Atzo amaitu ziren udalerri euskaldunetako gazteen topaketak, Arantzan. Asteazkenean ekin zioten gazteek bideari, Oiartzunen, eta bost egunez, hainbat herritatik igaro eta euskararekin lotutako hainbat ekimen eta tailerretan parte hartu ondoren, Arantzan amaitu zuten atzo topaketa.
14 eta 18 urte arteko 60 gaztek hartu dute parte aurten UEMAk antolatutako ekimen honetan. Izan ere, UEMAk eskola guztietan eskaintzen duen euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektuaren osagarri da topaketa hau, gazteak euskararen inguruan kontzientziatzeko eta ahalduntzeko, eragile aktibo bihur daitezen. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain. Proiektua bere osotasunean garatzeko, eta hezkuntza arautuaren mugak gainditu nahian, gazte topaketak eta udalekuak ere antolatu ditu azken urteotan UEMAk, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren laguntzarekin.
Jokin Uranga UEMAko hezkuntza arduradunaren hitzetan, mugarria izan da aurtengo topaketa. Izan ere, aurreko bi urteetakoen aldean “edukiz zein kantitatez askoz aberatsagoa izan da, eta amaieran nabaritu da gazteen jarreretan eta kontzientziazioan. Hizkuntza ekologiaren ikuspegia landu dugu tailerretan eta beraien hizkuntza ohiturei buruzko hausnarketa eginarazi diegu gazteei. Jasotako erantzunek eta erakutsi duten jarrera irekiak erakusten du horrelakoak zein beharrezkoak ditugun erabilerari eusteko”.
Topaketen arduradunen hitzetan, berriz, udalekuen balorazio moduan idatzi duten gutunean, berariaz nabarmendu dute hizkuntza ekologiaren kontzeptua eta euskararen garrantzia nola landu duten. Larunbatean, esaterako, euskararen arnasguneei buruzko tailerrra izan zuten. Horri buruz, honakoa adierazi dute gazteek: “Zenbat gauza egiten dugun konturatu gabe, jendeak zer gauza interesgarri bizi dituen bere inguruan, zer erraz jotzen dugun euskaratik beste hizkuntza batera. Tailer honi esker, gauza askorekin konturatu ginen. Antzerkien bidez hainbat egoera irudikatu genituen, eta geure buruari erronka bat jarri genion. Hemendik aurrera, euskaraz beti!”.
· POST UDALEKU SINDROMEA (topaketen arduradunen idatzia, balorazio moduan).
· Argazki bilduma: gazte topaketetako argazki bilduma (605 argazki).