Hasiera » Zehaztu gabe » ‘Arnasa gara’ kanpaina aurkeztu du gaur UEMAk, beste hainbat erakunderekin batera, arnasguneek duten garrantzia nabarmentzeko

‘Arnasa gara’ kanpaina aurkeztu du gaur UEMAk, beste hainbat erakunderekin batera, arnasguneek duten garrantzia nabarmentzeko

· Arnasguneek euskararentzat eta Euskal Herriarentzat duten garrantzia nabarmenduko du kanpainak, herritarrek horren kontzientzia hartzeko.
· UEMA eta 3ko Ituna (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskararen Erakunde Publikoa) dira kanpainaren sustatzaile nagusiak, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundien laguntzarekin eta kanpainan parte hartuko duten 22 udalerriekin batera.
· Komunikazio kanpaina, herrietan egingo diren aurkezpen ekitaldiak eta ‘Kartzela’ webseriea izango dira kanpainaren baliabide nagusiak.

UEMAk, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiek, eta Lekeitioko eta Aramaioko udalek Arnasa gara kanpaina aurkeztu dute gaur, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean egindako agerraldian. Proiektuaren helburua da euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea, jabetu daitezen gune horiek euskararen indarberritzean duten garrantziaz.

Ekimenak bi fase izango ditu. Lehenengoan arnasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatuko da, eta horretarako kanpaina bat abian jarriko da ekimena azaltzeko eta honen osagai nagusietako bat izango den Kartzela serie digitala herriz herri aurkezteko. Bigarren fasean, berriz, ekimena Euskal Herri osora zabalduko da, arnasguneen errealitatea eta garrantzia ezagutzera emateko. Proiektuan Nafarroako Gobernuak –Euskarabidearen bitartez– eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak ere parte hartzen dute.

UEMAko lehendakari Josu Labakak nabarmendu duenez, “Arnasa gara kanpaina, euskararen arnasguneak Euskal Herriarentzat zein garrantzitsuak diren nabarmendu nahi duen kanpaina da. Herria da gorputza, hizkuntza bihotza. Badakigu. Eta herri honen berezko hizkuntza modu naturalean arnasguneetan ari da taupaka, sendo eta osasuntsu. Horregatik, arnasguneen garrantzia lau haizetara zabaltzeko eta herritarrek horren kontzientzia hartzeko beharra ikusi dugu UEMAk eta beste hainbat erakunde publikok. Batetik, arnasguneetako biztanleek kontzientzia har dezaten. Bestetik, gainerako euskal herritarrek ere arnasguneak babestea eta hedatzea euskararen normalizaziorako ezinbestekoa dela jakin dezaten, hizkuntza ekologiaren ikuspegian bide eginez”.

Sortu zenetik, euskararen normalizazioan eta erabileran duten eraginagatik, arnasguneen garrantzia lau haizetara zabaltzen aritu da urte askoan UEMA. Etenik gabe aldarrikatu du euskararen arnasguneek berariazko aitortza, zaintza eta babesa behar dutela, udalerri euskaldunak garatzeko hizkuntza politika berezituarekin batera. Josu Labakak nabarmendu duenez, “UEMAk urte askoan landutakori denon artean emango diogu hauspoa orain, kanpaina berri eta sendo honekin. Guretzat, benetan eskertzekoa da erakunde hauek guztiak batzea orain arnasguneak berariaz aitortzeko eta zaintzeko beharraren inguruan”.

Gaurko agerraldian izan dira kanpaina babesten duten erakundeetako ordezkariak: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; eta Josu Labaka, UEMAko lehendakaria. Halaber, ekimen honetan parte hartuko duten zenbait udalerrietako alkateak ere aurkezpenean izan dira: Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea; Koldo Goitia, Lekeitioko alkatea; eta Lierni Altuna, Aramaioko alkatea. Guztiak bat etorri dira arnasguneen garrantzia azpimarratzeko orduan eta nabarmendu dute proiektu honen atzean dagoen lankidetza.


Abiapuntua

1991n Joshua Fishman soziolinguistak nabarmendu zuen zein garrantzitsua den hizkuntza baten biziraupenerako eta biziberritzerako breathing space edota arnasgune bat. Harrezkeroztik, arnasguneak zaintzea gai estrategikotzat hartu da hizkuntza gutxituen biziberritze-prozesuetan. Euskara ez da salbuespena izan, eta azken hamarkadetan lan handia egin da arlo horretan (aipatzekoa da Mikel Zalbide euskaltzainak egin duen lana). Kezka horretatik sortu zen, esate baterako, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea eta bide horretan sustatu dira hainbat eta hainbat ekimen.

