Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko ordezkariek agerraldia egin dute gaur hedabideen aurrean, Donostian, UEMAk bi urtean behin egiten duen behaketaren datuak aurkezteko. UEMAko kide diren 86 herrietako osasun zerbitzu publikoak aztertu dituzte, eta lehen aldiz familia medikuak familia medikuak eta pediatrak ez ezik, erizainak, harrerako langileak eta larrialdietakoak ere hartu dira kontuan. Guztira, 616 langiletik 133 langilek (%21,60) ez du hizkuntza eskakizunik. Nafarroaren kasuan, %68ra igotzen da hizkuntza eskakizunik gabeko langileen ehunekoa. Orain arteko datuekin alderatuz gero, aurrerapausoak izan dira hainbat udalerritako anbulatorietan. Eskubide urraketa betiko iraunkortu ez dadin, proposamen zehatza ere egin du UEMAk: “Unibertsitatean eragitea, eta oztopoak baino gehiago, fakultatetik eta osasun erakundeetatik ikasleei baliabideak eskaintzea euskaraz ikasteko eta euskaraz lan egiteko”.
[UEMAko lehendakari Josu Labaka eta Etxarri-Aranazko alkate Eneka Maiz aritu dira solasean UEMAren izenean, eta ondoan izan dituzte gainerako hainbat zuzendaritza batzordekide, zenbait alkate eta zinegotzirekin batera. Zehazki, agerraldian izan dira Azpeitia, Bera, Berastegi, Etxarri-Aranatz, Oñati eta Usurbilgo alkateak edo zinegotziak].
Josu Labakak datu esanguratsuak eman ditu: “UEMAko kide diren herrietan, guztira, osasun zerbitzu publikoetan 133 langile daude hizkuntza eskakizunik gabe. Mankomunitateko 87 udalerrietatik ia guztiei eragiten die egoera horrek, zerbitzu orokorretan ez bada, larrialdietan. Osakidetzan, 76k ez dute dagokien maila. Osasunbideari begira, euskara merezimendu gisa dago ia lanpostu guztietan, eta UEMAko udalerrietan 57 langile daude inongo ziurtagiririk gabe (%68). Datu orokorrak argiak dira: guztira, 616 pediatra, erizain, familia eta larrialdi mediku daude UEMAko herrietako osasun zerbitzuetan, eta horietatik 133k ez dute hizkuntza eskakizunik. Bostetik batek, alegia″.
UEMAko lehendakariak gogoratu duen moduan, UEMAren lurgunea biztanleen %70 baino gehiago euskalduna duten Gipuzkoako 44 udalerrik, Bizkaiko 28k, Arabako batek eta Nafarroako 13k osatzen dute. Guztira 240.000 biztanle inguruko lurgunea da. Euskararen arnasguneak dira herri hauek, herririk euskaldunenak direlako eta euskaraz modu naturalean aritzen direlako bertako herritarrak. “Udalerririk euskaldunenak izan arren, ordea, herritarrek oraindik ere zailtasunak dituzte askotan osasun zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko. Urte askoan eman dugu horren berri, eta bi urtetik behin datu zehatzak ere bildu izan ditugu. Ahaleginak ahalegin, ordea, bere horretan irauten du arazoak. Hori dela-eta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zein Nafarroako osasun etxeetako profesionalen hizkuntza-gaitasunen azterketa egin du berriro ere UEMAk. Aurten, gainera, pauso berriak eman ditugu. Izan ere, orain arte pediatren eta familia medikuen datuak aztertu ditugu, baina aurten horiez gain erizainak, harrerako langileak eta larrialdietakoak ere hartu ditugu kontuan“.
Etxarri-Aranazko alkate eta UEMAko zuzendaritza batzordekide Eneka Maizek, azken urteotan eman diren aurrerapausoak nabarmendu, datu zehatzak eman, eta Nafarroako egoeran jarri du arreta: “Halako azken azterketa 2016 egin genuen, eta zentro batzuetan egoerak hobera egin badu ere, besteetan okerrera egin du edo bere horretan irauten du. Joera orokorra onerakoa bada ere, oraindik lan asko dago egiteko osasungintzaren alorrean. Mankomunitateko hainbat anbulatoriotan urratsak egin dituzte, eta hizkuntza eskakizuna dute langile guztiek; hori da arnasgune guztietarako nahi genukeen egoera. Azken urteetan zerbitzua euskaraz eskaintzeko pausoak eman dituzte hainbat osasun etxeetan. Zarautzen, Azpeitian, Markinan eta Bermeon, esaterako. Beste zenbait udalerritan, ordea, egoerak okerrera egin du. Herri horietan, areagotu egin da hizkuntza eskakizuna egiaztatu gabe duten sendagileen kopurua”.
Etxarri-Aranazko alkatearen hitzetan, “udalerri batzuetan, bereziki larria da egoera. Izan ere, mediku edo pediatra guztiak dira euskaraz egiten ez dutenak. Horrek esan nahi du herri horietako bizilagunak behartuta daudela gaztelaniaz hitz egitera medikuarekin. Deban, Aramaion, Zestoan, Getarian, Aizarnazabalen, Usurbilen eta Elgetan pediatra bakarra dute, eta ez du hizkuntza eskakizuna egiaztatuta. Beraz, herri horietako haurrek zerbitzua gazteleraz jasotzea beste aukerarik ez dute. Goizuetako, Leitzako eta Aresoko umeek ere pediatra bat konpartitzen dute, eta ez da euskalduna”.
