Hasiera » Zehaztu gabe » Erdaldunek euskararekiko duten harremana eta garapen estrategiak abiarazteko oinarriak aztertuko dituzte Iñaki Arregi ikerketa bekaren lehen deialdiko saridunek

Erdaldunek euskararekiko duten harremana eta garapen estrategiak abiarazteko oinarriak aztertuko dituzte Iñaki Arregi ikerketa bekaren lehen deialdiko saridunek

· Tokiko garapen ekonomikorako estrategiak eraikitzeko marko kontzeptuala, arkitektura eta metodologia aztertuko du Joseba Garmedia ekonomialariak eta EHUko irakasleak.

· Enara Eizagirre, Edurne Urrestarazu eta Ekhi Zubiriak osatutako ikerketa-taldeak, berriz, udalerri euskaldunetara iritsi diren erdaldunek euskararekiko zer-nolako harremana, bizipenak eta iritziak dituzten aztertuko dute.

· Ikerketa bakoitza 5.000 eurorekin lagunduko da, eta egileek bederatzi hilabeteko epea izango dute lana amaitzeko. 2020ko udazkenean UEMAk antolatuko dituen jardunaldietan aurkeztuko dituzte.

Gaur jakinarazi dituzte zein diren Iñaki Arregi ikerketa bekaren lehen deialdiko saridunak eta saritutako ikerlanak, Gipuzkoako Foru Aldundian hainbat erakundek eta eragilek egindako agerraldian. Bertan izan dira saridunak, beka sortu eta sustatu duten erakunde eta eragileetako ordezkariekin batera.

Agerraldiaren hasieran, beka honen garrantzia nabarmendu dute UEMAk, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak eta Udako Euskal Unibertsitateak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Garbiñe Mendizabalen hitzetan, “euskararen biziberritzean ikerketa ere behar dugu nahitaez, eta horretara dator beka hau. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta UEMAren arteko elkarlanaren alde lan handia egin zuen Iñaki Arregik, eta beka honek bere izena izatea poztekoa da, ikerketa eta elkarlana uztartzen dituelako”.

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok gogoratu duen moduan, “udalerri euskaldunak garatzea da euskararen arnasguneei sendo eusteko modu eraginkorrena. Ondorio horretara heldu ginen iaz hainbat erakunde eta eragile, eta udalerri euskaldunak garatzeko hainbat irizpide eta oinarri proposatu genituen. Aurten, oinarri horiek aintzat hartuta eta agintaldi berrian udalerri euskaldunak garatzeko adibide praktikoak aztertu eta abiarazi nahian, Iñaki Arregiren omenezko beka sortu dugu, UEMAren sorreran eta ibilbidean giltzarria izan zen euskaltzalearen omenez. Beka honekin sarituko diren lanek, udalerri euskaldunak garatu ahal izateko ekimen zehatzak jarriko dizkigute eskura urtez urte. Horrela, iaz proposatutako irizpideak eta oinarriak maila teorikotik praktikora ekarriko ditugu, udalerri euskaldunak garatzeko moduak zabalduz”.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Ikerketa eta Koordinazio zuzendari Josune Zabalak, berriz, udalerri euskaldunek eta arnasguneek euskararen biziberritzean eta normalizazioan duten garrantzia nabarmendu du. Horren jakitun, euskararen erabilera sustatu nahian herritarrak kontzientziatzeko eta ahalduntzeko egiten ari den lana ekarri du gogora: “Hainbat erakunderen artean abiarazi dugun Arnasa Gara kanpaina da horren lekuko. Ildo bereran, eta arnasguneen garrantziari buruzko hausnarketa eta ekimenen baitan, bidean naturalki heldu den beste urrats bat da Iñaki Arregi ikerketa beka, arnasguneak garatzeko proposamen praktikoak bildu nahian”.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok ere “Iñaki Arregiren omenezko beka hau arnasguneen garrantziaren inguruan egindako bidea sendotzeko eta aurrera egiteko pauso gisa” ulertu behar dela nabarmendu du. “Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldietan, udalerri euskaldunak berariaz zaintzeko eta babesteko beharra ikusi genuen duela zenbait urte. Elkarlanean egindako bide hark emaitza oparoak eman ditu: erakunde publikoak, unibertsitatea eta euskalgintzako gizarte erakundeak batera aritu gara, lehenik diagnostikoa eta hausnarketa eginez, ondorioak adostuz, eta udalerri euskaldunak babesteko lege izaera hartu duten neurriak ere bildu ditu EAEko Udal Legeak. Orain, beste urrats bat da hau, udalerri euskaldunak babesteaz gain, nola garatu behar diren ere praktikoki ikusteko. Horrelako ikerketak eta ekarpenak behar dituzte arnasguneek, eta horrelako beka bat merezi zuen Iñaki Arregik ere”.

