Hasiera » arnasguneak » Uda heltzearekin, UEMAk areagotu egingo du aurten ostalariei eta merkatariei eskaintzen dien zerbitzua

Uda heltzearekin, UEMAk areagotu egingo du aurten ostalariei eta merkatariei eskaintzen dien zerbitzua

· Tabernak, dendak eta jatetxeak herriaren erakusleihoak direnez, hizkuntza paisaia eta zerbitzuak euskaraz izateko laguntza eskainiko zaie aurten ere, udalekin elkarlanean.
· Merkataritzan, ostalaritzan eta oro har zerbitzu sektorean euskara naturaltasunez erabiltzeko baliabide ugari izango dituzte eskura, doan. Besteak beste, kartelak, faktura takoak eta sektorekako hiztegiak.

UEMAk, bertako kide diren udalekin elkarlanean, urteak daramatza merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzu sektorean euskara naturaltasunez erabiltzeko kanpainak egiten eta baliabideak eskaintzen. Aurten, ordea, areagotu egingo du eskaintza eta zerbitzua. Azken hilabeteotan, hainbat herritarako kartel ugari sortu ditu UEMAk, herrietako ohiko azoketan, tabernetan, fruta-dendetan, arrandegietan, harategietan eta merkataritzan erabili ahal izateko. Baliabide horiek guztira, lehendik eskaintzen dituen euskarazko faktura-takoekin eta sektorekako hiztegiekin batera, udalen, ostalarien eta merkatarien esku utzi ditu orain UEMAk, behar dituenak erabil ditzan.

Izan ere, uda heltzearekin batera, kaleko bizitza areagotu egiten da, eta bisitariak ere gehitu egiten dira herri askotan. Tabernak eta jatetxeak, herriaren erakusleiho bihurtzen dira, eta udalerri euskaldunetan hizkuntza paisaia zaintzea giltzarria da euskaraz bizi garela erakusteko. Beraz, euskara ere menuan zein gainerako eskaintzetan egon dadin, UEMAk eta udalek baliabideak eta informazioa jartzen dituzte merkatarien eta ostalarien esku, behar dituzten erraztasun guztiak izan ditzaten euskara naturaltasunez erabiltzeko.

Kanpainaren berri emateko, UEMAko kide diren udalerri gehienetako establezimenduek gutunak jasoko dituzte hurrengo egunotan, eskura dituzten baliabideak ezagutu ditzaten. Gutun berean, euskara balio erantsia dela eta euskaraz aritzea negozioarentzat errentagarriagoa dela ere nabarmentzen zaie, hainbat arrazoirekin.

· Zerbitzua bezeroaren hizkuntzan eskaintzea kalitatezko zerbitzua ematea da.
· Gure herriaren gehiengoa euskalduna da, %70etik gora; gazteak %100; eta, ez ahaztu, ulertzen duten euskaldunak ere asko dira.
· Gure herriko berezko hizkuntza euskara da, eta gure irudiaren parte.
· Jendeak eskertu egingo dizu bertako hizkuntzan aritzea eta bertako hizkuntza erakustea prezioetan, karteletan eta abar.
· Gizartean gero eta hadatuagoa da euskararen erabileraren aldeko jarrera.
· Begi bistakoa da, bestalde, gure herrian ugaritzen ari dela herrira etortzen den bisitari kopurua. Euskaldunak dira bisitari horietatik asko; eta, gainerako bisitari gehienek ere euskararen presentzia estimatzen dute.

Horregatik, “zure taberna edo jatetxea herriaren erakusleiho den aldetik, gure kaleetako hizkuntza paisaia eta zerbitzuak euskaraz izateko bidelagun nahi zaitugu” esaten zaie merkatariei eta ostalariei, “euskara delako gure marka”.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Zerbitzua euskaraz: merkatariei eta ostalariei helarazitako diptikoa, PDFan.
· Gutuna: merkatariei eta ostalariei kanpainaren berri emanez bidalitako gutuna, PDFan.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.