egindako txosten orokorra, datuekin eta ondorio nagusiekin (PDFa, 54 orrialde).
· Euskara ikustea, entzutea eta turismo eskaintzan nabarmentzea gustura hartu ohi dute bisitari gehienek (Berripapera, 2018ko abendua).
· Euskara turismo eskaintzaren erdigunera ekartzeko zenbait ekimen, udalerri euskaldunetan (uema.eus, 2017-07-05).
· Euskara eta turismoa lotzeko ekimenak landu dituzte Oriok, Zumaiak, Azpeitiak eta Nafarroako Gobernuak (argia.eus, 2017-07-06).
· Turistek euskararekiko duten iritzia jasotze aldera inkesta bat banatuko du Zumaiako Udalak (baleike.eus, 2017-07-05).
· Orioko Udalak euskararen erabilera bultzatu nahi du herriko taberna eta jatetxeetan (orio.eus, 2017-06-12).
· Turistek euskararekiko dute pertzepzioa jakin nahi du Zumaiako Udalak (Urola Kostako Hitza, 2017-07-07).