Saridunak: Enara Eizagirre, Edurne Urrestarazu eta Ekhi Zubiriak osatutako ikerketa-taldea, eta Joseba Garmendia

Antolatzaileek udalerri euskaldunen garrantzia eta hauek garatzeko bekaren nondik norakoak nabarmendu ondoren, lehen deialdian sarituak izan diren egitasmoak aurkeztu dituzte egileek.

——————————————————————————————————————————

Honakoak dira egitasmo saridunak eta egileak

Egitasmoa: Herri euskaldunetako erdaldunekin hizketan: UEMAko udalerrietako erdaldunek euskararekiko dituzten gogoetei buruzko ikerketa.

Egilea: Enara Eizagirre, Edurne Urrestarazu eta Ekhi Zubiriak osatutako ikerketa-taldea.

Ikerketa-gaia: udalerri euskaldunetara 2005az geroztik iritsi diren jatorriz Euskal Herritik kanpoko herritar erdaldunek zer-nolako harremana, bizipenak eta iritziak dituzten euskararekiko eta bizi diren herriarekiko.

Helburuak: ikerketa honen helburu nagusia honakoa da: udalerri euskaldunetara 2005az geroztik iritsi diren jatorriz Euskal Herritik kanpoko herritar erdaldunek zer-nolako harremana, bizipenak eta iritziak dituzten euskararekiko eta bizi diren herriarekiko (zein espaziotan sozializatzen duten, zein pertsona-talderekin duten harremana egunerokotasunean, hizkuntza desberdinen artean egiten duten kudeaketa kontziente eta inkontzientea, euskarak beren bizitzan duen presentzia eta bere inguruan duten iruditeria…) eta euskararekiko dituzten beharrak, mugak eta aukerak identifikatzea.

Dena dela, helburu nagusi horren baitan, hiru helburu zehatz ere baditu ikerlanak:

1. Udalerri euskaldunetara 2005az geroztik iritsi diren jatorriz Euskal Herritik kanpoko pertsonen migrazio prozesua aztertzea UEMAko herrian kokatu diren arte eta egungo errealitate soziala ezagutzea: dituzten harreman-sareak (herrian eta herritik kanpo), egoera sozioekonomikoa eta laborala, beren egunerokotasuneko ezaugarriak eta dinamikak.

2. Zein hizkuntzekin duten harremana aztertzea: zein hizkuntza erabiltzen dituzte egunerokotasunean, xede-taldearen edo espazioaren arabera egiten dituzten -edo ez dituzten- aldaketak, hizkuntzekin lotuta dituzten beharrak eta iritziak.

3. Zehazki euskararekin duten harremana aztertzea: beren bizitzan duen lekua eta eragina, euskararen inguruan izan dituzten bizipenak, beharrak eta duten imajinarioa, belaunaldi desberdinak dauden kasuetan (seme-alabak, aiton-amonak…) bakoitzak euskararekiko duen harremanak dituen ezaugarriak eta belaunaldien arteko loturak eta hausturak. Udalerri euskaldunetako erdaldunen beharrak zehazki ezagututa, kolektibo horri ondo egokitzen zaizkion esku-hartzeak eta aurrera begirako lan-ildoak diseinatzeko gakoak identifikatzea, udalerri euskaldunak garatzeko proposamen bideragarriak eta zehatzak bilduta.