Soziolinguistika gaietan adituak direnentzat gai ezaguna bada ere, arnasguneen kontzeptua eta arnasguneen garrantzia arrotz samarra da herritar gehienentzat. Horregatik, hizkuntza indartzeko euskararen arnasguneek duten garrantziaz jakitun, Hiruko Ituna sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakundeak arnasguneen garrantzia azpimarratuko duen kanpaina bat abian jartzea erabaki zuten, UEMA, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera.

Ikerketa, abiapuntua

Gaur egungo egoeraren inguruko ikerketa bat egitea izan zen proiektuaren lehen pausoa. Ikerketa kualitatibo bat egin zen, partehartze prozesuak herriz herri eginez. Goizueta, Lekeitio, Zumaia, Azpeitia, Elizondo, Mallabia, Dima eta Anoetako herritarrekin bildu ziren Iametza komunikazio-enpresa eta UEMA. Eta lanketa horretatik hainbat esperientzia eta gogoeta atera ziren, oso baliagarriak izan direnak geroko proiektua taxutzeko.

Arnasguneen artean aniztasun handia dagoen arren (nekazal-guneak, industria-guneak, turismo-guneak…), zortzi herri horietako esperientziak erabili ziren ikerketa kuantitatiboa gauzatzeko. Ondorioen artean era askotako gogoetak atera ziren, ikuspegi positiboak zein kezkak. Hala, herriotan egindako saioetan nabarmentzen zen elkarrizketatu gehienek azpimarratzen zutela beren herrietan “euskaraz bizi daitekeela naturaltasun osoz” eta aipatzen zen gazteak direla euskarari gehiagotan eusten diotenak herritik ateratzean. Era berean, parte hartu zutenek nabarmentzen zuten merkataritzan zein ostalaritzan euskara dela hizkuntza nagusia. Hala ere, herritarrek nolabaiteko gainbehera sumatzen zuten euskararen erabilerari dagokionez. Zenbait partehartzailek –nagusienek batez ere– norberaren euskalkiarekiko konplexuak ere badirela adierazi zuten eta, beste ondorio bat aipatzearren, adierazten zuten “lantokietan gaztelerak presentzia altua” duela.

Arnasguneen errealitatea eta garrantzia

Arnasguneak zein diren adierazteko ez dago marra zurrun bat; oro har, euskararen ezagutza zein erabilera % 80 ingurukoa dutenak sartzen dira multzo horretan. Arnasguneetan honako ezaugarri hauek betetzen dira:

  • Bizilagunen lehen hizkuntza euskara izan ohi da, eta erabat naturala da euskaraz bizitzea eremu guztietan.
  • Arnasguneetan, belaunaldiz belaunaldi transmititu da hizkuntza. Bertako bizilagunek egoera guztietarako erabiltzen dute euskera, azken batean, arnasguneetan euskaraz egitea da arau soziala.
  • Lurgune euskaldunean euskararen indize altuenak dituzten herriak biztanle gutxi dituzten herriak izan ohi dira, oro har. Aldaketa sozioekonomikoek eta demografikoek eragin zuzena izan ohi dute arnasguneetan, eta erraza da errealitate soziolinguistikoan eragitea, horregatik hauskortasunaz hitz egiten da arnasguneen izaera azaltzean.

Soziolinguisten arabera, arnasguneak bereziki garrantzitsuak dira euskara indarberritzeko prozesuan honako arrazoiengatik:

  • Arnasguneetako herritarrak eredu dira euskararen normalkuntzan. Erakutsi dute posible dela euskaraz bizi den herria, eta posible dela euskaraz egitea bizitzako esparru guztietan. Gainera, arnasguneetako erakunde asko eredu dira euskara administrazioan era trinkoan erabiltzeko orduan.
  • Hizkera informalak eta naturalak hitz eta molde berriak ekartzen dizkio euskarari, hizkuntza batek ezinbestekoa duen berrikuntza ekarriz, egunero biziberrituz.
  • Bestetik, bertako herritarrak gainontzeko euskaldunekin hizketan daudenean euskaraz aritzeko joera gailentzen da, euskara-ohiturak hedatzeko ahalmen handia dute.

Arnasguneen kontzeptuaz gain, ‘udalerri edo herri euskaldun’ kontzeptua ere erabili ohi da. Herri euskaldunek hainbat ezaugarri partekatzen dituzte arnasguneekin, baina ez guztiak. Euskararen ezagutza eta erabilera altua izaten da horietan ere, baina atzerago egoten dira. Proiektu honetan parte hartuko duten herri ia guztiak arnasguneak dira, baina baten bat ‘herri euskaldun’-en tipologian sar liteke.

