Hasiera » Zehaztu gabe » Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi dute udalek eta entitateek

Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi dute udalek eta entitateek

[ Ondarroako, Lekeitioko eta Markina-Xemeingo udaletako ordezkariak, finantza erakundeetako eta aholkularitzetako kideekin batera, gaur egin duten agerraldian. Argazkia: udalbarriak.eus]

Iturri (argazki eta testua): Ondarroako Udala (udalbarriak.eus)

Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazita dago aurten ere Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko beste herriekin batera. Eta gure eskualdean, ahalik eta euskarazko errenta aitorpen gehien lortzeko, hiru herri handienetan batera abiatu dute kanpaina. Ondarroako Udalak azken hiru urteetan egin bezala, Lekeitioko eta Markina-Xemeingo Udalek ere hitzarmena sinatu dute herriotako finantza erakunde eta entitate laguntzaileekin. Hitzarmen horren helburua da bakoitzak bere esparrutik ahalegina egitea herritarrek euskaraz egin dezaten errenta aitorpena, euren egunerokoan beste gauza guztiak egiten diren bezala, naturaltasun osoaz, erraz eta traba barik.

Entitate laguntzaileen garrantzia

Herritar gehienen aitorpenak modu horretan egiten dira, (finantza erakundeen eta aholkularitzen bitartez), Aldundiak etxera eginda bidalitakoen atzetik eta internet bidez eta eskuz egindakoen aurretik.

Entitate laguntzaileek zer egingo duten

Bezeroei aitorpena euskaraz egiten lagundu, ahoz zein idatziz; bezeroak euskaraz egitera animatu eta bezeroei euskaraz egiteko eskatu.

Urterik urte gehiago

Urterik urte, honelako kanpainen eraginez, gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarrak. Horretarako, alegia, herritar gehiagok egin ditzaten aurten aitorpenak euskaraz, Udalak eta errenta aitorpena euskaraz egiten laguntzen duten entitateek hitzarmena sinatzea beharrezkoa ikusi dute haien konpromisoa adierazteko.

Errenta aitorpenean euskarak emaitza positiboa beti.

Gutako bakoitzak errenta aitorpena euskaraz egiten dugun bakoitzean ari gara laguntzen administrazioa euskalduntzen. Hori positiboa da.

Emaitza positiboak lortzeko ezinbestekoak dira baldintza batzuk. Alde batetik, hiztun komunitate sendo bat –eta hori guk, Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan, badaukagu– eta bestetik, babesa eta laguntza ­–eta horretara dator hitzarmen hau­– udalek eta errenta aitorpeneko agenteak dituzten entitateek, bakoitzak bere esparruan, laguntzak eta erraztasun guztiak ipintzea herritarren eskura euren aitorpena euskaraz egin dezaten.

Kalitatezko zerbitzua euskararen eskutik

Hitzarmena sinatuko duten entitateek kalitatezko zerbitzua eskaintzea dute helburu eta kalitatearen funtsezko osagaia, Ondarroan, euskararen eskutik dator.

Finantza erakundeek eta aholkularitzek dituzten bulegoak herritar askoren berezko topaguneak dira eta, gurea bezalako herri euskaldunetan, euskara erabiltzeko ohiko tokiak.

Elkarlana

Bakoitzak bere esparrutik ahalegina eginda emaitza hobeak lortuko ditugu. Zenbat eta toki gehiagotan eragin orduan eta hobeto.

Herritarrei erraztasunak emateko ahaleginean elkarlanean arituko dira udala, finantza erakundeak eta aholkularitzak. Azken hauek herritarrengandik hurbilen daudenak izanik, bitartekari naturalak dira errentaren kanpainarako. Herritar askoren aitorpenak finantza erakundeetan eta aholkularitzetan egiten direnez gero, garrantzitsua da bezeroei aitorpena euskaraz egiten laguntzea.

Dena den, aipatu beharra dago baita ere, aitorpen guztiak ez direla entitateetan egiten. Gutxi asko, ia etxe guztietan jasotzen da Aldundiak bidalitako gutuna, kasu horietan aitorpena eginda bidaltzen dutenez komeni da begiratu bat eman eta konturatzea zer hizkuntzatan dagoen. Erderaz badago, Aldundira deitu behar da euskaraz jaso nahi dela esateko.

Aurrekariak

Badira urte batzuk Errenta Aitorpena Euskaraz kanpainak abiarazi direla eta datuak baditugu. Argazki hau ekarri digute datu horiek:

EUSKARAZ EGINDAKO AITORPENAK URTERIK URTE

Ondarroan
Euskararen ezagutza (2011) 2012 2013 2014 2015 2016 2017
79,10 % 34,70 % 35,25 % 39,91 % 42,80 % 43,15 % 45,10
Markina-Xemeinen
78,78 %32,90 %22,75 %22,35 %22,20 %24,20 %24,4
Lekeition
80,05 %40,45 %36,71 %32,72 %33,20 %34,95 %34,5

Iturria: Bizkaiko Foru Aldundia

Euskaraz egindako errenta aitorpenen kopuruak, gehienetan, gora egin du azken urteotan. Goranzko joera sendoagoa da kanpainaren inplikazioa handiagoa izan den tokietan (Ondarroa, kasu), besteak beste, aholkularitza eta entitateen lanarengatik.

Errenta 2017 Bizkaiko lehen 12 postuen zerrenda euskarazko aitorpenetan
Udalerria Aitorpenak guztira Aitorpenak euskeraz %
NABARNIZ 238 50,8
ONDARROA 4.424 45,1
BERRIATUA 621 41,7
MENDEXA 197 39,6
AMOROTO 193 38,9
AULESTI 327 38,2
LEKEITIO 3.742 34,5
ISPASTER 351 33,3
ETXEBARRIA 431 31,3
ZIORTZA-BOLIBAR 184 31,0
GIZABURUAGA 106 26,4
MARKINA-XEMEIN 2.733 24,4
Errenta 2017ko datuak aitorpenetako hizkuntzaren eta udalerriaren arabera
Udalerria Aitorpenak guztira gaztelaniaz euskeraz Daturik gabe
kopurua % kopurua % kopurua %
LEKEITIO 3.742 2.427 64,9 1.292 34,5 23 0,6
MARKINA-XEMEIN 2.733 2.052 75,1 667 24,4 14 0,5
ONDARROA 4.424 2.412 54,5 1.995 45,1 17 0,4

Aurrera begira:

Aurrera begira zer, orduan? Bada, haztea, zer bestela?: euskaraz egindako aitorpenen ehunekoa igotzea.

Euskara aukeratu: Diru-kontuak tartean direnean hizkuntzak zerikusi ez duelakoan konturatu ere ez gara egiten euskaraz egin ahal dugula tramite hori ere.


Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abierazi du UEMAk aurten ere, udalekin eta erakunde publikoekin elkarlanean (2019-03-12).

· Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu du UEMAk aurten ere (Europa Press, 2019-03-25).
· Errenta aitorpena euskeraz egiteko deia egin dau UEMAk (bizkaie.eus, 2019-03-26).
· 2018ko errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin du Tolosako Udalak UEMArekin elkarlanean (udala.tolosa.eus, 2019-04-03).
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu dute udalek eta entitateek (Ondarroako Udala, 2019-04-30).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.