Hasiera » Zehaztu gabe » Asteazkenean hasiko da udaleku denboraldia, udalerri euskaldunetako gazteen topaketarekin

Asteazkenean hasiko da udaleku denboraldia, udalerri euskaldunetako gazteen topaketarekin

Ibiltaria izango da aurten UEMAk antolatutako udalekua, hainbat ekitaldirekin, eta Usurbildik Arantzarako bidea egingo dute asteazkenetik aurrera. Gazteak kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da udalekuaren helburua.

Azken urteotan, UEMAren ildo estrategikoetako bat da udalerri euskaldunetako herritarrak sentsibilizatzea eta ahalduntzea, euskararen arnasguneen garrantziaz ohar daitezen, hizkunta ohituretan euskararen aldeko hautua egiteko. Ildo horren baitan, arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abiarazi zuen UEMAk duela hiru urte, soziolinguistika edukiak modu integralean eskoletan txertatu nahian, gazteak kontzientziatzeko eta ahalduntzeko

Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua bere osotasunean garatzeko, eta hezkuntza arautuaren mugak gainditu nahian, gazte topaketak eta udalekuak ere antolatu ditu azken urteotan UEMAk, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren laguntzarekin. Aurten, ekainaren 26tik 30era izango da ekimena. Udalerri euskaldunetako 60 gazte inguruk eman dute izena, ea asteazkenetik aurrera, Usurbildik Arantzarako bidea egingo dute, UEMAren hezkuntza arduradunarekin eta arduradun izango dituzten beste bost begiralerekin batera.

UEMAko hezkuntza arduradun Jokin Urangaren hitzetan, “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea da helburua, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da udaleku hauekin”.

Gazteen artean euskararen ezagutzak gora egin arren erabileran eta kontzientziazioan eragitea oraindik ere ezinbestekoa dela iritzita, hainbat udalek ere berariaz lagundu dute ekimen hau, herriko elkarteen eta eskolen artean ekimenari buruzko informazioa zabalduz. Usurbilgo, Oiartzungo, Berako eta Arantzako udalek, berriz, herriaren baliabideak ere jarri dituzte topaketak eduki eta azpiegitura aldetik laguntzeko.

Usurbilek ildo horretan hainbat ekimen ditu, eta horiek udalerri euskaldunetako gazteei ezagutarazteko aukeratzat ikusten ditu UEMAren topaketa hauek. Zehazki, Usurbildik abiatuko diren egunean, topaketetan parte hartuko duten gazteek Harria Hitz ibilbidea ezagutzeko aukera izango dute. Horrelako bisita eta ekimenekin gazteen ahalduntzean eta kontzientziazioan eragin nahi da, horrek gero hizkuntza ohituretan ere eragina izango duelakoan.

Oiartzunen, berriz, bertako Euskara Zerbitzuak herriko gazteen artean berariaz landu du harrera nola egin gazte topaketetako partaideei. Horretarako bilera egin dute Oiartzungo Udalak eta UEMAk herriko gazteekin (irudian). Zehazki, Haurtzaro Ikastola eta Elizalde Herri Eskolako euskara taldeetako (Eskuttun eta Tirikitauki hurrenez hurren) ikasleekin batera antolatu du Oiartzungo Udalak harrera.

Topaketa ibiltariko gazteak Oiartzunera iristen direnean, talde horietako gazteek eta Oiartzo Batxilergo ikastolako hainbat ikaslek egingo diete harrera, eta boluntario gisara ariko dira lanean, otorduak ematen, lotarako tokia prestatzen eta antzekoetan, lehen bi ibilbideetan bidaide izatearekin batera.

EGITARAUA

· Ekainak 26, asteazkena: Usurbil-Oiartzun. Harria Hitz ibilbidea, Usurbilen. Oiartzunen, zirkoa, igerilekua eta kantu afaria.
· Ekainak 27, osteguna: Oiartzun-Bera. Beran, bertso bazkaria,
triki-martxa eta Izaki Gardenak taldearen kontzertua (Berako plazan, 20:30ean).
· Ekainak 28, ostirala: Bera-Arantza.
· Ekainak 29, larunbata: Arantza. Ur jolasak, gaubela, herri kirolak,
eta arnasguneen tailerrak.
· Ekainak 30, igandea: Arantza.

Norentzat dira: adina.

Udalerri euskaldunetan bizi diren DBH3ko, DBH4ko eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleentzat.

Udalerri euskaldun gisara izendatzen dira euskararen indizea %70etik gora duten udalerriak.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· UEMAren udaleku ibiltaria asteazkenean abiatuko da, Usurbildik (Europa Press, 2019-06-24).
· UEMAk antolatutako gazteentzako topaketa ibiltaria Usurbildik abiatuko da, ekainaren 26an (Usurbil Eginez, 2019-06-25).
· Zabalik da gazte topaketetan izena emateko epea (uema.eus, 2019-02-20).
· Udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak, ekainaren 26tik 30era (uema.eus, 2019-02-07).
· Harria Hitz ibilbidea (usurbil.eus).
· Salto! Udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak (diptikoa, PDFan).
· 2019ko topaketak iragartzeko bideoa (hemen ikusgai).
· Usurbilen hasiko dira aurtengo UEMAren gazte topaketak (usurbil.eus, 2019-02-20).
· Salto! Udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak ekaina amaieran, Usurbildik Arantzara (noaua.eus, 2019-02-20).
· “Gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta ahalduntzeko udalekuak” aurkeztu dituzte (uema.eus, 2018-03-24).
· Udalerri euskaldunetako gaztetxoentzat udalekuak antolatu dituzte (Berria, 2018-03-23).
· ‘Salto!’, udalerri euskaldunetako gazteei zuzendutako lehen udalekuak (El Diario Vasco, 2018-03-23).
· Gazteak euskararen eragile aktibo bihurtzeko udalekuak antolatu ditu UEMAk lehen aldiz (Europa Press, 2018-03-23).
· Zestoan egingo ditu UEMAk gazteentzako lehen udalekuak (Urola Kostako Hitza, 2018-03-23).
· Udalerri euskaldunetako gaztetxoentzako udalekuak antolatu ditu UEMAk (naiz.eus, 2018-03-26).
· UEMAk 15 eta 18 urte arteko gazteentzako udalekuak antolatu ditu (oñati.eus, 2018-03-28).
· Udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzeko udalekuak antolatu ditu lehenekoz UEMAk (goiena.eus, 2018-03-31).
· UEMAren udalekuetara joateko aukera Arbizu eta Etxarri Aranatzen (sakana-mank.eus, 2018-03-22).
· Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak, lehen aldiz (bizkaie.biz, 2018-04-03).
· Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak antolatu ditu aurten UEMAk, lehen aldiz (leitza.eus, 2018-04-10).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.