· Euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua berritu, moldatu eta garatu du UEMAk, eta ikasturte berriarekin batera UEMAko kide diren herrietako eskoletan hasi dira teknikariak unitate didaktikoak aurkezten.
· Eduki guztia eraberritu eta uema.eus/hezkuntza webgune berrian dute ikusgai irakasleek.
· Gai zehatzen inguruko dozena bat bideo ere prestatu dituzte, hainbat laguni egindako elkarrizketekin.
Duela hiru urte aurkeztu zuen UEMAk hezkuntza proiektua, udalerri euskaldunetako eskoletarako. Izan ere, UEMAren ildo estrategikoetako bat da udalerri euskaldunetako herritarrak sentsibilizatzea eta ahalduntzea, arnasguneen garrantziaz ohartu daitezen, hizkuntza ohituretan euskararen aldeko hautua egiteko.
2016an, lehen ikasturtean, esperimentazio fasea abiarazi zuen UEMAk, eta Alegia, Azpeitia, Orio, Zarautz eta Zumaiako zazpi ikastetxetan landu zuen hezkuntza proiektua, 400 ikasle ingururengana iritsiz. Jasotako ekarpenekin eta egin beharreko moldaketekin, duela bi urte sistematizatu zen proiektua, eta harrezkero UEMAko kide diren herrietako eskola guztiek dute ikasgeletan lantzeko aukera.
Orain, ikasturte berria hasterako, unitate didaktiko guztiak moldatu, berritu, aztergaien inguruko bideoak prestatu eta uema.eus/hezkuntza webgune berrian bildu dituzte.
Eskolek eta irakasleek soilik dute webgune berrirako sarbidea, pasahitzarekin. Behin webgunera sartuta, ikasmaila hautatu dezakete, eta maila bakoitzari dagozkion unitate didaktikoak izango dituzte eskura.
Unitate didaktiko bakoitzak, berriz, ikaslearen fitxa, irakaslearen fitxa eta dagokion material osagarria du: bideoak, PPTak, ariketetarako fitxak edo PDFak eta antzekoak.
Hainbat bideo eta elkarrizketa, unitate didaktikoei dagozkien gaiak lantzeko
Unitate didaktikoei dagozkien gaiak lantzeko, hainbat laguni elkarrizketak egin eta dozena bat bideo prestatatu ditu udan zehar UEMAk. Ia denak gazteentzat erreferentek diren musikari, aktore, kirolari, bertsolari, edota telebistako aurkezleekin.
Euskarak zergatik egiten dituen berezi, beraientzat arnasguneak zer diren eta zein diren, euskararen alde kontzienteki zer egiten duten, euskaldun izateak harrotasunik sortzen ote dien, kontzientziaz ala inertziaz aritzen diren euskaraz eta antzeko galderei erantzun diete elkarrizketatuek.
Erantzunekin, unitate didaktiko bakoitzean ikasgelan landu nahi diren gaiak osatzen dituzte irakasleek. Hori guztia, unitate didaktiko bakoitzaren PDFetan txertatuta dago, material osagarriari dagozkion esteka klikagarriekin, irakasleen jarduna erabat errazteko.
(Hemen eredu bat ikusgai: DBH3ko 2. unitate didaktikoa, irakasleentzat, PDFan).
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Hedatu: Informazio triptikoa (PDFa).
· Hedatu: hezkuntza proiektuari buruzko txostena (PDFa).
Hemeroteka:
· Hedatu, arnasguneetako ikastetxeetan UEMAk sustaturiko programa (sustatu.eus, 2019-10-06).
· Soziolinguistika ikasgeletan txertatuz (Urola Kostako Hitza, 2016-04-15).
· UEMAren hezkuntza proiektua, esperimentaziotik harago (zarauzkohitza.eus, 2016-04-13).
· UEMAren hezkuntza proiektua, udalerri euskaldunetarako ekarpen barria eta iraunkorra (bizkaie.eus, 2016-04-15).
· Xabi Aizpuruak jaso du Hausnartu Saria, UEMAren hezkuntza proiektuari buruzko lanarekin(uema.eus, 2016-01-29).
· Xabi Aizpurua: “Jarrerarekin diskurtsoekin baino gehiago erakutsiko diegu gazteei” (karkara.eus, 2015-12-03).
· “Euskara garraia dezaten ahaldundu behar dira ikasleak” (Berria, 2016-01-30).
· Xabi Aizpuruarentzat 2015eko Hausnartu Soziolinguistika Saria, UEMAren hezkuntza proiektuari buruzko lanarekin (uema.eus, 2015-11-20).
· Euskararekiko pertzepzio soziolinguistikoa nola landu udalerri euskaldunetako ikasleekin: hizkuntza ekologia eta arnasguneen ideia (Bat, Soziolinguistika aldizkaria, 95. zenbakia. 2015/04).
· Lau liburu, haur hezkuntzan euskararen arnasguneen garrantzia lantzeko (uema.eus, 2016-10-19).