Ikerketa-taldearen aurreko esperientzia:

Edurne Urrestarazu Garcia (Idiazabal, 1993) gizarte eta ikus-entzunezko antropologoa da. Euskal Herriko Unibertsitatean gradua eta Aarhuseko Unibertsitatean masterra burutu du bere ibilbide akademikoan. 2016an Jose Miguel de Barandiaran beka eskuratu zuen Josu Ozaita Azpiroz antropologoarekin batera, eta Arabako Errioxako ardogintzari buruzko ikerketa landu zuten, 2019ko udan liburu bidez argitaratuko dena. Hizkuntzekiko interes berezia garatu du txikitatik, eta horrek unibertsitate garaian euskarari buruzko ikerketak egitera eraman zuen. Azkeneko urteetan kanpoan bizi izateak, Islandian, Danimarkan eta Erresuma Batuan, kanpotarren azaletik hizkuntzei buruzko gogoetak egitera ahalbidetu du, eta orain ikerketa honen bidez, beste buelta bat eman eta herri euskaldunetan erdaldunek bizi dutena aztertzea da bere nahia.

Enara Eizagirre Arandia (Azpeitia, 1993) gizarte antropologoa da. Euskal Herriko Unibertsitatean graduatua, gaur egun ikerketa antropologikoko master bat amaitzen ari da. Gizarte eta hizkuntza gaietaz diharduten hainbat ikerketa zentrotan egin du lana, besteak beste Aztiker Soziologia ikergunean, BCBL hizkuntza eta kognizioaren inguruko nazioarteko ikerketa zentroan edota CSICen. Beti izan du interesa hizkuntzen inguruan oro har eta euskararen inguruan zehazki. Hori dela-eta, bere ikasketetan egin izan ditu hizkuntzekin lotutako ikerketak, tartean Azpeitian bizi diren Espainiako estatuz kanpoko iritsi berriek euskararekiko dituzten iritzi eta jarrerak. Horrez gain, azken urtean herri berera iritsi berriak diren hainbat emakumerekin hizkuntza eta genero perspektiba uztartzen dituen proiektu bat garatu du, beren errealitatea eta beharrak ulertzeko asmoz, eta euskararekiko duten harremana garatzeko ardatzak identifikatzeko. Orain proposatzen den honen bidez, bide horretan gehiago sakontzea nahiko luke.

Ekhi Zubiria Etxeberria (Hernani, 1988) soziologoa da, Euskal Herriko Unibertsitatean lizentziatua. Lizentziatu ondoren Aztiker Soziologia Ikergunean praktikak egin eta gaur egun bertako langilea da, ikerketa sailean. Ikerketa gaiarekin lotutako hainbat azterketetan parte hartu du. Batetik, Euskal Herrira iritsi berrien inguruko ikerketa kualitatiboetan eta, bestetik, hizkuntzarekin eta zehazki euskararekin lotutako hainbat ikerketa gidatu edota parte hartu du, esaterako, Hernaniko euskararen ezagutza eta erabilera bilakaeraren azterketa. Bigarren mailako datu estatistikoen ustiaketan aritzeaz gain, euskara eta Geografia Informazio Sistemak (GIS) uztartu ditu euskararen ezagutza mapak egiteko.

——————————————————————————————————————–

Egitasmoa:Tokiko garapen ekonomikorako estrategiak eraikitzeko marko kontzeptuala, arkitektura eta metodologia

Egilea: Joseba Mikel Garmendia (Zumarraga, 1968). Antropologoa, ekonomialaria eta EHUko irakaslea da. Urteetan joan da tokiko garapen esperientzien ezagutza osatzen. Gipuzkoako Goierri Goiko eskualdean dagoen Urola Garaiko Garapen Agentziarekin hasi zen 1999. urtean. Gero, 2001. urtean Zuberoako despopulazio eta ehun produktiboaren ahultze prozesua aztertzeko aukera izan zuen.

