Hasiera » Zehaztu gabe » Agintaldi amaierako batzar nagusia egin du UEMAk, agintaldi berrirako erronkak zehaztuta

Agintaldi amaierako batzar nagusia egin du UEMAk, agintaldi berrirako erronkak zehaztuta

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea osatzen duten 86 udaletako udal ordezkariak Azpeitian elkartu dira gaur. Besteak beste, azken lau urteotan UEMAk egindako bidearen balantzea egin dute, agintaldi berrirako erronkak zehaztearekin batera.

2015-2019 agintaldiari amaiera emateko batzar nagusia egin du gaur UEMAk, Azpeitian. UEMAren Berdintasun Plana onartzearekin batera, amaitzear den agintaldiko balantzea aurkeztu dute, eta agintaldi berrirako erronkak ere zehaztuta daudela nabarmendu du UEMAko lehendakari Josu Labakak: “Hainbat eragileren artean egindako hausnarketetan eta jardunaldietan agerian geratu da udalerri euskaldunak benetan garatzea dela udalerri euskaldunei eusteko modu bakarra. Beraz, euskararen arnasguneak babesteko eta zabaltzeko, udalerri euskaldunak benetan garatzea dagokigu, eta horretarako ildoak zehaztea eta lantzea izango da agintaldi berriko erronka estrategikoa”.

Udalerri euskaldunak erabat euskaldun izan daitezen, UEMAk bost helburu estrategiko ditu, eta azken lau urteotan horiek lortzeko bidean eman diren aurrerapauso esanguratsuenak nabarmendu dituzte batzar nagusian.

Honakoak dira UEMAren bost helburu estrategikoak eta lan-ildoak:

  1. Udalerri euskaldunen lurgunea osatzea.
  2. UEMA erakunde gisa sendotzea.
  3. Udalerrien erabateko euskalduntzea
    · udalen euskalduntzea
    · udalerrien euskalduntzea
  4. Herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea
  5. Udalerri euskaldunen zaintza eta garapena

Udalerri euskaldunen lurguneari dagokionez, agintaldia UEMAko kide diren 73 herrirekin hasi bazuten ere, gaur egun UEMAko kide 86 udal direla eat guztien artean 245.000 biztanle inguruko lurraldea osatzen dutela nabarmendu dute.

Zuzendaritza Batzordearen aniztasunak eta alderdien eta ordezkarien elkarlanerako borondateak bidea egiten lagundu duela ere adierazi du Josu Labakak.

Udalen eta udalerrien euskalduntzeari dagokionez, hamaika zerbitzu eskaintzen ditu UEMAk, eta horien guztien beharra nabarmendu dute, emaitzak ere iraunkorrak izan daitezen. Udal langileen trebakuntza, udaletako hizkuntza irizpideen garrantzia, beste administrazioekiko eta hornitzaileekiko harremana, ostalaritza eta merkataritza euskalduntzeko egiten den lana, eta UEMAko teknikariek udalekin elkarlanean egiten dituzten lan askotariko lanak, “administrazioa euskalduntzeko eta udalek euskaraz funtziona dezaten UEMAk hasieratik bideratu dituenak eta UEMA aitzindari bihurtu dutenak”.

Herritarren sentsibilizazioari eta ahalduntzeari dagokionez, berriz, agintaldi honetan abiarazitako UEMAren hezkuntza proiektua da ildorik sendoena. Eskola guztietan sistematikoki lantzen da, ikasleek hizkuntza ekologiaren ikuspegia jaso eta arnasguneen garrantzia ezagutu dezaten. Hezkuntza araututik kanpo ere lehen aldiz antolatu diren gazte topaketak eta udalekuak ere ildo honetan kokatzen ditu UEMAk. Herritarrentzat antolatzen dituen tailerrak eta udalerri euskaldunen inguruko komunikazio lana ere honen baitakoa da.

Azkenik, udalerri euskaldunen zaintzak eta garapenak ere azken urteotan izan duen bilakaera nabarmendu dute: Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiek urteetan zehar ekarri duten guztia, horren harira sortu den Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa, honek lege izaera hartu izana, eta udalerri euskaldunak benetan garatzeko zehaztu diren ildoak eta azken jardunaldietan proposatu diren ekimenak. Azken hauen baitan ulertu behar da euskara turismo eskaintzan nabarmentzeko beharra, eta agintaldi berriko hautetsiak eta udal ordezkariak formatzeko eta kontzientziatzeko beharra, udalerri euskaldunak garatzea benetan giltzarria delakoan, eta horretarako erabaki sendoak bezain aitzindariak hartu behar direlakoan

Amaitzeko, azken lau urteotan UEMAn udala ordezkatu duten alkate eta zinegotzi guztiak eskertu ditu Josu Labakak. Horien guztien izenean, bereziki, agintaldi honetan UEMAren zuzendaritza batzordea osatu duten alkateak eta zinegotziak nabarmendu ditu, eta oroigarri bana ere jaso dute horiek.



Gai honi buruzko informazio eta dokumentazio osagarria:
· UEMA: 2015-2019 agintaldiko zertzelada nagusiak (PDFan).
· UEMA: 2015-2019 agintaldia (eskema laburretan).

· Arnasguneak: prebentziotik garapenera (jardunaldien edukia, ondorioak eta esku-hartze proposamenak. Liburua, PDFan).





Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.