Hasiera » arnasguneak » Arnasguneen prebentziotik garapenera

Arnasguneen prebentziotik garapenera

UEMAk, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, UEUk eta Azpeitiko Udalak antolatutako jardunaldi garrantzitsua izango da urriaren 10ean, Azpeitian: Udalerri euskaldunak: prebentziotik garapenera.

Udalerri euskaldunen garapen sozioekonomikoari, soziokulturalari eta udalerrien arteko saretzeari buruz ariko gara, garapena udalerri euskaldunei eta arnasguneei bizirik eusteko eta zabaltzeko giltzarria delakoan. Udalerri euskaldunak aipatzean, ezinbestekoa dugu begirada euskaratik askoz harago bideratzea, fokua aldatzea, eta zeharlerrotasunez udalerri euskaldunen garapena bermatzeko ildoak aztertzea. Horren guztiaren inguruko gogoeta interesgarriak mahai-gaineratuko dituzte gai hauetan adituak diren hainbat lagunek.

Izan ere, azken urteotako hausnarketek eta ikerketek argi erakutsi dute euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoienak ere ez direla nahikoa euskara zerbitzuetatik soilik bideratuz gero. Zehazki, hizkuntza politikan egundoko eragina dutela beste hainbat alorretan eta sailetan hartutako erabakiek: hirigintza, turismoa, lurralde antolaketa, eta abar. Horregatik, udalerri euskaldunen ikuspegitik, garapenak zer-nolako bidea egin behar duen, eta aurrera begira zer-nolako erronkak ditugun aztertuko dugu jardunaldi honetan, zeharlerrotasuna ezinbestekoa dela nabarmenduz, euskara sailen eta zerbitzuen ahalegina benetan emankorra izan dadin.

Hedabideen aurrean irailaren 26an aurkeztuko dugu ekimena, eta hurrengo egunotan zabalduko dugu gaiaren inguruko informazio zehatzagoa, baina udalerri euskaldunetako alkate, zinegotzi, teknikari eta eragile guztiak berariaz gonbidatu nahi ditugu jardunaldian parte hartzera, aurrera begirako lan-ildoak eta estrategiak zehazteko izango duen garrantziagatik.

Izena emateko epea gaur zabaldu da, irailaren 15ean. Hemen duzue izena emateko esteka, UEUren webgunean, informazio zehatzagoarekin eta egitarauarekin: https://labur.eus/garapenera

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Lurraldea eta Hizkuntza saioa, urriaren 10ean (Berria, 2018-09-14).
· Lurraldea eta hizkuntza. Arnasguneen prebentziotik garapenera (UEU).
· Azpeitian egingo dituzte UEMAren Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiak (Uztarria, 2018-09-17).
· Azpeitian egingo dituzte UEMAren Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiak (Urola Kostako Hitza, 2018-09-17).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.