Proiektuaren nondik norakoak

Ikerketa kualitatiboa eginda eta arnasguneetako errealitatea hobeto ezagututa, erakundeek arnasguneen inguruko ekimena era egokian diseinatzeko moduan izan dira. Arnasa Gara proiektuak bi fase ditu eta hiru osagai nagusi, hirurak hertsiki loturik: komunikazio kanpaina bat, herrietan egingo diren aurkezpen-ekitaldiak eta Kartzela serie digitala.

Lehenengo fasean anasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatuko da. Komunikazio kanpaina baten bitartez (sareetan eta tokiko hedabideetan) eta aurkezpen-ekitaldien bidez, Arnasa Gara ekimenaren nondik norakoak azalduko dira eta arnasguneek duten garrantziaren gaineko kontzientziazioa landuko da. Ahalduntze eta aitortza hori lantzeko, herrietako aurkezpen-ekitaldietan Kartzela serie digitala aurkeztuko da. Aurkezle bat arduratuko da saioa gidatzeaz, eta Kartzela serieko bina aktorek ere parte hartuko dute. Arnasguneen garrantzia nabarmentzeko espazioa izango dela kontuan hartuta, hainbat bide erabiliko dira mezua behar bezala zabaltzeko: ikus-entzunezkoak, hitzaldiak, aktoreen hitz-hartzea… Kartzela serie digitalaren lehen bi kapituluak primizian ikusteko aukera izango da. Saioaren amaieran herritarrek euren ekarpenak egingo dituzte, mokadu batez lagunduta. Ordu eta erdiko saioa izatea aurreikusten da.

Hiru Damatxo ekoiztetxea arduratu da Kartzela serie digitala egiteaz. Zazpi atal izango ditu eta kanpainaren elementu berritzailea izango da. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren ostean BECen harrapatuta dauden sei lagun dira istorioaren protagonistak, eta arnasguneetako herritarrak dira guztiak. BECeko zenbait tokitan harrapatuta gelditu ondoren, pixkanaka topo egingo dute elkarrekin, eta eraikinetik nola atera pentsatzen hasiko dira. Izaera eta jatorri desberdina duten sei lagun dira.

Aktorea Pertsonaia Herria
Iratxe Urkiaga Mara Lekeitio
Sambou Diaby Iba Zumaia
Juanen Saralegi Juan Lesaka
Erika Olaizola Iune Azpeitia
Amaiur Epher Ekhi Donibane Garazi
Ainhoa Etxebarria Garazi Ondarroa

Arnasguneetan egindako parte-hartze prozesuan ateratako ondorioetan oinarritzen da gidoia eta elkarrizketetan ateratako zenbait gai jorratuko dira, zeharka nahiz zuzenean:

  • Adinekoek gazteekiko dituzten aurreiritziak.
  • Euskara eta euskal kultura bereziki baloratzen ez duen gaztea vs jarrera kontzienteagoak.
  • Beste jatorri bateko herritarrekin dauden aurreiritziak. Haiek bizi dituzten egoerak, integrazioarentzat oztopo direnak.
  • Arnasguneetako pertsonek besteak euskaraz hitz egiten jartzeko duten gaitasuna.
  • Ulertuko ez dutelakoan, euskalkia batura hurbiltzeko joera.
  • Hitanoaren erabilera eta generoa.
  • Pertsonaiei dagokienez, aurre egiten diete aurreiritziei. Arnasguneetakoak dira, baina era askotakoak eta horrek argazki aberats bat ematen du, topikoak hautsiz.

Aste honetatik aurrera, 22 udalerritan egingo dira kanpaina aurkezteko ekitaldi herrikoiak:

  • Araba: Aramaio.
  • Behe Nafarroa: Baigorri.
  • Bizkaia: Ajangiz, Bermeo, Dima, Lekeitio, Markina-Xemein eta Zeanuri.
  • Gipuzkoa: Abaltzisketa, Aduna, Aia, Altzo, Azpeitia, Itziar, Leintz-Gatzaga, Orexa, Urnieta (Goiburu auzoa) eta Zerain.
  • Nafarroa: Etxarri-Aranatz, Goizueta, Leitza eta Lesaka.