Nafarroako udalerri euskaldunen egoerari “bereziki erreparatu beharraz” era hitz egin du Eneka Maizek, datuak eta zenbakiak hainbat adibide zehatzekin azalduz: “Basaburuan mediku eta erizain erdaldunak dituzte. Euskaldunak zeuden, baina horiek erretiroa hartzean erdaldunak heldu dira. Berako kasua, benetan etsigarria da: bi mediku erdaldun dituzte. Pediatra ere erdalduna da. Eta baita harrerako langilea ere. Herriz herri, berriz, guardien eta txanden arabera, arazoak herri askotan dituzte”. Iaz Nafarroako Gobernuak 100 lanpostu berri inguru lehiaketa publikora atera zituela ere gogoratu du Maizek, “baina haietatik hamabi soilik zirela hizkuntza eskakizuna zutenak”.
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak emandako datuen arabera, 144 kexa jaso ziren Nafarroan 2017an zehar. Kexa horietatik 75 (%52,1) osasun arloari dagozkionak dira. Eneka Maizen hitzetan, gainera, “egoeraren kaskarra alde batera utzita, egoera onena izan daitekeen lekuetan oporraldietako ordezkapenek ere kolokan jartzen dute zerbitzu elebiduna. Ziurgabetasuna, beraz, etengabea da”.
“Dagoen eskariari aurre egiteko, hezkuntzan eragin behar da, eta euskal adarrean plaza gehiago gorde behar dira”
Egoeraren nondik norakoa zehazki azaldu eta hainbat datu eman ondoren, Josu Labakak ondorioak aurkeztuz eta proposamen zehatz bat mahai-gaineratuz amaitu du agerraldia:
“Urteak joan eta urteak etorri jarraitzen dugu esaten ezinbestekoa dela osasungintzako zerbitzua euskaraz bermatzea. Datuek ikusarazten dutenez, UEMAko udalerrietako osasun etxe publiko askotan ez da errespetatzen herritarrek euskaraz aritzeko duten eskubidea. Hobekuntzak izan dira. Pediatren eta familia medikuen datuak alderatuta, egoerak hobera egin duela ikusten da, hartu diren neurrien ondorioz. Baina udalerri batzuetan egoera larria da oraindik. Hori dela-eta, beste behin, lankidetzan jarraitzeko borondatea agertzearekin batera, neurri zehatzak hartzeko eskatzen diogu Osakidetzari eta Osasunbideari, egoera hobetzeko urratsak egin ditzaten.
Gure helburua da herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatzea, bai osasungintzako arloan, baita administrazio publikoko nahiz bizitzako gainontzeko esparruetan ere. Askotan esan dugun moduan, zerbitzuaren kalitatea eskasa izango da beti, herritarrak nahi duen hizkuntza ofiziala hautatzeko bermerik ez badu. UEMAko udalerriek baldintza bereziak dituzte, gainera, herritarren %70k baino gehiagok dakielako euskaraz. Horregatik sinisten dugu bide-urratzaileak izan behar dugula udalerri hauek euskararen normalizazioan, eta beharrezkoa dela gure herrietan neurri aurrerakoiak hartzea.
Osasungintza, jakina, ez da salbuespena. UEMAk eta UEMAko udalek ahalegin handia egin dugu herri euskaldunetako udalek euskaraz funtziona dezaten. Euskararen arnasguneetan beren zerbitzuak eskaintzen dituzten gainerako administrazio publikoei ere ahalegin berbera eskatzen diegu. Ez da borondate kontua, gainera. Betebeharra baizik. Administrazio publikoak legez dauka zerbitzuak euskaraz eskaintzeko betebeharra.
Horregatik, zehazki, gaur, honakoa nabarmendu eta eskatu nahi dugu publikoki: hezkuntza arloari garrantzia ematea, eta osasungintza publikoa euskalduntzeko neurri ausartak hartzea. Izan ere, unibertsitatean medikuntzako eta erizaintzako plaza kopuru bat dago. Datorren ikasturtetik aurrera, euskaldunentzat 140 plaza gordeko ditu EHUk. Baina ez da medikuntza eta erizaintzako plazen erdia ere. Ez da nahikoa. Dagoen eskariari aurre egiteko, euskal adarrean plaza gehiago gorde behar dira.
Hau guztia, gainera, sorgin gurpil bat da azken batean. Osasun zerbitzuetan bertan lana egiteko euskara eskatzen ez den bitartean, euskal ikasle askok gazteleraz egiten dituzte oraindik ikasketak, erraztasun gehiago ematen zaizkielako. Euskarazko adarrean, gainera, arazo handiak dituzte oraindik euskaraz ikasteko, ikasleek askotan salatu duten bezala. Azterketak egiterakoan ere, gaztelania hautatzeko iradokitzen diete osasun erakundeetatik. Beraz, eskubide urraketa iraunkortu ez dadin, ezinbestean, hezkuntza sailetik hartutako erabakiekin eragin behar da”.
GAI HONI BURUZKO INFORMAZIO OSAGARRIA:
· Hizkuntza eskubideak udalerri euskaldunetako osasun zerbitzu publikoetan. 2018. Datuak eta aurkezpena (txostena, PDFan).
· Osasungintza euskalduntzeko ausardia eskatu eta elkarlana eskaini du UEMAk (Hamaika Telebista, 2018-10-25).
· Bost osasun langiletik batek ez daki euskaraz Uemako eremuan (Berria, 2018-10-26. PDFan, hemen).
· Osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko eragozpenak udalerri euskaldunetan (El Diario Vasco, 2018-10-25).
· UEMA propone actuar en la universidad para trabajar en la salud en euskera (Gara, 2018-10-25).
· Urola Kostako osasun langileen %15,25ek ez dute dagokien hizkuntz eskakizunik (Urola Kostako Hitza, 2018-11-07).
· Zailtasunak daude oraindik, osasungintza zerbitzua euskaraz jasotzeko (Tolosaldeko Ataria, 2018-11-07).