Hasiera » Zehaztu gabe » Euskaltegirik ez duten herri txikietan euskara ikasteko aukera izango da aurten ere, ‘Ikasi euskara herrian bertan’ kanpainaren baitan

Euskaltegirik ez duten herri txikietan euskara ikasteko aukera izango da aurten ere, ‘Ikasi euskara herrian bertan’ kanpainaren baitan

Bateko eta besteko euskaltegiek abian dute dagoeneko matrikulazio kanpaina. UEMAk, bertako kide diren hainbat udalekin eta euskaltegiekin elkarlanean, bat egin du aurten ere kanpainarekin, udalerrien euskalduntze osoa lortzeko bidean euskaltegien lana oinarrizkoa dela jakinda. Etorri berrien formazioan ez ezik, aspaldidanik gure artean bizi diren baina oraindik euskararik ez dakiten herritarren alfabetatzean ere nabarmen eragiten baitute euskaltegiek. Dena dela, herri txiki askotan ez dago euskaltegirik, eta herri horietako biztanleek alboko herri handiagoetara joan behar izaten dute euskara ikastera.

Horren aurrean, aurreko ikasturteetan bezala, 2019-2020 ikasturtean ere laguntza eskainiko du UEMAk herri txikietan. Herrian bertan ikasle taldeak sortzeko koordinazio-lana egingo du alde batetik, beti ere eskualdeko euskaltegiekin eta udalekin elkarlanean. Bestetik, berriz, diru-laguntzak jasotzeko arautegi, ordenantza eta antzekoen inguruko aholkularitza ere emango die horrelakorik behar duten udalei.

Pauso hauekin, euskalduntzean ez ezik herri txikien garapenean ere eragin nahi du UEMAk, bertako biztanleek zerbitzua herrian bertan izan dezaten ahaleginduz eta herri txikiak bizirik mantentzeko lan eginez. Kanpainak, gainera, euskalduntzeari ere ekarpena egiten dio, euskaltegien matrikulazio kanpainaren garrantzia nabarmenduz eta ikasle gehiago lortzen lagunduz.  

Ikasturte honetan ere, euskaltegirik ez duen herri txikiren batean bizi eta euskara ikasi nahi izanez gero, udalera jo beharko du herritarrak, eta ondoren UEMAk koordinatuko du herri horretan ikasle-taldea sortzeko egin beharrekoa, bai udalarekin eta bai eskualdeko euskaltegiekin.

Zenbait udalek ikasturte honetan ere bereziki landu dute gaia, euskalduntzeak duen garrantziaren jakitun. Alegiko Udalak, esaterako, deialdi berezia egin die oraindik euskaraz aritzeko gai ez diren herritarrei. Alegiko Udalak nabarmendu duenez, “taldea sortzeko gutxieneko kopurura iritsiz gero, ikastaroak herrian bertan eskainiko dira, eta urtero bezala, herrian sortzen diren ikastaro guztiak udalak diruz lagunduko ditu”.

Gai honi buruzko informazio osagarria:

· Irailaren 16an itxiko da euskara klaseetan izena emateko epea (alegia.eus, 2019-09-04).
· Euskaltegirik ez duten herrietan euskara ikasteko aukera emango dute aurten ere UEMAk eta hainbat udalek (galtzaundi.eus, 2019-09-05).
· ‘Ikasi euskara herrian bertan’ kanpaina, UEMAko herrietan (Tolosaldeko Ataria, 2019-09-11).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.