Bigarren fasea

Kanpainaren bigarren fasean mezua Euskal Herriko gainerako herritarrentzat izango da. Abenduaren erdialdean serie digitala ikusgai egongo da euskal hiztun guztientzat (EiTBk zabalkunde horretan lagunduko du) eta helburua izango da arnasguneen gaineko mezu hori gune horietan bizi ez diren herritarrei ere helaraztea. Bigarren fase honetan arnasguneak ezagutzera eman nahi dira eta euskaldun guztion aurrean aitortu egin nahi zaie daukaten garrantzia eta egiten duten ekarpena. Ekimenaren inguruko informazioa webgune honetan kontsultatu daiteke: www.arnasagara.eus

ARNASA GARA kanpainari buruzko material osagarria:
· Arnasa gara. Hedabideentzako prentsa dossierra (PDFan).
· Arnasa gara kanpaina aurkezteko spota


Webguneak:
· Arnasa gara kanpainaren webgunea: www.arnasagara.eus
· Kartzela webseriearen webgunea: www.kartzela.eus
Sare bideak:
· Twitter: @ArnasaGara
· Instagram: @ArnasaGara
· Facebook: Arnasa Gara
· Mastodon: @ArnasaGara

Gai honi buruzko informazio osagarria:

· ‘Arnasa gara’ kanpaina aurkeztu du gaur UEMAk, beste hainbat erakunderekin batera, arnasguneek duten garrantzia nabarmentzeko (uema.eus, 2019-09-30).
· Arnasguneetako herritarrak ahalduntzeko egitasmo bat aurkeztu dute (berria.eus, 2019-09-30).
· ‘Arnasa Gara’ aurkeztu dabe, euskerearen arnasguneen ahalduntzea eta autortzea sustatzeko (bizkaie, 2019-09-30).
· Euskararen arnasguneen ahalduntzea eta aitortza sustatzeko ‘Arnasa Gara’ ekimena aurkeztu dute (Europa Press, 2019-09-30).
· Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiek eta UEMAk Arnasa Gara ekimena aurkeztu dute, euskararen arnasguneen ahalduntzea eta aitortza sustatzeko (irekia.eus, 2019-09-30).
· El Gobierno Vasco, las diputaciones forales de Gipuzkoa y Bizkaia, y UEMA presentan Arnasa Gara, una iniciativa que busca empoderar y reconocer la importancia de los denominados ‘arnasgunes’ (irekia.eus, 2019-09-30).
· Euskararen arnasguneen garrantzia azpimarratzeko kanpaina aurkeztu dute (eitb.eus, 2019-09-30).
· Buscan impulsar el empoderamiento de los municipios con una mayoría euskaldun (eitb.eus, 2019-09-30).
· Euskararen arnasguneen ahalduntzea eta aitortza sustatzera dator Arnasa Gara ekimena (uztarria.eus, 2019-09-30).
· Euskararen arnasguneek duten garrantzia nabarmenduko dute ‘Arnasa gara’ kanpainarekin (Goierriko Hitza, 2019-09-30).
· Euskararen arnasguneen ahalduntzea eta aitortza sustatzera dator Arnasa Gara ekimena (Urola Kostako Hitza, 2019-09-30).
· Euskararen arnasguneen ahalduntzea eta aitortza sustatuko du ‘Arnasa Gara’ ekimenak (naiz.eus, 2019-09-30).
· Arnasguneen garrantzia azpimarratzen duen ‘Arnasa gara’ kanpaina aurkeztu dute gaur (Busturialdeko Hitza, 2019-09-30).
· Arnasguneen garrantzia azpimarratzen duen ‘Arnasa gara’ kanpaina aurkeztu dute (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, 2019-09-30).
· La iniciativa Arnasa Gara buscará empoderar y valorar los «arnasgunes» (Gara, 2019-10-01).
· Euskararen arnasguneen ahalduntzea eta aitortza sustatzeko (Noticias de Gipuzkoa, 2019-10-01).
· Arnasa gara. Euskararen arnasguneen ahalduntzea eta aitortza sustatzea du helburu egitasmo honek (gipuzkoa.eus, 2019-09-30).
· Arnasa Gara ekimena aurkeztu dute (El Correo, 2019-09-30).
· Arnasa Gara ekimena Aramaiora be iritsiko da (aramaio.eus, 2019-09-30).
· ‘Arnasa gara’ kanpaina aurkeztu du UEMAk arnasguneek duten garrantzia nabarmentzeko (erran.eus, 2019-10-01).
· Arnasguneak kartzelan (zuzeu.eus, 2019-10-01).
· Arnasguneak ahalduntzeko ekimena abian da (Gaztezulo, 2019-10-01).
· ‘Arnasa Gara’ ekimena aurkeztu dute, euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea eta aitortza helburu (Hamaika Telebista, 2019-09-30).
· Euskararen arnasguneen ahalduntzea eta aitortza sustatzera dator Arnasa Gara ekimena (karkara.eus, 2019-10-01).
· Euskara, herriaren oxigenoa (Tolosaldeko Ataria, 2019-10-07).
· Hegaka, kaiola batean (Tolosaldeko Ataria, 2019-10-07).
· Arnasa Gara, ikusentzunezko proiektu bat arnasguneen ahalduntzerako (sustatu.eus, 2019-10-02).



Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.