Euskaraldiarekin bat eginez, Euskaraldiaren ohiko dinamikarekin batera udalerri euskaldunetan osagarri gisa lantzeko proposamena prestatu zuen UEMAk urte hasieran: Hamaika egun baino hamaika aldiz gehiago. Hamaika egunetan hamaika alor lantzea da asmoa, bakoitzaren inguruan hausnartzeko, hutsuneak ikusarazteko, jokaera eredugarriak nabarmentzeko eta konpromiso berriak hartzeko.
Ildo horretan, Berria taldearekin batera Eskaini Berria zure tabernan kanpaina aurkeztu dute orain UEMAk eta kanpainarekin bat egin duten 25 udalek. Izan ere, euskaraz bizitzea, euskaraz irakurtzearekin eta ostalaritzan zein zerbitzu sektorean euskarazko prentsa herritarren eskura egotearekin ere lotzen du kanpaina honek, eta irakurketa ohituretan euskara sustatzea du helburu. Aurrerantzean ere udal gehiago gehitu daitezke kanpainara.
Honakoak dira kanpainaren nondik norakoak:
· UEMAko kide diren herrietako ostalaritza sektorean euskarazko prentsaren presentzia areagotzea, ikusgarritasuna emanez, herritarrekiko eskaintzan eta hizkuntza paisaian eraginez.
· Horretarako, taberna, jatetxe eta kafetegiei UEMAk eta Berria taldeak sinatutako gutuna bidaliko zaie, nahi duenari hilabetez egunkaria doan jasotzeko aukera emanez. Ostalariek nahikoa izango dute harpidetza@berria.eus helbide elektronikora edo 674 079081 zenbakira whatsapp zenbakira idaztea hilabeteko harpidetza doan eskatzeko.
· Era berean, Berria taldeak edozein herritarri ere aukera emango dio esateko zein taberna, jatetxe edo kafetegitan irakurriko nahiko luketen Berria. Nahikoa da eskaera www.berria.eus/eskatuberria/ helbidean egitea.
· Udalak zein herritarrek emandako datuak eskuratzean, Berria taldeak hilabete batez doan banatuko du egunkaria taberna, jatetxe edo kafetegi horretan.
· Ondoren, nahi izanez gero, taberna, jatetxe edo kafetegi horrek, hurrengo sei hilabeteotan, eskaintza berezi baten bidez jaso ahal izango du egunkaria, egunero. Zehazki, Berria taldearen 6 hilabeteko eskaintza horri esker, Berria egunero 150 euroren truke jasoko luke ostalariak. Horren erdia tabernariak eta beste erdia udalak ordainduko dute. Horretarako prest agertu dira kanpainarekin bat egin duten 25 udal.
Honakoak dira kanpainan parte hartuko duten eta UEMAko kide diren 25 udalak:
Alegia
Altzo
Anoeta
Araitz
Aramaio
Arantza
Arantzazu
Areso
Azpeitia
Bakio
Baztan
Bera
Dima
Ea
Ezkio
Gabiria
Igorre
Izurtza
Larrabetzu
Legorreta
Mañaria
Orozko
Usurbil
Zaldibia
Zumaia
Kanpainaren nondik norakoak azaltzeko, agerraldia egin dute Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean UEMAko ordezkariek, kanpainan parte hartuko duten zenbait udaletako alkateek eta Berria egunkariko zuzendari Martxelo Otamendik.
[Alegia (Unai Iraola), Larrabetzu (Iñigo Gaztelu), Anoeta (Pello Estanga) eta Legorretako (Zelai Amenabarro) alkateak, Berria egunkariko zuzendari Martxelo Otamendi eta UEMAko lehendakari Josu Labaka, kanpaina aurkezteko Andoainen egindako agerraldian].
Berria egunkariko Martxelo Otamendik eskerrak eman dizkie UEMAri zein kanpainan parte hartu duten udalei, guztien ekarpenari esker ostalariek erraztasunak izango dituztelako Berria egunero eskuratzeko eta herritarrei eskaintzeko. Lehen hilabetean erabat doan, eta hurrengo sei hilabeteotan ohi baino askoz merkeago, udalek eta Berria taldeak egindako ekarpenari esker.
Euskaraldia hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimena denez, Euskaraldiarekin batera dator kanpaina, baina lehendik ere euskaraz aritzen direnak eta egunero euskarazko prentsa bezeroei eskaintzen dietenak bereziki gogoratu eta eskertu nahi izan ditu Otamendik: “Urte hauetan guztietan taberna, jatetxe eta kafetegietan Berria jaso eta eskaini izan duten ostalari asko daude. Horiek egiten duten ahalegina nabarmendu eta eskertu nahi dugu, eta bide horretara ekarri nahi ditugu oraindik pausoa eman ez dutenak”.
UEMAko lehendakari eta Azpeitiko euskara zinegotzi Josu Labakak, berriz, udalerri euskaldunenetan Euskaraldia ispilura begiratzeko eta hausnartzeko ekimen garrantzitsua izango dela adierazi du. “Oro har euskaraz aritzen garen arren, oraindik ere arlo ugaritan hutsuneak eta hizkuntza ohiturak aldatzeko lan asko egin beharko dugu denon artean. Horietako arlo bat hedabideena da. Berria da munduari euskaraz begiratzeko daukagun egunkari nazional bakarra. Bere horretan, arnasgunea da. Zaindu beharrekoa, beraz, eta hori da kanpaina honekin bai UEMAk eta baita 25 udalek ere egin nahi izan duguna”. Dena dela, kanpaina hau UEMA merkataritza euskalduntzeko egiten ari den bidearen eta lanaren baitan ere kokatu du Labakak: “taberna, jatetxe eta kafetegietan kartelak, menuak eta gainerakoak euskaraz egoteko, hizkuntza paisaian eragiteko, eta bezeroak bertako hizkuntzan aritu ahal izatea kalitatearen bermetzat nabarmentzeko egiten dugun lanaren testuinguruan ulertzen dugu kanpaina hau, udalerri euskaldunetako tabernetan euskarazko prentsa herritarren eskura egotea ezinbestekoa delakoan. Oraindik urrats hori egin ez duten ostalariei, beraz, dei egiten diegu euskara eta euskarazko prentsa herritarren eskura jar dezaten, tabernaren edo jatetxearen eguneroko osagai gisa”.
Legorretako alkate Zelai Amenabarrok, kanpainarekin bat egin duten udalen izenean, udalentzat eta herrientzat kanpaina hau garrantzitsua dela adierazi du, Euskaraldiaren testuingurua hizkuntza ohiturak aztertzeko eta euskal prentsari dagokion lekua emateko aukera ederra dela nabarmenduz. “Kanpaina honekin herri askotako taberna, jatetxe eta kafetegietara iritsiko gara, eta Berria egunkaria herritarren eskura jarrita aukera emango diegu Euskal Herria eta mundua euskaraz ikusteko”.
Agerraldia amaitu ostean, kanpainan parte hartuko duten udaletako alkateek eta ordezkariek Berria egunkaria eta erredakzioa ezagutzeko aukera izan dute, Martxelo Otamendi zuzendariaren eskutik.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Martxan da BERRIA tabernetan zabaltzeko kanpaina, UEMArekin batera (Berria, 2018-11-09).