Hasiera » Zehaztu gabe » “Jauzi kualitatiboa emateko eta urrats sendoak egiteko agintaldia izan behar du honek. Horretarako, ausardia, adostasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira”

“Jauzi kualitatiboa emateko eta urrats sendoak egiteko agintaldia izan behar du honek. Horretarako, ausardia, adostasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira”

2019-2023 agintaldiko lehen batzar nagusia egin du gaur Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Getarian, eta Iraitz Lazkano Elgetako alkatea hautatu dute batzarkideek UEMAren lehendakari, hurrengo lau urteotarako. Lehendakariordea, berriz, Aritz Abaroa izango da, Bermeoko alkatea. Lazkanorekin eta Abaroarekin batera, UEMAren Zuzendaritza Batzordea osatuko dute beste bederatzi kideak ere hautatu dituzte batzarrean bildu diren alkateek eta zinegotziek.

Gaur egun 86 udalerri dira UEMAko kide, eta guztien artean 245.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute. Hurrengo hilabeteotan UEMAra sartzeko asmoa agertu dute udal gehiagok, eta udalerri euskaldunen lurgunea zabaltzeaz gain, euskararen arnasguneak sendotzea izango da agintaldi berriko erronketako bat. Lehendakari kargua hartu orduko egindako lehen adierazpenetan, Iraitz Lazkanok eskerrak eman dizkie batzarkideei, jasota konfiantzagatik, eta baita orain arteko lehendakari Josu Labakari eta lau urte hauetan zuzendaritzan lanean aritu diren batzordekideei ere.

UEMAren lehendakaritzan lekukoa hartuta, kargua ilusioz eta arduraz hartu duela adierazi du Iraitz Lazkanok, “UEMA euskararen normalizazioan aitzindari eta eredu den erakunde garrantzitsua” delako. Azken agintaldian UEMA sendotzeko egin den lana nabarmendu ondoren, urrats berrien garaia dela esan du: “Sendo dagoen erakunde baten gidaritza hartu dut, udalerri euskaldunen garrantzia lehen lerrora eramatea lortu baitu UEMAk. Dena dela, euskararen normalizazioan jauzi kualitatiboa emateko eta urrats sendoak egiteko agintaldia izan behar du honek. Horretarako, ausardia, adostasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira”.

Adostasunari dagokionez, UEMAn ordezkaritza duten alderdi nagusiek lehendakaria, lehendakariordea eta Zuzendaritza Batzordea adostasunez onartu izana ere garrantzitsua dela nabarmendu du Lazkanok. “Ardura eta erronka handia da UEMAren lehendakari postua, baina Zuzendaritza Batzordea izango dut lagun. Kultura politiko ezberdinetako kideak daude ordezkatuta bertan, eta hori ere nabarmendu nahiko nuke. Azken batean, aurrera egingo baldin badugu, elkarlana ezinbestekoa baita. Elkarlana alderdien artean, noski. Baina baita erakunde publikoen, herritarren eta euskalgintzaren artean ere”.

Azkenik, Elgetako alkate den heinean, herri txikien garrantzia ere nabarmendu nahi izan du Lazkanok. “UEMAk udalerri euskaldunen garapenaren inguruko hausnarketa sakona egin du urte hauetan, beste hainbat eragilerekin batera. Udalerri euskaldunei bizirik eusteko ezinbestekoa da udalerri euskaldunak garatzea, eta herri txikiek lurralde garapenean duten egitekoa eta garrantzia oso kontuan hartzea. Lehen egunetik aipatu nahiko nuke ildo honetan ere bidea egiteko beharra, herri txikien izaerari eusteko eta euskarari arnasa ematen segitzeko”.

Adostasunez onartutako karguak eta Zuzendaritza Batzordea

Iraitz Lazkano Garitaonandia (Elgeta, 1987) politika eta administrazio zientzietan lizentziatua da. XXI. mendeko euskal nazionalismoari buruzko ikerkuntza masterra egin zuen, eta turismo teknikari eta gida lanetan aritu izan da. Elgetako alkatetzan bigarren agintaldia du honakoa.

Iraitz Lazkano (Elgeta, 1987) da UEMAren lehendakari berria.

Iraitz Lazkano (Elgeta, 1987) da UEMAren lehendakari berria. Batzarkideek adostasunez hautatu dute UEMAko lehendakari, Aritz Abaroa lehendakariordearekin eta gainerako zuzendaritza batzordekideekin batera. Honakoek osatzen dute UEMAren Zuzendaritza Batzorde berria

  • Aritz Abaroa (Bermeo. Alkatea. EAJ).
  • Lierni Altuna (Aramaio. Alkatea. EH Bildu).
  • Jone Ansotegi (Aulesti. Alkatea. EH Bildu).
  • Xabier Balerdi (Tolosa. Zinegotzia. EAJ).
  • Aitor Elexpuru (Bera. Alkatea. EH Bildu).
  • Illart Gumuzio (Igorre. Alkatea. EH Bildu).
  • Iraitz Lazkano (Elgeta. Alkatea. EH Bildu).
  • Beatriz Muro (Areso. Zinegotzia. Independentea).
  • Nerea Odriozola (Zestoa. Zinegotzia. EH Bildu).
  • Joseba Palenzuela (Mutriku. Alkatea. EH Bildu).
  • Irune Urbieta (Zarautz. Zinegotzia. EAJ).

UEMAko kide diren 86 udalek duten ordezkaritzaren arabera osatzen da Zuzendaritza Batzordea, beti ere herrien aniztasun politikoa ahal den egokien islatuz, parekidetasun eta lurraldetasun irizpideekin batera. Horrela, oraingoan ere, batzordekide berrien artean EH Bilduko eta EAJko alkate eta zinegotziak daude, hautetsi independenteen ordezkaritzarekin batera. Era berean, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako hautetsiek osatzen dute berriro ere UEMAren zuzendaritza.

Bideoa: Iraitz Lazkanoren lehen hitzak UEMAko lehendakari izendatua izan ondoren.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Iraitz Lazkano izendatu dute UEMAko lehendakari (berria.eus, 2019-10-05).
· Iraitz Lazkano aukeratu dute UEMAko lehendakari (eitb.eus, 2019-10-05).
· «Jauzi kualitatiboa» eman nahi du Iraitz Lazkano UEMAko lehendakari berriak (naiz.eus, 2019-10-05).
· UEMAk lehendakari berria du (Noticias de Gipuzkoa, 2019-10-06).
· Iraitz Lazkano da UEMAren lehendakari berria (goiena.eus, 2019-10-05).
· Iraitz Lazkano izango da aurrerantzean UEMAko lehendakaria (karkara.eus, 2019-10-05).
· Iraitz Lazkano da UEMAko zuzendari berria (El Diario Vasco, 2019-10-05).
· Iraitz Lazkano izango da aurrerantzean UEMAko lehendakaria (Baleike, 2019-10-05).
· Iraitz Lazkano, nuevo presidente de la Mancomunidad de Municipios Vascos (eitb.eus, 2019-10-05).
· UEMAren zuzendaritza batzordekide izango dira Irune Urbieta eta Nerea Odriozola (Urola Kostako Hitza, 2019-10-05).
· Iraitz Lazkano da UEMAko lehendakari barria (bizkaie.eus, 2019-10-08).
· Iraitz Lazkano: “Euskara bizi-bizirik dagoen guneak modu jasangarrian garatzen saiatuko gara” (naiz irratia, 2019-10-07).
· UEMAko lehendakariorde kargua hartu du Aritz Abaroak (Busturialdeko Hitza, 2019-10-08).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.