Lurralde antolamenduak ez du bere eremua gainditu behar hizkuntzarekin lotutako eremuetan sartzeko». Esaldi honekin erantzun die Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza Sailak UEMAk eta Kontseiluak Lurraldea Antolatzeko Gidalerroei euskararen arnasguneak direla-eta jarritako alegazioei. Esaldiak ez du esaten lurralde antolamenduak hizkuntzaren esparruan sartzeko ezintasuna duenik. Ez du esaten, ezta ere, nahita ere ezingo lukeela sartu. Ez dela sartu behar esaten du. Bata eta bestea, lurralde antolamenduarena eta hizkuntzarena, elkarri eragiten ez dioten eremu estankoak balira bezala.
Lurraldea eta hizkuntza lotzen dituen auziak bide azkarra egin du gurean azken urteetan. Gaindegiak 2016an aurkeztutako azterketa batean, 126 udalerri euskaldunen datu demolinguistikoak eta sozioekonomikoak uztartu ondoren, eta orotara 234 adierazle gurutzatuz, argi ondorioztatu zen barne-migrazioa eta hirigintza izan direla euskararen bilakaera baldintzatu duten faktore garrantzitsuenak, batez ere 2001-2011 hamarkadari begiratzen badiogu.
Hirigintzaren eta hizkuntzaren arteko lotura onartu nahi ala ez, susmo eta usteak gainditu dituen kontua da hau, dagoeneko ezbaian ezin jar daitekeena. Hain da horrela, dagoeneko eremu juridikora salto egin du: 2016tik aurrera derrigorrezkoa da (teorian, oraindik prozedura zehaztu gabe dago eta) EAEko udalerrietan egingo diren proiektu eta plangintzetan, egitasmo hauek euskararen erabileran izan dezaketen inpaktu linguistikoaren ebaluazioa egitea. Eta horrela eskatzen du Eusko Jaurlaritzak 2016an onartu zuen Udal Lege berriak. Beraz, hirigintzak hizkuntzaren gain izan dezakeen eraginaren aitortza egiten du legeak berak, eta eragin horren ebaluazioa egitea eskatzen du, gainera.
Hori guztia nahikoa berria iruditzen bazaigu ere, ez da euskaldunok asmatutako ezer. Gurekin antzekotasun handia duen Galesek (hizkuntza gutxituari dagokionez), 1988an barneratu zuen hizkuntza galesa lurralde plangintzan kontuan hartu beharreko gai moduan, eta, ordutik, Galesen lurralde plangintza politikek hizkuntzarengan duten eragina ebaluatzeko tresnak garatu izan dira, lotesleak direnak.
2018ko urrian Azpeitian egin ziren IV. Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldietan aztertu eta egiaztatu ahal izan zen bezala, asko dira lurralde antolamenduaren eta hizkuntzaren arteko harremanaren hari-puntak. Eta horietako bat hizkuntza korridoreak dira. Bioaniztasun bereziko eremuak lotzen dituzten korridore ekologikoekin gertatzen den bezala, habitaten zatikatzeari aurre egiteko beharrezkoak direnak, hizkuntza korridoreak gure kasuan lurgune euskalduna saretzen duten loturak dira. Euskararen erabilera eta transmisioa modu naturalean ematen den eremuen arteko lotuneak. Arnasguneen fragmentazioa ekidin nahi bada, lurralde antolamendutik kontuan hartu beharreko gaia beharko luke honek, maila horretan hartzen diren erabakiek (azpiegituren trazadurek, kasu), eragin zuzena izan dezakete hizkuntza eremuen jarraikortasunean eta. Honen adibide argia da lurgune euskaldunaren parte izatera bueltatu berri den Bakio herriaren kasua.
1991n Bakioko euskaldunen portzentajea ia %74koa zen. Bakio, hortaz, euskararen arnasgunea zen, bere inguruko herriak bezalaxe. Bi hamarkada geroago, 2011ko datuen arabera, portzentaje hori %58an kokatzen zen. Euskararen gainbehera hori bat dator herriak denbora tarte horretan izandako hazkundearekin: 20 urtean 800dik gora etxebizitza eraiki ziren, populazioa bikoiztu baino gehiago egin zutenak (1991n, 1.220 bizilaguneko herria zen Bakio; 2011n, 2.554 ziren erroldatuak). Baina hazkunde hori ez zen soilik herri mailako politikek sustatutakoa. Lurralde antolamendutik marraztutako estrategia bati erantzuten zion, Bilbotik eta Mungiararteko autobidea eraikitzeak hein batean hazkunde hau ahalbidetu baitzuen. 2011n Bakio ez zen jada euskararen arnasgune, baina are kezkagarriagoa zena, lurgune euskalduna zatitzen zuen herria zen, alde batera eta bestera zituen arnasguneak bata bestetik isolatzen zituena. Euskararen korridore izatetik Bilbotik eta kostalderainoko erdararen korridoreko (autobideak marrazten duena) azken atala izatera pasatu zen. Horrek izan zitzakeen ondorioekin. Zitzakeen diot, krisiaren ondorioz Bakioren hazkundea eten egin zelako (2011tik ez da biztanleria igo eta ez da apenas etxebizitza berririk eraiki), eta 2016ko azken datu soziolinguistikoen arabera euskaldunen portzentajeak gora egin duelako, ia %66an kokatuz (ia-euskaldunen portzentajearen erdiarekin batera, Bakio berriz ere lurgune euskaldunean kokatu zelarik).
Honekin ez da euskara eta garapena kontrajarri nahi izan dituen eztabaida hutsalean sakondu nahi. Garapen jasangarria helburu duen lurralde batek antolamendu egokia egiteko behar dituen faktore eta aldagai guztiak mahai gainean izan behar direla aldarrikatu nahi da, eta baita aldagai hauekin, guztiekin, lurraldearen kudeaketa orekatua egitea posible dela ere. Baina horretarako, gurea bezalako egoera konplexu batek behar duen besteko ikuspegi zabala izan beharko genuke lurraldea antolatzeko garaian. Egoerak eskatzen dituen ardura eta adorea gainean hartu, eta, beste herrialde batzuetan egiten den bezala, lurralde antolamenduan hizkuntzaren faktorea ere modu eraginkorrean kudeatzeko tresnak barneratzeko momentua da.
Lurralde antolamenduaren eta hizkuntzaren eremuek bat egiten dutela ez ulertzea batak bestearengan duen eragina ukatzea da. Ebidentzia ukatzea, alegia.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Eusko Jaurlaritzaren erantzuna UEMAri: “Lurralde antolamenduak ez du bere eremua gainditu behar hizkuntzarekin lotutako eremuetan sartzeko” (uema.eus, 2019-02-15).
· ‘Arnasguneen prebentziotik garapenera: Lurraldea eta Hizkuntza IV jardunaldiak’ liburua, eskuragai (uema.eus, 2019-02-18).