Bertako eragile administratibo, sindikal, enpresarial eta kulturalekin izandako harremanetatik, bertako Herri Elkargoak abian ezarritako ‘Xiberoa 2010’ garapen ekimena martxan jartzeko prozesuan parte hartu nuen. Prozesu horren ondorioz, Euskal Garapen eta Kohesio Funtsaren diseinuan lagundu zuen. Diseinu horretarako garapen endogenoko bi esperientzia aberats ezagutzeko parada izan zuen: Lea ibarreko esperientzia eta Zerain herrikoa.

Azken urteotan, berriz, Aezkoa, Zaraitzu eta Sakana bailaretako garapenarekin lotutako hainbat ekimen, prozesu eta plan estrategikotan ere aritu da lanean.

Ikerketa-gaia: tokiko garapen estrategiak eraikitzen izandako esperientzia eta gaiari buruzko akademiaren literatura iturburu hartuta, herri zein eskualde eskalatan garapen endogenoko estrategiak abian jartzea eta eraikitzeko oinarria eskaintzea.

Helburuak:

“Ikerketa honen helburu nagusia, eskala lokalean baliagarria izango den garapen endogenorako eredu kontzeptual sistemikoa eskaintzea da. Eredu honi ‘garapen endogenorako tokiko sistema’ deituko diogu eta honako dimentsio hauek barneratuko ditu: sistemaren osatzaile diren eragile eta antolakuntzen arteko harremanak, beraien arteko interdependentzia graduak, prozesu esanguratsuak, eta bere oinarrizko egitura eta inguruarekiko bere berezitasuna birproduzitzeko sistemaren ahalmena (eta zailtasunak).

Eredu kontzeptual honen bitartez arestian aipaturiko asegabetasun horiei aurre egiten saiatuko da lana. Zentzu honetan izaera sistemiko barneratu nahi du; garapen esperientzietan berrikuntza prozesuez gain beste prozesu gakoak identifikatu nahi dira eta horretarako berrikuntzaren kontzeptuaren definizio hertsia erabiliko du; tokiko eskala erregio-eskalatik substantiboki ezberdinduko du; garapen prozesuen dimentsio anizkoitzak barneratu nahi ditu eta gizarte fenomeno osotzat hartu; eta azterketa diakronikoak egin nahi dira, genesi eta heldutasun aurreko faseen azterketan sakonduz”.

[Bideoak]
Irabazleen azalpen laburra saritutako ikerlanen nondik norakoari buruz:

· Enara Eizagirre eta Edurne Urrestarazu: udalerri euskaldunetara iritsi diren erdaldunek zer-nolako harremana, bizipenak eta iritziak dituzten euskararekiko.

· Joseba Garmendia: tokiko garapen ekonomikorako estrategiak eraikitzeko marko kontzeptuala, arkitektura eta metodologia.

Prentsaurreko agerraldia, osorik, hemen ikusgai:

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Iñaki Arregi beka sortu du UEMAk, udalerri euskaldunen garapena aztertzeko, ikerketa sustatzeko eta euskal soziolinguistikaren inguruko ezagutza areagotzeko (uema.eus, 2019-05-30).
· Iñaki Arregi beka jaso du Enara Eizagirre azpeitiarrak (uztarria.eus, 2019-10-21).
· Udalerriak garatzeko ikerketak egingo dituzte Iñaki Arregi bekaren saridunek (Noticias de Gipuzkoa, 2019-10-22).
· Iñaki Arregi beka jaso du Enara Eizagirre azpeitiarrak (Urola Kostako Hitza, 2019-10-21).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.